Barkamena eskatu du, baina ardura onartu ez

Lizarrako El Puy ikastetxean gertatutako sexu abusuen gaineko ikerketa egin du Iruñeko Artzapezpikutzak. «Minduta» agertu da Perez gotzaina, salatutako delituak «lehenago» ez ikertzeagatik

IñIGO URIZ / @FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2021eko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Urratsa bainoago, urrats erdia. Lizarrako (Nafarroa) El Puy ikastetxe erlijiosoan 1960ko eta 1980ko hamarkaden artean gertatutako sexu abusuen gaineko txostena aurkeztu zuen Iruñeko Artzapezpikutzak atzo, eta barkamena eskatu zuen Francisco Perez gotzainak, Nafarroako Elizaren izenean, «abusuak lehenago ez ikertzeagatik». Ikerketatik kanpo gelditu dira, hala ere, Nafarroako beste hainbat ikastetxetan salatutako dozenaka kasu. Horien gainean «eskuduntzarik ez» duela argudiatu du Elizako buruak.

«Jakin badakit berandu gabiltzala, baina gure asmoa da iraganean baino hobeki jardutea; horregatik, barkamena eskatu nahi dut, berandu ibiltze horrek eragin izan dezakeen sufrimenduagatik», esan zuen gotzainak. Gogora ekarri zituen, halaber, Frantzisko aita santuak 2019an esandakoak: «Erakundeen izen onari pisu gehiegi emateak porrot pertsonal eta historikora garamatza». Horregatik, biktimen sufrimendua «bere» egiten duela esan zuen: «Barkamena eskatzen diet, ordezkatzen dudan erakundearen izenean, El Puy eskolako abusuak salatu zituztenei, abusu fisiko edo sexualen zantzuak atzeman baziren horiek bere garaian ikertu beharra zegoelako». Gertatutakoagatik, «bihotza negar malkotan» duela gaineratu zuen.

Elizaren zorra, auzitan

Hala ere, Elizak, Lizarrako biktimekin ez ezik, Nafarroa osoarekin ere zor etikoa ote duen galdetuta, uzkur azaldu zen Perez, kazetarien aurrean: «Ez dut galdera ulertzen». «Ea Elizak barkamena eskatu behar dion Nafarroako gizarteari, abusu salaketei entzungor egiteagatik», azaldu zion kazetariak, bigarrenez. Perezen erantzuna: «Bueno, aurrera begiratu nahi dugu». Gotzaina estualdi batean zegoela ikusita, hitza hartu zuen Maite Quintanak, ikerketa batzordeko buruak. Haren esanetan, abusuak ez baziren gertatu Artzapezpikutzaren menpeko eskola batean, ezin dituzte ikertu: «Gotzain batek ez du ordena erlijioso baten gaineko eskuduntzarik. Jesuitak, Maristak... horien guztien gainetik Erroma dago. Prozedura halakoa da, eta ordena horiek beren ikerketa propioa egin beharko dute».

Ikerketa zabalagoa ez izatearen erantzukizuna ere gainetik kendu zuen Quintanak, biktima askok «salaketarik jarri nahi ez dutela» argudiatuta. Hala ere, gaineratu zuen «urrats gehiago» egin nahi dituztela: «Prebentzioan lan egin nahi dugu: prozedurak, ebaluazioak, auditoriak...».

El Puy ikastetxeari buruzko txostena ontzeko prozesuari dagokionez, Alfredo Irujo ikerketa batzordeko kideak esan zuen salaketa jarri zutenekin batzartu direla, eta baita lekuko izandako ikasle ohiekin ere. Salaketek «sinesgarritasuna» dutela aitortu arren, txostenean nabarmendu dute ezin dela erruduntasunik ezarri, «zigor prozesutik harago», eta ezin dela frogatu sexu abusuak ezkutatzeko nahia izan zenik: «Agiririk ez dagoenez, ezin da ondorioztatu salatutako gertakariak ezkutatu zirenik, baina dokumenturik aurkitu ez izana esanguratsua da berez; pentsa daiteke norbaitek hori guztia isilarazteko asmoa zuela».

Auziaz hitz egin zuen atzo Bilboko gotzain Joseba Segurak ere, Radio Euskadi irratian. Haren esanetan, Elizak «zorra» du gizartearekin, sexu abusuen salaketen aurrean «defentsiban» erreakzionatu izan duelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.