Suak erabat kiskali du Aldanondo gaztandegia

Suteak ia osorik hondatu ditu korporazioaren Aguraingo lantegia eta han zeuden bi milioi gazta kiloak. Langilerik ez zegoen ezbeharra gertatu denean

Eguerdian sua erabat itzali gabe zegoen oraindik. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Irune Lasa.
2018ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Litutxipi industrialdeko gaztandegian garrek eragindako galera ekonomikoak «oso handiak» izango direla uste dute Aldanondo korporazioan. Egunak beharko dituzte kalteak zenbatzeko; besteak beste, segurtasun arrazoiengatik gaur arte behintzat ezinezkoa izango delako lantegian sartzea. Dena den, Mikel Aldanondo zuzendari nagusiaren ustez nahiko argi dago lantegia erabat suntsituta gelditu dela: «Makineria, fabrikazio gunea, biltegia... dena dago hondatuta», azaldu zuen atzo eguerdian. Gaztandegian, gainera, bi milioi kilo gazta zeuden.

Enpresaburuak argitu zuen langilerik ez zegoela sutea piztu zenean —01:15ean—, «zorionez». Gaztandegiak 50 langile inguru ditu. Lehen garrak, dirudienez, horretarako ezarritako sentsoreek atzeman zituzten, gaztak biltzeko plastiko eta abarrak gordetzen zituen biltegian. Alarmak ikusita, suhiltzaileak bertaratu egin ziren, eta azkenean hainbat parketako 30 bat suhiltzaile jardun ziren sua kontrolpean hartzeko lanetan, baita garrak ondoko pintura fabrikara iristea eragozten ere. Suteak gaztandegiaren bi heren suntsitu ditu, eta, Mikel Aldanondoren arabera, bulegoen zati bat soilik libratu da garretatik. Atzo arratsaldean, oraindik ere garretan zeuden gaztak gordetzen dituzten ganberak, sutea kontrolatuta egon arren.

Aldanondo Korporazioak Aguraingo (Araba) gaztandegian egiten ditu gaztak, nahiz eta Quesos Aldanondok beste planta bat duen Olaberrian (Gipuzkoa) eta beste bat Galdakaon (Bizkaia). Berrogeita hamar urtetik gorako enpresa horrek hainbat elikagai ekoizten eta banatzen ditu, baina gaztengatik da ezaguna. Idiazabalgo gaztaren sor-markako ekoizlerik handiena da, Aitzgorri eta Lana markekin. Erronkari gazta ere egiten du —Poliki eta Onkizu—.

Suak Aguraingo gaztandegian eragindako hondamenaren neurria ikusirik, Arabako Aldundiak adierazi du kezkatuta dagoela enpresaren eta bertako 55 langileen etorkizunarekin, eta egoerari aurre egiteko laguntza eskaini dio Aldanondo taldeari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.