Etxe berriaren zutoinak jarri dituzte

Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldeak amaitu du estatus berriaren oinarrien eztabaida. Eskubideen atalean, Elkarrekin Podemos bat etorri da EAJ eta EH Bildurekin. Madrilek ez du galdeketa gaitzailerik onartuko

Talde politikoetako ordezkariak, atzo, Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldearen bileran. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
jon olano
2018ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldeak beste etapa bat erre du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako estatus politiko berria zehazteko bidean. Lantaldeak atzo amaitu zituen estatus berri horren oinarriak ezartzeko lanak, azken orduetan lortuta falta ziren atalei buruzko akordioa. Orain arte bezala, nazioarteko harremanei, estatutuaren erreformari eta xedapenei buruzko ataletan EAJ eta EH Bildu jarri dira ados, baina adostasuna zabalagoa izan da eskubideen arloan, Elkarrekin Podemosek ere babestu baitu testua.

Hain justu, Elkarrekin Podemosek osatu zuen eskubideen sintesi agiria. Bi bloke bereizi dituzte: herritar guztiei aitortutako eskubideak, eta, zehatzago, emakumeenak. Lehen bloke horretan ageri dira arlo sozialeko eskubideak —hezkuntza, osasuna, diru sarrerak, zaintza, ura eta elikadura—, arlo ekonomikokoak—lana, garapen ekonomikoa—,eta baita etxebizitzarako, kulturarako, genero aniztasunerako edo erlijio aniztasunerako eskubideak ere. Hizkuntz eskubideei dagokienez, akordioan jaso dute herritar guztiek dutela euskara doan ikasteko eskubidea, «eguneroko bizitzan eta lanean normal jarduteko moduko komunikazio gaitasunak eskuratu arte».

Emakumeen eskubideen atalean, hiru taldeek adostu dute andreek eskubidea dutela bizi proiektua «aske eta aukera berdintasunean» garatzeko; ildo horretan, zaintza eskubide subjektibo gisa aitortzea hitzartu dute, «bidezko zaintza eredu bat» lortzeko. Alor politikoan, «demokrazia paritariorako eskubidea» lehenetsi dute, eta eremu ekonomikoan, berriz, azpimarratu dute emakumeek eskubidea dutela gizonezkoen lan, lan baldintza, formakuntza, promozio eta lansari berak eskuratzeko.

Oinarrien fasea amaituta, talde politiko bakoitzak aditu bat aukeratu beharko du irailaren 7rako, eta bost kideko batzorde horrek eman beharko die oinarriei testu artikulatuaren formula. Zortzi bat hilabeteko epea izango du testua osatzeko eta Eusko Legebiltzarraren esku uzteko, eta, testu artikulatua lege proposamen bihurtuta, taldeek zuzenketak aurkeztu ahal izango dizkiote, osoko bilkurak onartu aurretik. Lantaldeak irailaren 12an izango du hurrengo bilera.

Ohiko prozeduraren arabera, Eusko Legebiltzarrak estatutu proposamena onartu eta gero, Espainiako Gorteen oniritzia jaso beharko luke, hurrena herritarrek erreferendum bidez babesteko edo baztertzeko. Bide horretan, ordea, EAJk eta EH Bilduk mahai gainean jarri izan dute «galdeketa gaitzaile» bat egiteko aukera; alegia, herritarren artean galdeketa bat egitea testua Espainiako Kongresura bidali aurretik.

Prozedura hori jaso dute oinarrietan, baina etorkizuneko erreforma posible batean ezarriko litzateke. Alderdiok eutsi egiten diote, ordea, galdeketa gaitzailea erreforma prozesu honetan txertatzeko aukerari. Joseba Egibar EAJko legebiltzarkideak atzoko bileraren osteko agerraldian azaldu zuenez, badaude bideak kontsulta hori egiteko; esaterako, Espainiako Gobernuari baimena eskatuz. Berehala erantzun zuen Espainiako Gobernuak, Isabel Zelaa bozeramailearen bidez: «Galdeketa gaitzailea Gernikako estatutuaren prozedura orotatik kanpo dago; ez du lekurik».

EAJren ustez, «emankorra»

Bilera amaitu berritan, indar politiko guztietako ordezkariek balorazioa egin zuten atzo adostutako oinarriei buruz. Fase «emankorra eta positiboa» izan dela adierazi zuen Egibarrek. PSE-EEren jarrera deitoratu zuen bereziki: «Partekatzen dut akordioen beharra, baina akordioetarako ere zaletasuna izan behar da». Maddalen Iriarte EH Bilduko legebiltzarkideak ere uste du akordioa «ona» dela: «Oinarriak ipini ditugu autonomismoaren garaia amaitutzat emateko eta herri hau burujabetzaren bidean jartzeko. EH Bilduren jatorrizko proposamena ondo islatzen da akordio honetan elementu nagusietan».

Eskubideen atalean lortutako akordioa balioetsi zuen Lander Martinez Elkarrekin Podemoseko bozeramaileak: «Emakumeen eskubideen eta eskubide sozialen akordioaren %90ek Elkarrekin Podemosen zigilua darama». Gaineratu zuen akordioak eskubide sozialak «aitortzen eta blindatzen» dituela, eta «autogobernuaren erdian kokatzen, identitarismo baztertzaileak alde batera utzita».

Jose Antonio Pastor PSE-EEko legebiltzarkideak kritika egin zion lantaldearen metodologiari, eta azpimarratu zuen PSE «adostasun zabalak» bilatzen saiatu dela. Gogorarazi duenez, lantaldea osatzeko legez besteko proposamenean jaso zen «marko juridikoaren barruan» egin beharra zegoela estatutua erreformatzeko bidea, eta erantsi zuen onartutako oinarriek ez dutela «segurtasun juridikorik». Haserre zegoen Borja Senper PPko legebiltzarkidea: «Irtenbide juridikorik gabeko kale itsu batean gaude, eta, beldur naiz baita irtenbide politiko eta sozialik gabekoan ere ez gauden. Ea gai garen zentzugabekeria hau zuzentzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.