Guardia Zibilak beste bi lagun atxilotu ditu presoen harrera ekitaldien aurkako operazioan

Guardia Zibilak Kai Saez de Egilaz eta Pipe San Epifanio preso ohiak atzeman ditu, presoei harrerak antolatzea egotzita. Ordu gutxiren buruan askatu dituzte

Atxiloketen aurkako protestak egin zituzten atzo arratsaldean. Irudian, Beasainen (Gipuzkoa), Saez de Egilazen herrian eginiko elkarretaratzea. JON URBE / FOKU.
Iñaki Agirre Perez.
2021eko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Guardia Zibilak Kai Saez de Egilaz eta Pipe San Epifanio preso ohiak atxilotu zituen atzo goizean eginiko operazio batean, presoen harrera ekitaldiak antolatzeagatik «terrorismoaren goratze» eta biktimen umiliazio delituak egotzita, Espainiako Barne Ministerioaren arabera. Hainbat orduz izan zituzten Intxaurrondoko (Donostia) eta La Salveko (Bilbo) kuarteletan atxikita, eguerdi aldera biak aske utzi zituzten arte.

Espainiako Auzitegi Nazionalaren fiskaltzak eta 6. Instrukzio Epaitegiak agindu zituzten atxiloketak, eta 2020ko urtarrilean Antton Lopez Ruiz Kubati, Oihana San Vicente, Haimar Altuna eta Oihana Garmendia Sortuko kideen atxiloketak ekarri zituen sumarioaren parte dira. Hain zuzen, haiei ere «terrorismoa goratzea eta biktimak umiliatzea» egotzi zieten presoen harrera ekitaldiak antolatzeagatik, eta atxilotu eta handik ordu gutxira aske utzi zituzten haiek ere.

Saez de Egilaz Sorturen Euskal Presoen Batzordeko kidea da, eta aurretik 11 urte igaro zituen kartzelan. 2003an Akizen (Okzitania) atxilotu zuten, ETAko kidea izatea leporatuta, eta 2014an, zigorra beteta, aske geratu eta Euskal Herrira itzuli zen.

San Epifaniok, berriz, 23 urte pasatu zituen espetxean, 1994tik 2017ra bitarte. Herri Batasuneko parlamentaria izan zen 1980ko hamarkadaren amaieran, eta baita HBko Mahai Nazionaleko kide ere. Gerora, ordea, ihes egin zuen, Espainiako Polizia atzetik zebilkiolako, eta 1994an Bartzelonan atxilotu zuten, ETAko kide izatea egotzita.

Irtenbiderako «oztopoa»

Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak agerraldi bat egin zuen Donostian, atxiloketen inguruko iritzia emateko. Haren ustetan, ez da kasualitatea operazio judizial eta poliziala orain iritsi izana, «noiz eta Katalunian lider independentisten aldeko indultuak eman direnean, eta Euskal Herrian azken hilabete hauetan euskal preso politikoen eskubideak errespetatzeko urratsak egiten ari direnean».

Alde horretatik, Rodriguezek esan du atxiloketekin agerian geratu dela Espainiako Estatuan badirela sektore oso boteretsuak, «epaileen partetik eta estatuko bestelako estolda batzuetatik» lanean ari direnak Kataluniako eta Euskal Herriko gatazka politikoen irtenbide demokratikoak galarazteko.

Halaber, Rodriguezek zehaztu du atxiloketen ardura ez dela soilik Guardia Zibilarena eta Auzitegi Nazionalarena, eta azpimarratu du «egunak joan eta egunak etorri preso politikoen ongietorrien kontra mintzatzen diren guztiek» ere baldintzak «ereiten» dituztela atzokoaren gisako operazioak gerta daitezen: «Ardura eskatu nahi diegu hedabide eta eragile politiko horiei denei, bakearen etsaien agenda elikatu ez dezaten».

EH Bilduk, berriz, sare sozialen bidez salatu du atxiloketekin «askatasunean eta berdintasunean oinarritutako preso politikorik gabeko etorkizuna eraikitzen jarraitzea oztopatu» nahi izan dela. Hain zuzen, Guardia Zibilari eta Auzitegi Nazionalari erreferentzia eginez, Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak adierazi du «estatu sakoneko egiturek» ez dutela onartzen «herri honetan bakea, bizikidetza eta konponbiderako jokaleku bat sendotzea», eta horregatik «preso politikoen eskubideen alde lan egiten ari diren pertsonak atxilotu eta kriminalizatzen» dituztela azpimarratu du.

Jarduera «zilegi eta legalak»

Presoen harrera ekitaldien antolakuntza zigortzeari buruz, Rodriguezek adierazi du horiek delitu bilakatzeak «jarduera politiko zilegi eta legalak» kriminalizatzea duela helburu, halako ekitaldiek «adierazpen askatasunaren babesa» dutela nabarmenduta. Hain zuzen ere, gogoratu du joan den astean Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Espainiako Estatua kondenatu zuela Jose Miguel Beñaran Ordeñana Argalaren omenaldi batean eginiko hitzaldiaren harira Tasio Erkizia ezker abertzaleko kideari jarritako espetxe zigorrarekin haren adierazpen askatasuna urratu zuelako.

Sare ere harrera ekitaldiak antolatzea zigortzearen aurka agertu da: «Ezin da bere zigorra osotasunean eta ezohiko espetxealdian bete duten pertsonen askatasunak senide eta lagun artean sor dezakeen poza ere delitu bilakatu». Plataformak adierazi du «poz horren eta biktimen errespetuaren arteko oreka» bilatzea dela «herri gisa elkarbizitzarako» egin behar den ariketa, eta gaineratu du hori herritar guztiei dagokiela, «inoren eskubideak zapaldu gabe».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.