«Hauteskunde iruzurra» egin nahi dutela ohartarazi du Ortuzarrek

Salatu duenez, PPk eta Ciudadanosek «Espainiako Kongresurik bota» nahi dute EAJ, legea aldatuz. Estatus berriaz esan du ez diotela inori «aterik» itxi nahi, baina «borondatea eta adorea» eskatu ditu
Iñigo Urkullu eta Andoni Ortuzar, EAJren beste hainbat burukide eta hautetsirekin, Sabin Aranaren irudiaren aurrean lore eskaintza egiten, atzo, Bilbon.
Iñigo Urkullu eta Andoni Ortuzar, EAJren beste hainbat burukide eta hautetsirekin, Sabin Aranaren irudiaren aurrean lore eskaintza egiten, atzo, Bilbon. BERRIA

Gotzon Hermosilla -

2018ko abuztuak 1
Azken asteetan, Ciudadanos alderdiko presidente Albert Riverak eta Pablo Casado PPkoak hauteskunde legea aldatzea proposatu dute, Euskal Herriko eta Kataluniako alderdi abertzaleen ordezkaritza murrizteko xedez. EAJri ez zaio proposamena batere gustatu, eta EAJren EBBko presidente Andoni Ortuzarrek alderdiaren urteurren ekitaldia baliatu du Ciudadanosek eta PPk egin nahi duten «hauteskunde iruzurraz» ohartarazteko.

«Kontuz ibiltzeko» eta «gauza horiekin ez jolasteko» aholkatu die Ortuzarrek bi alderdiei. «Legea horren modu bihurrian aldatzen badute, Euskadin hainbat egongo dira pentsatuko dutenak Kongresuan ez gaituztela nahi eta ea zer egiten dugun estatu honetan», esan du.

Ortuzarren arabera, «zazpiak bat» da EAJren «esparru naturala», baina «euskal herritarren arazoak jorratuko diren leku guztietan» egon nahi dute, «akordioetara iristeko borondatearekin, arazoak konpontzeko eta ez gehiago izorratzeko».

Baina, azken hilabeteetan, abagune politikoak gaitasuna eman dio EAJri Espainiako agenda politikoaren hainbat gai garrantzitsutan balantza alde batera edo bestera makurrarazteko, eta zenbait hedabidek adierazi dute «Espainia EAJren eskuetan» dagoela. Ortuzarren ustez, hori da Ciudadanosek eta PPk jasan ezin dezaketena: «Ez da hori gure nahia», esan du, «Euskadi delako gure aberria. Baina Espainia ustez EAJren eskuetan egon bada, hori izan da Espainiako alderdiak ez direlako gauza izan haien aberriaren interesak interes partidisten aurretik jartzeko».

Ortuzarrek salatu du alderdi espainiarrei «deseroso» egiten zaien egoera horren aurrean «joko arauak aldatzea» eta alderdi abertzaleak «ezabatzea» dela erantzun bakarra. Hala ere, Ortuzarren esanetan, EAJk jarraitu egingo du Espainiako erakundeetara joaten «euskal herritarrek hara bidaltzen bagaituzte».

EAJren urteurrena

Sabin Aranak EAJ sortu zuenetik 123 urte bete direnean egin ditu Ortuzarrek adierazpen horiek, urteurrena dela-eta jeltzaleek antolatu ohi duten ekitaldian. Ortuzarrek uste du EAJ «ondo» iritsi dela urteurrenera: azken hilabeteetan «tentsio goreneko aktibitate politikoa» egon da, eta, horren ondorioz, egoera «konplexuak» kudeatu eta erabaki «delikatu eta garrantzitsuak» hartu behar izan dituzte, baina, Ortuzarren ustez, jeltzaleak «onik» atera dira ataka horretatik.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako estatus berriari buruzko eztabaida ere hizpide izan du Ortuzarrek. Esan duenez, «mendira jo izana», EH Bildu «bidelagun bakartzat» hartzea eta «abertzaleentzat baino ez den bidea» aukeratu izana leporatu diete, baina hori, EBBren presidentearen hitzetan, «gezurra» da.

Ortuzarren iritziz, PSE-EEk eta Ahal Dugu-k ez dute «eztabaidan sartu» nahi izan, «Madrilgo beren alderdi nagusien zordun direlako, eta beldur direlako belarrietatik tira egingo ote dieten», esan duenez.

Gauzak horrela zeudela ikusita, EAJk «hasierako jarrerei» eutsi die, eta EH Bildu «batu» egin zaie, Ortuzarren hitzetan. Baina, hala ere, uste du oraindik badagoela «eztabaidatzeko eta adosteko denbora».

«Guk ez diogu inori atea itxiko», esan du. «PSE-EEk eta Ahal Dugu-k malda errazagoa behar badute, esan dezatela zein bide nahiago duten. Eta Bildurekin batera saiatuko ginateke bide berri hori urratzen».

Horretarako, baina, «borondatea eta adorea» behar direla erantsi du Ortuzarrek, eta horixe eskatu die PSE-EEri eta Ahal Dugu-ri: borondate politikoa eta adorea «mahai baten inguruan esertzeko betorik eta apriorismorik gabe». Esan duenez, «estatus berriak Gernikako estatutuak baino babes handiagoa lortzea» da jeltzaleen helburua, eta, horretarako, PSE-EEk eta Ahal Dugu-k «akordioetara iristeko prest» topatuko dute EAJ.

Erantzunak Ortuzarri

PSE-EEk eta Ahal Dugu-k azkar asko erantzun diote Ortuzarri. PSE-EEko idazkari nagusi Idoia Mendiak esan du EAJk badakiela zeintzuk diren sozialisten proposamenak. «Arazoa da ez dituztela aintzat hartu nahi izan», erantsi du.

Mendiaren ustez, bi dira jeltzaleek har ditzaketen bideak: azken 40 urteetako «itun historikoa» desegingo ez duen erreforma egitea edo, aitzitik, EH Bildurekin batera aurrera egitea, «Katalunian bezala amaitzeko arriskuarekin».

Ahal Dugu-ko Andeka Larreak, berriz, galdetu dio Ortuzarri ea elkarrizketarako gonbidapena «benetakoa» den. «Ez dugu onartuko legedia gainditzen duen erreformarik», esan du.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna