Feminismoaren boza, kalera

Martxoaren 8ko mobilizazioak eta edukiak aurkeztu ditu Euskal Herriko Mugimendu Feministak. Eredu neoliberalak alboratu eta «feminismo antifaxista eta antolatua» eraikitzeko deia egin dute

Euskal Herriko Mugimendu Feministako ordezkariak, atzo, Gazteluko plazan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2020ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Greba deialdirik gabe ere, kaleetan ozen adituko da feminismoaren boza, heldu den martxoaren 8an. Igandea izanik, Euskal Herriko Mugimendu Feministak ez du lanuzterako deialdirik egin, baina argi utzi du emakumeen borrokak eta aldarrikapenek ez dutela etenik izanen: «Aurten Euskal Herrian ez dugunez grebara deitu, batzuek ikusarazi nahi izan dute gure aldetik ezintasun bat edo su-eten bat dagoela. Ez bata eta ez bestea. Kaleak beteko ditugu, eta ozen eta argi esango dugu: jendarte eredu hau bizigaitza dela pertsona gehienontzat, batez ere emakume eta genero disidenteontzat, eta jasanezina planetarentzat». Hori dela eta, Martxoaren 8aren karira antolatutako mobilizazioen berri eman zuten atzo, Iruñeko Gazteluko plazan.

Amaia Santestebanek eta Eva Rodriguez de Luisek hitz egin zuten, Martxoak 8 koordinakundearen izenean. Biek ala biek beharrezkotzat jo zuten borroka feministari eustea, «gaur duela urtebete bezala». Bide horretan, greba feminista bitarteko bat dela gaineratu zuten, «ez helburu bat», beste gizarte eredu bat lortze aldera.

Harro azaldu ziren, hala ere, 2018 eta 2019an lortutakoaz: «Grebaren kontzeptua bera zabaltzeko eta birdefinitzeko balio izan zuten, orokorrean emakumeok egiten dugun soldatarik gabeko lan ikusezinera hedatuz. Guztion artean gogoeta egiteko ere baliatu ditugu lanuzteak, baita indarrak metatu eta estrategia berriak pentsatzeko ere».

M-8ko antolatzaileek urratsak egin nahi dituzte «emakumeen autoantolaketan», sistemak ezarritako ereduetatik aldenduta: «Neoliberalismoak indibidualismo basati eta atomizatua sustatzen duen honetan, komunitate feminista konprometitua eraiki behar dugu, sare sozialek eragiten duten pasibotasuna gaindituz». Hori dela eta, dei egin zuten kalean presioa egitera, «talde, kolektibo eta asanbladetako antolakuntza feministaren bidez».

Euskal Herriko Mugimendu Feministak aldarrikatzen duen feminismoa berdintasun formalaz harago doala azpimarratu zuten, gainera: «Ez dugu nahi neurri gabe kontsumitzeko eta lurraldeak esplotatzeko berdintasunik, ez dugu nahi munduko beste leku batzuetan eta gure inguruan emakume askoren esplotazioa sakontzen duten errezeta neoliberalik». Eredu horren aurka, «tokian tokiko» lana aldarrikatu zuten, «planeta osoko gure ahizpa feministekin konektatuta egoteak ematen digun ikuspegi globalarekin».

Feminismoak eraldatzailea izan behar duela sinetsita, beste aldarri eta borroka batzuekin bat eginen du Euskal Herriko Mugimendu Feministak Martxoaren 8an.

Borroka antifaxista

Atzoko agerraldian, Santestebanek eta Rodriguez de Luisek gogoan izan zituzten, besteak beste, «hondamendi ekologikoa, gerra suntsitzaileak eta lurraldeen desjabetzeak», eta baita «derrigorrezko desplazamenduak, hesi arantzatuekin jasotako migrazio politikak eta eskuin muturrak suspertutako arrazismoa eta xenofobia» ere.

Feminismoak horiei guztiei aurre egin beharraz hitz egin zuten: «Eredu zurrunetan eta errealitatetik urrun itotzen gaituen gorputzen merkantilizazioa eta binarismoa borrokatzen ditu feminismoak; norberaren gorputzerako eskubidea, sexu- eta ugalketa-eskubideak, aniztasuna eta sexu askatasuna defenditzen ditu». Eta, batik bat, «eskuin mutur zaharkitu, misogino eta homofoboari aurre egiten dion feminismo antifaxista» aldarrikatu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.