9.500 tona harrapatuta itxi dute hegaluzearen kostera, inoiz izandako laburrena

Tapiak ere kuota banatzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari, arrantzaldia hobeto antolatzeko. Irlandako ontzi pelagikoek Ondarroan deskargatu dute

Hegaluzea deskargatzen Getariako portuan, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU.
June Romatet Ibarguren.
2021eko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Aspaldiko kontua dira hegaluzearen kostera udazkenaren atarian amaitzen ziren garaiak. Aurten ere abuztuan bukatu dute arrantzaldia Bizkaiko eta Gipuzkoako baxurako itsasontziek, astelehena hastearekin batera lehorreratzeko bidea hartu zutelako, Espainiako Nekazaritza eta Arrantza Ministerioaren aginduz. Aurtengoa inoizko kosterarik laburrena da, baina ez da txarra izan, baimendutako guztia arrantzatu ahal izan dutelako. Gipuzkoako eta Bizkaiko ontziek, zehazki, 9.536 tona arrantzatu dituzte.

Gero eta kostera laburragoak izaten dira, arrantzaldia «lehiaketa» bihurtu delako, kofradiek ziurtatu dutenez. Izan ere, Espainiak 17,2 milioi kiloko kuota izan du aurten, eta, ez dagoenez banatuta, ontzi bakoitzak ahalik eta arrain gehien ahalik eta azkarren arrantzatu nahi izaten du. Horrek dakar kuota gero eta azkarrago bukatzea. Azken bi urteetan ere abuztua amaitu baino lehen itxi zuten arrantzaldia.

Gipuzkoako eta Bizkaiko kofradiak egoera horren aurka ari dira borrokan, eta atzo Arantxa Tapiak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen sailburuak, bat egin zuen horrekin. Espainiako Gobernuari eskatu dio kuota ontzien, kofradien edo autonomia erkidegoen artean banatzeko.

Bizkaiko eta Gipuzkoako ontziek Espainiaren hegaluze kuotaren %57 arrantzatu dute aurten. Portzentaje hori jaisten ari da azken urteetan, Asturiasko eta Kantabriako ontziak ere espezie horretan sartzen ari direlako. Kontua da legatz harrapaketa gutxiago egin ahal dituztela orain, eta, hegaluzea kostatik gertu harrapatu dezaketenez, beste espezie horren arrantza atsedenaldian uzten dute, eta hegaluze bila irteten dira.

Kofradia Itsas Etxeak balantze ona egin du kosteraren inguruan, hegaluzea Bizkaiko Golkoan dagoelako, eta, horrela, bidaia laburragoak egiten dituztelako eta gasolio gutxiago gastatzen dutelako. Prezioa aurreko urteen pareko mantendu da: 3,5 euro, batez beste.

Hegaluzeen kalitatea mantentzeko, arrantza-sistema tradizionalez harrapatzen dituzte Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleek: kanaberekin eta banaka.

Ontzi pelagikoen deskarga

Arrain bakoitza banaka arrantzatu beharrean, Irlandako ontziek sare pelagikoak erabiltzen dituzte, arrain asko harrapatzeko sareak, eta hegaluzeak Ondarroako portuan deskargatu dituzte azken egunotan. Jaurlaritzak adierazi du ez dagoela ados arrantza sistema horrekin, eta Ministerioaren eta Europako Batzordearen aurrean salatu ditu ontzi horiek. 2018. urtean, Jaurlaritzak dekretu bat onartu zuen bertako portuetan sare pelagikoekin arrantzatutako arrainak deskargatzea debekatzeko, baina estatuko administrazioak ez zuen onartu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.