Mendekua salatu dute Osakidetzako medikuek: «Lista saltatu egin dute»

Oposizioen iruzurra azaleratu zuten bi mediku daude kontratazio zerrendetan buruan, baina salatu dute ez dietela iraupen luzeko kontratu bat eskaini. Orain arteko salaketa berretsi dute epaitegian

Nekane Murga, atzo egindako agerraldian. IREKIA.
Jon Rejado.
Gasteiz
2019ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Osakidetzako lan eskaintzako iruzurra azaleratu zuten medikuek salatu dute neurriak hartzen ari direla beren kontra. Marta Machok, salaketa jarri zuenDebagoieneko ospitaleko anestesistetako batek, azken kasua azaldu dio BERRIAri: «Kontratazio lista saltatu egin dute». Adierazi du bera eta Manoel Martinez —salaketa egin zuen beste anestesistetako bat— daudela Debagoieneko ospitaleko zerrendako lehen bi postuetan. Bada, zerrendan lehenak izan arren, ez diete deitu behin-behineko lanpostu bat eskaintzeko. «Duela bost urte ordezkapen bat egin zuen emakume bati deitu diote, eta deitzen jarraitzen dute, baina ez guri».

Machori atzo bertan jakinarazi zioten oraingo kontratua etengo diotela bihar. Lanean jarraitzeko aukerei buruz galdetu zuenean, ordezkapen labur egiteko aukera aipatu zioten, eta gaineratu zioten sor zitekeela ordezkapen luzeago bat ere. Azken kontratu luze hori da, hain zuzen, zerrenda kontuan hartu gabe eskaintzen ari direna, Machok azaldutakoaren arabera. Bihartik aurrera bete beharko litzateke lanpostua. «Dagokion epea baino lehen ari dira eskaintzen; 31n lanpostu horretan sartzeko aukera izangonuke, eta, hala ez balitz, Manoeli [Martinez] eskaini beharko liokete».

Patxi Nicolau ESK sindikatuko eledunak salatu du kontratua eteteko modua bera Osakidetzako araudiaren aurkakoa dela. Macho lanaldi murrizketa bat ordezkatzen ari zen; gero, murrizketa zuen lankideak gaixoaldia hartu zuen, baina Machoren kontratua berdin mantendu zuten. Lankide horrek lan baimen bat hartuko du orain, eta Machori eten egingo diote kontratua: «Osakidetzako kontratazio araudiaren arabera, ezin da hori egin». Ez da lehen aldia ESK-k halako salaketak egiten dituena; lehen ere ohartarazi izan du Osakidetza medikuen aurka ari dela.

Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak erantzun du ez dela «diskriminaziorik» gertatu. «Osakidetzaren kontratazio prozedura erabili da kasu horretan, eta prozedura hori berbera da langile guztientzat». Are, Murgak gezurtatu egin du loturarik dagoenik epaitegietan martxan dagoen ikerketaren eta Machoren kontratu etetearen artean. Anestesistak epailearen aurrean berretsi zuen herenegun salaketan adierazitako guztia.

Deklarazioak aurrera

Ikerketaren harira, epaileak hainbat deklarazio hartu zituen atzo. Roberto Sanchezek eta Manoel Martinezek, Machorekin batera iruzurra salatu zuten medikuek, aurrez esandakoa berretsi zuten epaitegian. Oposizioetako epaimahai bateko kide batek ere hitz egin zuen, eta, epaitegiko iturrien arabera, irregulartasunak zeudela berretsi zuen. Maria Jesus Mujika Osakidetzako zuzendari nagusi ohia deklaratzekoa zen, baina ez zen ate nagusitik pasatu.

Bestalde, zenbait hedabidek jakinarazi dute beste lekuko bat agertu dela; haien arabera, lekukoak Urologiako azterketan filtrazioak egin ziren frogak ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.