EBko justiziak baliogabetu egin du ontziolen laguntzen aldeko epaia

Europako Auzitegi Nagusiak berriro aztertu beharko du ontzioletako inbertitzaileek 'tax lease' zaharraren dirua itzuli behar duten ala ez. Navalen, bankuen eta armadorearen itunagatik, itxaropena

Jon Fernandez.
2018ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Augusto Monterrosoren dinosauroa baino tematiagoa da euskal ontziolen tax leaseauzia. Sektoreak agur esan zion urteetako amesgaiztoari 2015eko abenduan, Europako Justizia Auzitegi Nagusiak bertan behera laga zuenean Europako Batzordearen 2013ko erabakia, euskal ontziolen kontra hartutakoa. Ontziolek sakon hartu zuten arnasa, sektoreko inbertitzaileek ez zutelako dirurik itzuli behar izan: 126 milioi euro, Madrilen kalkuluen arabera. Baina Bruselak errekurtsoa jarri zuen, eta Europa Batasuneko Justizia Auzitegiak, orain, baliogabetu egin du 2015eko ebazpena: Auzitegi Nagusiari eskatu dio berriz ere aztertzeko auzia, ebazteko ea sektoreko inbertitzaileek dirua itzuli behar duten, Batzordeak eskatu bezala. Amesgaiztoak, oraindik, hor jarraitzen du.

Zazpi urte egin behar da atzera aferaren abiapuntua topatzeko. Europako Batzordeak 2011n hasi zuen Espainiaren aurkako auzibidea, Herbehereen salaketa bati erantzunez. Herbehereetako ontziolek salatu zuten EBko merkatu batasunaren aurkakoa zela Madrilek ontziolen sektoreari laguntzeko diseinatutako tax lease sistema, lehiaren aurkakoa.

Labur esanda: kostu ekonomiko handiko produktuak erosteko sistema bat da tax lease, enpresa erosleek ahalik eta zerga txikienak pagatzeko, eta, hartara, erosleari produktua bera merkatzeko.

Bada, Europako Batzordeak 2013an erabaki zuen legez kanpokoa zela Euskal Herriko eta Espainiako ontziolek erabiltzen zuten finantzaketa sistema. Ebatzi zuen Bizkaiko eta Gipuzkoako ontzioletako inbertitzaileek itzuli egin beharko zituztela 2007tik 2011ra arte jasotako laguntzak, 126 milioi euro. Erabaki hori bertan behera laga zuen Europako Justizia Auzitegi Nagusiak 2015ean, nahiz eta euskal ontziolek tax lease berri bat zerabilten 2014tik, zaharraren oso antzekoa.

Bruselatik albiste txarrak etorri arren, «itxaropentsu» zeuden atzo Sestaoko (Bizkaia) Naval ontziolako langileak. Izan ere, bankuek adostu dute itzultzea 42 milioi euroak Herbehereetako Van Oord armadoreari, hark Vox Alexia draga eraikitzeko aurreratutako dirua. Langileek, orain, hitza betetzeko eskatu diote Van Oordi, eta Navalen amaitzeko draga, hura baita ontziolaren nasan dagoen lan bakarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.