Belaunaldi oro, pentsioen alde

Milaka pertsonak bat egin dute, Bilbon, pentsio duinen aldeko mobilizazioarekin. Antolatzaileek esan dute arrakastatsua izan dela, eta nabarmendu belaunaldiak batzeko ahalegina egin dela

Milaka pentsiodunek bat egin zuten atzo Bilboko udaletxearen aurrean. JUNE PRIETO / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2018ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
«Pentsiodunak aurrera, pentsiodunak kalera!». Atzo eguerdian Bilbo erdiguneko kaleetan entzun ziren hamaika aldarrikapen mezuetako bat besterik ez da hori, baina erakuts dezake bertan egon zen giroa. Pentsiodunek zortzi hilabete daramatzate pentsio duinak eskatzeko borrokan buru-belarri mobilizatzen, eta Aste Nagusiko astelehenerako deialdi berezia egin zuten, eta erantzuna ere halakoa izan zen: milaka pertsonak kaleak bete zituzten. Plaza Eliptikotik udaletxerainoko bidea poliki egin behar izan zuten kaleak lepo zeudelako, eta mobilizazio burua helmugara iritsi zenean jendea oraindik Plaza Biribilera iristen ari zen. Denborarik ez zuten galdu, hala ere, aldarrikapenak egiteko: «Batzuek edo besteek defendatu, pentsio duinak defendatu!», «lapur gutxiago, pentsio gehiago!» eta «pentsio duinak alargunentzat!». Jendetsua bezain ozena izan baitzen atzoko mobilizazioa.

Bizkaiko Pentsiodunek Elkarteak egin zuen atzoko manifestaziorako deialdia, baina erantzuna ez zen lurralde horretatik bakarrik iritsi. Arabako, Gipuzkoako eta Nafarroako pentsiodunak ere bertan baitziren. Tartean zegoen, esaterako, Carmen Intxauspe arrasatearra: «Hemen egon beharra daukagu, pentsioekin gertatzen ari dena ez delako justua; agintari horiek jarriko nituzke jasotzen dugun pentsioekin bizitzen, eta horrela jakingo zuten zertaz ari garen hizketan». Baina deialdiak Euskal Herriko mugak ere gainditu zituen, eta Espainiako erkidego ezberdinetako pertsonak ere batu ziren. Tartean zeuden Errioxatik, Kantabriatik, Asturiastik eta Burgostik iritsitakoak. Galiziatik ere iritsi ziren hainbat manifestari, eta eurekin gaita jotzaileak ere ekarri zituzten mobilizazioa alaitzeko.

Musika gehiago ere egon zen, tartean Bilboko zein konpartsetako txistulariak. «Marijaia gaur gurekin dago!», aldarrikatu zuen Francisco Barbadillo elkarteko bozeramaileak manifestazio amaierako komunikatuaren ostean. Konpartsetako atorren kolore aniztasuna ere presente zegoen pentsio duinen alde. «Belaunaldien artean arrakastatsuizaten ari gara». Eta horretaz jabetzeko nahikoa zen parte hartzaileei begiratzea: gehienak adineko pertsonak ziren arren, gazte ugarik egin baitzuen bat deialdiarekin. «Ez dago atzera bueltarik, gaurko pentsioen alde eta biharkoen alde borrokan jarraituko dugu».

Parte hartzearen datu ofizialik ez zen izan, baina, Barbadilloren arabera, mobilizazioa «oso jendetsua» izan zen, eta, hortaz, arrakastatsua. Aurreko astelehenetan ez bezala, ordea, atzo ezin izan zituzten adierazpenak udaletxeko eskaileretan egin, hesituta baitzegoen. Lehen manifestariak iritsi zirenean, hesiak jarri izanaren aurkako oihuak egin zituzten, eta komunikatua irakurri aurretik ere horren aipamena egin zuen Barbadillok: «[Juan Mari Aburto] Alkateak opari hau utzi nahi izan digu; ez digu axola, gu ez baikaude berarekin». Aipamen horrekin txistu ugari entzun ziren bildu zen jendetzaren artean. Erakundeei kritika ugari egin baitzizkieten pentsiodunek mobilizazioan zehar.

Zortzi hileko mobilizazioa

Zortzi hilabetez astelehenero mobilizatu ostean, beste mugarri bat izan zen atzokoa. Denbora honetan guztian zehar hainbat lorpen izan dituzte. Besteak beste, jasangarritasun faktorea 2024. urtera atzeratzea, pentsioak batez beste %1,6 handitzea eta gutxieneko pentsioak beste %3, eta alargunen pentsioa igotzea. Baina horiek «adabakiak» besterik ez direla ere garbi utzi nahi izan zuten. «Astelehenero atera gara mobilizatzera, bizi oso bateko kotizazioa delako, oinarrizko eskubidea da». Horregatik, plataformak behin eta berriro aldarrikatzen dituen puntuak lortu arte borrokan jarraituko dutela argi utzi dute.

Puntu horien artean, 1.080 euroko gutxieneko pentsioak edukitzea da nagusia. Horrekin batera, egungo pentsioen erreformak bertan behera uzteko ere eskatu zuten, eta jasangarritasun faktorea indarrik gabe uzteko. Pentsio publikoak BGAE pentsio osagarriekin «ordezkatzeko» asmoa gaitzetsi zuten, eta horiek dauzkaten zerga onurak salatu. Mobilizazioekin aurrera jarraituko dutela adierazi zuten, eta hurrengo deialdia datorren astelehenean egingo dute Bilboko udaletxearen zein herri ezberdinetako plazetan. Hala ere, urriaren 1a nagusien eguna dela aprobetxatuz, deialdi bereziren bat egitea pentsatzen ari dira pentsiodunak, baina oraindik ez dituzte horren nondik norakoa zehaztu.

Elkarretaratzea, Donostian

Pentsiodunen protestek, hala ere, ez zituzten Bilboko kaleak bakarrik hartu atzo. Donostiako Gizarte Segurantzako egoitzaren aurrean elkartu ziren hainbat pertsona, eta pentsioen «igoera eskasa» salatu nahi izan zuten horrela. Gipuzkoako plataformak ez bezala, datorren astelehenean eta irailaren 3an ez dute astelehenetako elkarretaratzerik egingo Donostiako Alderdi Ederren. Hala ere, larunbat honetan Hondarribian manifestazioa egingo dute, Butroetik abiatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.