Roberto Uriarte. Ahal Dugu-ren EAEko idazkari nagusia

«Badugu ohiko alderdi bihurtzeko arriskua»

Eredu politikoa eta ekonomikoa goitik behera aldatu nahi ditu Uriartek, eta, horretarako, alderdien zein herritarren kultura politikoa aldatu beharra dagoela dio; bide horretan lorpenak ikusten hasia da.
BERRIA

Aitziber Laskibar Lizarribar -

2015eko otsailak 24
Egoerak gaindituta, lanez gainezka eta hedabideengatik itota aurkitu dugu Roberto Uriarte Torrealdai (Bermeo, 1960), EAEko Ahal Dugu-ren idazkari nagusi hautatu eta egun gutxira. Elkarrizketetarako denborarik eta indarrik ez duela erantzun dio BERRIAri EHUko Konstituzio Zuzenbideko irakasleak, euskara jatorrean. Baina ezezkorik esan nahi ez eta, elkarrizketa telefonoz egiteko aukera eman dio.

Zein leku du Ahal Dugu-k Euskal Herrian?

Euskal Herriko herritarrek nahi dutena, eta hori ez dago gure esku. Podemosen proiektua ez da alderdi politiko tradizionalena; taula politiko osoa hankaz gora jartzea da haren asmoa. Planteamendua ez da tartaren zati bat izatea alderdi baten eta bestearen artean; taularen erdigunera jo nahi du. Hori da Podemosen proiektua. Euskal Herriaren kasuan, lau alderdi nagusi daude, eta, beraz, zailagoa da estrategia hori bideratzea, baina, tira, inkesten arabera, badago non jokatu.

Zer alda dezake, praktikan?

Gauza asko. Lehenik eta behin, bai politika eta bai ekonomia aldatzeko, jendearen kultura politikoa aldatu behar da lehenengo. Eta, horretan, uste dut zeregin handia duela. Are, dagoeneko lortu du, neurri batean: etsipenaren kultura zabaldua zegoen, beste eredu ekonomiko eta politikorik posible ez den ustea; eta dagoeneko lortu du interesa areagotu eta gauzak auzitan jartzea. Hortik aurrera, hor daude gure proposamenak, gure programa ekonomikoa eta beste. Beste leku batzuetan aurrera egiteko egin diren saio aurrerakoienetatik ideia asko hartu ditugu, eta badaude erregenerazio demokratikorako proposamenak ere.

Gauzak bestela egin daitezkeen itxaropena sortu du Podemosek, baina sarri gertatzen da politikaren zurrunbiloan sartzeak jan egiten duela hasierako ilusio eta asmoa. Horren beldur zara?

Bai. Beti, erakunde guztietan, bizitzan eta pertsonen arteko harremanetan, gauzek badute berezitasun bat sortzen direnean. Gero errutina bihurtzen dira, eta errutinek, askotan, proiektu guztiak jaten dituzte. Urte batzuk barru baliteke gu ere errutina berberak jatea eta, azken batean, Podemos ere partitokraziaren zati bat bihurtzea. Guk ere badugu ohiko alderdi bihurtzeko arriskua. Baina, momentu honetan, borondate izugarria dugu, eta herritarrek erregenerazio politikorako gogo handia dute.

Zein asmo duzue hauteskundeei begira?

Estatu mailako hauteskundeetan parte hartuko dugula erabakita dago, eta udal bozetara hauteskunde plataformen bidez joango garela ere bai. Foru hauteskundeetan zer egingo dugun erabakitzeko dago. Euskadiko Kontseilu Hiritarrari dagokio erabakia, baina hautatu berri gaituzte, eta horretarako batu beharra dugu.

«Kastarekin» elkarlanean aritzea baztertu duzue, baina ez EH Bildurekin jardutea. Mahai gainean duzue bozen ondoren elkarrekin aritzeko aukera?

Gure lehentasunak agenda politikoan kokatzea da gure asmoa, eta, horretarako, gure programarekin gobernatzen saiatuko gara. Itun politikoei dagokienez, erabakiak batzarrean hartu behar dira, baina ni, pertsonalki, ez naiz oso itunzalea, oraingoz. Oraindik jaio berriak gara, ez dugu egitura handirik, eta sartuko bagina berehala gobernu itunak egitera, jan egingo gintuzkete. Gure asmoa da geuk irabazita agintzea, eta irabazten ez badugu oposizioan egotea, ez badago arrazoi berezirik irizpide hori aldatzeko.

