Neska adingabe batek salatu du bortxatu egin dutela Donostiako jaietan

Hiru gizonezko atxilotu dituzte salaketari lotuta; horietako bi, adingabeak. Adin nagusiko gizona aske utzi dute. Elkarretaratze bat egin dute erasoa gaitzesteko
Atzo arratsaldean Donostian egin zuten protestaren irudi bat.
Atzo arratsaldean Donostian egin zuten protestaren irudi bat. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Leire Artola Arin -

2018ko abuztuak 18
Neska adingabe batek salatu du bortxatu egin zutela Zurriola hondartza inguruan ostegun gauean, Donostiako Aste Nagusian. Neskak salaketa jarri ondoren, bi mutil adingabe atxilotu zituen Udaltzaingoak, eta deklarazioa hartu zien. Udaleko iturrien arabera, beste mutil gazte bat ere atxiki zuten, baina epailearen aurrera eraman aurretik aske geratu zen. Udaltzaingoa erasoa ikertzen ari da; sumarioa sekretupean dago. Sexu erasoa ez ezik, atxilotuetako bati lapurreta ere egotzi diote, salatzailearen hainbat objektu harrapatu baitizkiote. Ilunabarrean jakin zen bi atxilotuak Adingabeen Fiskaltzaren esku utzi zituztela.

Donostiako Mugimendu Feministak eta Piratek deituta, protesta jendetsu bat egin zuten atzo arratsaldean, eraso hau eta festetan egin dituzten gainerakoak gaitzesteko. Izan ere, hainbat salaketa izan dira. Ostegunean 32 urteko gizonezko bat atxilotu zuten, emakume bati sexu abusuak egitea eta sakelakoa lapurtzea egotzita; 26 urteko beste gizon bat ere atxilotu zuten, lapurreta horrekin lotura duelakoan. Astelehen goizaldean gizon bat atxilotu zuten, emakumeek pixa egiten duten toki batean sei kamera jartzea leporatuta. Igande goizaldean ere andre batek salaketa bat jarri zuen; gizon batek ukituak egin zizkiola azaldu zion Poliziari.

Atzo arratsaldeko protestarekin bat egin zuten instituzio eta alderdi politikoek, eta Zurriolako sexu erasoa «gaitzetsi» zuten. Imanol Lasa Gipuzkoako Diputazioko bozeramaileak, gainera, azaldu zuen gertakarian inplikatutakoak adingabeak izateak agerian uzten dituela gizartean indarkeria matxistak dituen «erro sakonak» eta «horien hedaduraren neurria». EH Bilduk, gertaera gaitzestearekin batera, «elkartasunik beroena» adierazi zion salatzaileari. Aste Nagusia «beltz» doala salatu zuen. Ezker Anitza-IUk indarkeria matxista oro gaitzetsi zuen, eta kritiko aritu zen Eneko Goia alkateak festen inguruan egindako balorazio baikorraren aurka: «Eraso sexistak minimizatzen saiatu da».

Festa giroko erasoen soka luzatu egin zen atzo Larrabetzun ere (Bizkaia). Udalak adierazi du ostegun goizaldean aurpegia estalita zeraman gizonezko bat bortxaz hurbildu zitzaiela hainbat emakume talderi. Atxilotu egin zuten.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna