Langabezia %10etik behera jaitsi da Euskal Herrian, 2008tik lehen aldiz

Gaindegiaren arabera, guztira, 146.700 langabe daude zazpi lurraldeetan. Bakarrik Bizkaiak eta Arabak dute %10etik gorako tasa. Sindikatuek salatu dute prekaritatean oinarritu dela enplegua

Langabezia %10etik behera jaitsi da Euskal Herrian, 2008tik lehen aldiz.
Jon Fernandez.
2018ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Hamarkada oso bat behar izan da Euskal Herrian langabezia tasa %10etik behera jaisteko. 2008ko abendura jo behar da zoru horren azpitiko azken datua bilatzeko: %8,25. Harrezkero, krisi ekonomikoak etengabe suntsitu zuen enplegua, eta langabezia tasak bitsaren eran egin zuen gora—2009ko martxorako %10,3an zegoen—, 2013ko lehen hiruhilekoan goia jo arte, %16,69rekin. Orduz geroztik, tasak beherako joera izan du, 2014an hasitako susperraldi ekonomikoaren bultzadari esker, eta, joan den ekainean, %9,89ra jaitsi da. %10etik behera, hamar urte igaro eta gero.

Gaindegiak egin du langabezia tasaren kalkulua, Espainiako INEk eta Frantziako ISEEk egindako neurketak baliatuta. Kalkulu horien arabera, Euskal Herriko lurralde guztietan egin du behera langabe kopuruak. Gainera, Europako Batasunaren antzeko erritmoan jaitsi da langabezia tasa: 0,53 puntu hemen, eta 0,4 puntu batasunean.

Azken zenbaketen arabera, Euskal Herrian 146.700 langabe zeuden ekainean, aurreko hiruhilekoan baino 8.300 langabe gutxiago, eta duela urtebete baino 10.900 gutxiago. Ezohikoa da, baina INEk eta Eustatek antzeko langabe kopurua eman dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako: Eustatek 104.500 langabe, eta INEk 106.200. Beraz, Euskal Herri osoko kalkulua ere oso antzekoa ateratzen da, estatistika institutu batean edo bestean oinarritu: %9,89ko langabezia tasa, INErekin; Eustatekin, %9,92koa.

Langabezia tasaren jaitsierarikhandiena Bizkaian (-0,98 puntu) eta Nafarroa Garaian (-0,61) gertatu dela jaso du INEk. Araban, ostera, oso ezberdina da datua, inkesta egin duen institutuaren arabera: INEk dio langabezia tasa berdintsu mantendu dela Araban (-0,01), eta Eustatek, berriz, 1,70 puntu apaldu dela. Bestalde, azken hiruhilekoan herrialde gehienetan handitu da biztanleria aktiboa, Ipar Euskal Herrian salbu.

Aldi baterako kontratuak

Lurraldeka, bakarrik bi dira %10etik gorako langabezia tasa daukatenak: Bizkaia (%11,63) eta Araba (%10,53). Aldiz, %10etik behera daude Nafarroa Garaia (%9,93), Ipar Euskal Herria (%8,11) eta Gipuzkoa (%7,55).

Edonola ere, Euskal Herriaren langabezia tasa Europako Batasuneko batez bestekoa baino 2,9 puntu handiagoa da. Hain zuzen ere, Euskal Herria bosgarren postuan dago langabezia handienen zerrendan, eta bakarrik Italia (%11), Katalunia (%11,4), Espainia (%15,3) eta Grezia (%19,8) dauzka aurretik.

Nahiz eta langabezia tasa, Euskal Herrian, 2009ko hasierako zenbakietara hurbildu, errealitatearen azterketa kritikoa egin dute sindikatuek. «Hegoaldean,soldatapeko enplegua daukaten lau pertsonatik batek baino gehiagok (%25,3) aldi baterako kontratua daukate, eta, azken urtean, 1,6 puntu igo da tasa», azaldu du ELAk , eta gaineratu du enpleguaren %16,9 lanaldi partzialekoa dela. Egoera bereziki larria da emakumeentzat, lanaldi partzialeko enplegu guztien %77,9 baitaude emakumeen esku.

LABek, CCOOk eta UGTk ere «lan merkatuaren arazo nagusia» nabarmendu dute: prekaritatea. «Suspertze ekonomikoak lanpostu gehiago sortzea ekarri du; hala ere, oraindik urruti gaude aurreko zikloaren gailurrean lortutako enplegu mailatik, higiezinen eta finantza sistemaren burbuila lehertu aurretik», LABen esanetan. Datu deigarri bat ere eman du: «Duela hamar urte orain baino 103.000 lanpostu gehiago zeuden Hego Euskal Herrian».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.