Zertan nabarituko litzateke aldaketa zuek gobernatutako instituzioetan?

Uste dut nabarituko litzatekeela, lehenik eta behin, gardentasunean. Gu saiatuko ginateke herritarrei ateak zabaltzen eta alderdi politikoen esku luzeak kentzen gizarte zibiletik. Alderdiek manipulatu egiten dute dena, eta euren kideak sartzen dituzte leku guztietan. Askok ez dute fede txarrez egiten, baina hartara ohituta daude. Kultura hori aldatu nahi dugu.

Zuen txostenak zazpi herrialdez osatutako Euskal Herria aitortzen du, baina barne egituran EAE eta Nafarroa bereizi dituzue. Zein harreman mota aldarrikatzen duzue Nafarroarekin? Eta Iparraldearekin?

Gure txostenean esaten duguna da ez dela posible dantzan egitea zure bikotekideak ez badu dantzan egin nahi. Guk argi adierazten dugu prest gaudela nafarrekin nahi duten harremana izateko, baina euren esku dagoela. Eta badirudi egun ez daudela prest. Iparraldearekin berdin. Podemosen ez gara nazionalistak, internazionalistak baizik, eta gure asmoa da zubi bezala egitea; banderak eta horiek sortzen dituzten mugak kentzen laguntzea. Kantabriakoekin edo Errioxakoekin harremanak mantendu nahi baditugu, askoz arrazoi gehiagorekin nahi ditugu sakondu bai Nafarroarekin, bai Iparraldeko euskaldunekin.

Erabakitzeko eskubidearen alde zaudetela diozue, printzipio demokratikoa delako. Alde horretatik, bat egiten duzue Gure Esku Dago dinamikarekin?

Ez dugu horri buruzko erabaki zehatzik. Dena den, Gure Esku Dago ez da alderdi politikoen mugimendua, herritarren mugimendua baizik. Hor parte hartu nahi dutenen erabakia pribatua da, eta parte hartu nahi duen edonork aukera du horretarako; gure aldetik ez dago arazorik. Beste edozein herritar mugimenduri buruz gauza bera esango nuke: herritar bakoitzak erabaki behar du zertan inplikatzen den.

Podemos barruan, zenbaterainoko autonomia izango du Ahal Dugu-k erabakiak hartzeko?

Podemosek askatasun osoa du erabakiak hartzeko edozein esparrutan, baina badu menpekotasun bat bere militanteekiko. Herri mailan, bertako militanteek hartuko dituzte erabakiak; ezin ditu kontseiluak hartu bertakoak aintzat hartu gabe. Erkidego mailan, berdin. Dena den, gu estatu mailako mugimendua garenez, beti saiatuko gara leialtasunez jokatzen eta ez hartzen beste herrien kontra egin dezaketen erabakiak. Zeure burua familia bateko parte sentitzen duzunean, saiatzen zara ez egiten gauzak besteen kontra edo besteengandik aldentzeko, baizik eta zubiak egiteko. Hortaz, leialtasunez jokatuko dugu, baina menpekotasunik gabe.

Zeintzuk dira zure beldur nagusiak?

Beldur nagusia da gu jaio berriak garela eta herritarrek itxaropen handiegia dutela gugan. Pelikula bat oso-oso ona dela esaten dizutenean, dezepzio sentsazioa sortzen da gero, askotan. Eta pena handia emango lidake itxaropen handia sortu eta gero ez izatea gai horri aurre egiteko.

Nola irudikatzen duzu Euskal Herria hemendik hamar urtera?

Guk imajinatzen dugu Bernardo Atxagaren euskal hiriaren ildotik: Hau ez litzatekeela izango nazio heroiko bat, ez ginatekeela egun guztia lotuta egongo gure historiara eta gure handikerietara; geure burua hiri txiki edo ertain bat bezala ikusiko genukeela, non jendea lasai bizi den, non elkarrekin ondo bizi gaitezkeen berton jaioak eta etorkinak, nazionalistak direnak, ez direnak eta internazionalistak, euskaldunak eta erdaldunak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna