Defizitaren kontrola bigarren mailan utzi duela onartu du Frantziak

Macron zorrotz ez markatzeko bidea hautatu du oraingoz Europako Batzordeak, iragarri baitu aurrekontuaren desbideraketa ez duela maiatzera arte epaituko

Edouard Phillippe, Emmanuel Macron eta Bruno Le Maire, atzo, bankuen ordezkariekin bilduta. THIBAULT CAMUS / EFE.
Iker Aranburu.
2018ko abenduaren 12a
00:00
Entzun
Erreakzioen eguna izan zen atzo Frantzian. Nola hartu dituzte Jaka Horiek bezperan Emmanuel Macron Errepublikako presidenteak erosteko ahalmena handitzeko iragarritako neurriak? Bozeramailerik gabeko mugimendua izanik, zaila da erantzuna neurtzea, baina hedabideetan hitz egin zuten Jaka Hori gehienekeutsi egin zieten protesta mugimenduari eta larunbat honetan Parisen biltzeko deiari. Espero zen beste erreakzioa Europako Batzordearena zen, herritarren haserrea baretzeak 10.000 milioitik gorako kostua izango duela onartu baitu Gerald Darmanin Aurrekontu ministroak. Kopuru horrek halabeharrez handituko du defizit publikoa, baina hori bigarren mailan utzi du Parisek: «Epe luzera kontu publikoak kontrolatu behar ditugu, baina lehentasuna ez da Bruselarekin eztabaidatzea, frantziarrekin baizik», azaldu zuen François de Rugy Trantsizio Ekologikoaren ministroak.

Oraingoz, Bruselaren aldetik ulermena nagusitzen ari dela iradokitzen dute Margaritis Schinas bozeramailearen hitzek: orain ez, maiatzean aztertuko du neurriek kontuetan izango duten eragina. Iragarpen hori gauzatuz gero, bost hilabetez EBk ez du Macron zorrotz markatuko, eta tartea izan dezake defizitaren desbideraketa zuzentzeko.

2017an, lehen aldiz azken hamar urteetan, Frantziak bete egin zuen defizit publikoa %3tik behera izateko araua. Aurten ere mugen barruan geratzea espero da (%2,6), eta 2019an ere hala gertatuko litzateke (%2,8) urrian Bruselara igorritako aurrekontu proiektua betez gero. Defizit horren 0,9 puntu neurri zehatz bati dagozkio: CICE zerga kreditua behin betiko bihurtzeari. Beste urte batean errepikatuko ez den gastua den aldetik, kalkulu hori gabe egin zuen atzo Darmaninek, Senatuan: defizita %2tik %2,5era igoko da, BPGaren 0,5 puntu baitira azken neurriek eragingo duten 10.000 milioiko kostua—4.000 milioi gutxiago bilduko dituzte erregaien zerga ez igota, 2.000 milioi gutxiago erretiratu gehienei CSGa ez emendatuta, 1.600 milioi gutxiago aparteko orduei zergak kenduta, eta 2.000 milioitik gora jarduera saria hobetuta—.

Darmaninen arazoa da Europako Batzordeak defizit publiko osoa hartuko duela aintzat, eta %3,4ra igoko dela beste neurririk hartu ezean.

Aukera bat Italiarentzat

Parisen defizitari buruz sestran ibiltzea abagune oso desegokian datorkio Bruselari; hain zuzen ere, arrazoi horregatik beragatik ari da Italiakoarekin borrokan. Antonio Conte Italiako gobernuburua Bruselan espero dute gaur; Jean Claude Juncker batzordeko presidenteari azaldu behar dio zer egingo duten EBren zigorrari izkin egiteko. Frantziaren arazoak bere onerako baliatzeko asmoa azaldu du Italiako Gobernuak. «Arauak guztientzat berberak badira, Frantziaren aurka ere zigor prozedura ireki beharko du [Batzordeak]», esan zuen atzo Luigi Di Maio gobernuko lehendakariordeak.

Frantziaren eta Italiaren artean, ordea, badago alde bat: merkatuak. Italiak azken asteetan jarrera bigunago bat erakustearen arrazoietako bat da arrisku sariak estutu egiten duela, bere zor handia finantzatzea garestitzen diolako (288 puntu, atzo). Frantziarena, berriz, hamar puntu baizik ez da igo, 46raino, azken urteotako gatazka gordinenaren erdian dagoen arren.

Gatazka hori Frantziako Asanbleara eramango dute ezkerreko oposizioko alderdiek. Joan den astean iragarritako zentsura mozioa aurkeztu zuten atzo PSk, Frantzia Intsumisoak eta PCFk. Ez du aurrera egiteko aukera handirik, LRMk gehiengo osoa baitu Frantziako Asanblean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.