Tsiprasek esan du Greziako suteak kalte eginiko guztiei lagunduko dietela

Gutxienez 74 hildako eta 180tik gora zauritu eragin ditu herenegun gauean Atenas inguruan piztutako sute batek. Suhiltzaileak oraindik ezin izan dira sartu kiskalitako dozenaka eraikinetara

Bi pertsona Matin (Grezia), suteak auto batean eta eraikin batean eragindako kalteei erreparatzen.
Bi pertsona Matin (Grezia), suteak auto batean eta eraikin batean eragindako kalteei erreparatzen. YANNIS KOLESIDIS / EFE

Igor Susaeta -

2018ko uztailak 25

Tragediaren lekura, Mati kostaldeko herri turistikora (Grezia) heldu zen, atzo goizean, Kostas Kukumakas BBCko kazetaria, eta idatzi zuen «infernu beltza» iruditzen zitzaiola begien aurrean zuena. Atenastik ipar-mendebaldera, 40 bat kilometrora, herenegun gauean piztutako sutearen ondorioak zituen parean: mila bat etxe suntsituta, berrehundik gora auto partzialki edo guztiz kiskalita, eta onik ateratako herritarrak tragediaren argazkiari minez begira. Suhiltzaileek emandako datuen arabera, gutxienez 74 pertsona hil dira, eta 180tik gora zauritu —horietako dozena bat pasa oso larri daude— sutearen ondorioz. Hildako kopurua handiagoa izan daiteke, suhiltzaileek oraindik ezin izan baitute sartu kiskalitako hainbat eraikinetara.

Grezian sarri pizten dira suteak, eta azkena da hamar urteotan herrialdean hildako gehien eragin dituena. Areago: azken hamarkadetan Europan gertatutako suntsitzaileenetakoa izan da.

Herenegun eta atzo artean 47 sute zenbatu zituzten Grezian, eta, atzo gauean, horietako batzuk itzaltzeko lanetan jarraitzen zuten suhiltzaileek. Alexis Tsipras lehen ministroak nabarmendu zuen konpromisoa hartu duela suteak kaltetutako guztiei laguntzeko. «Inor ez da laguntzarik gabe geratuko; inor ez da erantzunik gabe geratuko». Inguruko hainbat udalek lokalak eskaini dituzte etxerik gabe geratu direnak aterpetzeko; eta, gainera, biktimentzako janari eta arropa bilketak antolatu dituzte.

bestalde, egoerari aurre egin ahal izateko, laguntza eskaera bat egin zien Greziak EB Europako Batasuneko beste estatuei, eta ia denek laguntza eskaini zioten; bai erreskate lanetarako, baita suteak itzaltzeko ere.

Lehendabiziko suteak Atenastik hego-ekialdera piztu ziren herenegun arratsaldean, eta, horien ondorioz, herritarrak ebakuatu behar izan zituzten. Ez zen, ordea, inor hil. Mati eta Rafina herrietan piztutakoa txikiagoa zen berez. Baina haize bolada indartsuek suaren indarra bizitu zuten, eta, horrenbestez, tragedia bat eragin.

Iturri ofizialen arabera, gehienak etxean edo autoan hil ziren. Tragediaren lekukoek hango hedabideei kontatu dietenez, balkoietan izarak zintzilikatu ondoren salbatu ahal izan ziren eraikinetan harrapatuta geratutako batzuk.

Bi herriak, Rafina eta Mati, kostaldean daude. Beraz, ontzietan itsasora ihes eginda salbatu ahal izan ziren asko. Kostazainek adierazi dute 700 bat pertsona erreskatatu ahal izan zituztela modu horretan eta helikopteroak erabiliz. Dena dela, izan ziren itsasora jauzi egin eta bertan ito zirenak ere.

Lekukoek diotenez, suteak eragindako irudirik gordinena atzo goizean ikusi zuten. Izan ere, kiskalitako 26 bat gorpu topatu zituzten bi etxebizitza blokeren arteko eremu batean, Matin. Horietako gehienak elkarri besarkatuta zeuden. Toki hori itsasotik 30 bat metrora zegoen, baina ezin izan zieten sugarrei ihes egin.

Nahita piztutakoak

Tsiprasek hiru dolu egunera deitu du, eta fiskaltzak sutearen jatorria ikertzeari ekin dio. Nikos Toskas Ordena Publikoaren ministroarentzat, litekeena da suteak nahita piztutakoak izatea. AFP berri agentziak dioenez, hainbat funtzionariok iradoki dute piromano batzuek piztu zituztela, abandonatutako etxeak arpilatzeko.

Argazki galeria

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Igor Susaeta

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna