Oinarrietan oinarrituko dira

Adituek idatziko duten testu artikulatuak bat etorri beharko du EAJk eta EH Bilduk estatus berrirako adostutako «printzipioekin». Adituena talde «juridikoa» izango da, eta ezingo ditu edukiak moldatu
Talde politikoetako ordezkariak, atzo, Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldeak eginiko bileran.
Talde politikoetako ordezkariak, atzo, Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldeak eginiko bileran. ENDIKA PORTILLO / FOKU

Jon O. Urain -

2018ko irailak 13
Uztail hasieran amaitu eta gero Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak izan beharreko estatus juridiko-politikoari buruzko oinarrien eztabaida, atzo batzartu zen berriro Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldea. EAJk eta EH Bilduk adostutako oinarrien kontra jardun dute udan akordio horren kontra agertu diren talde politikoek, orain testu artikulatua taxutu behar duen adituen taldeak zein lanabes izan behar dituen zalantzan jartzeraino. Atzoko bileran uxatu zituzten dudak: EAJk eta EH Bilduk adostutako testuak izan beharko du adituen lanaren abiapuntua; alegia, estatus berriaren oinarrietan oinarritu beharko dute beren lana. Ebidentzia izanagatik, hori izan zen atzoko bilkuraren ondorio nagusia.

Ez da ohikoa Jone Berriozabal lantaldeko koordinatzailea prentsaren urrera irtetea, baina horrela egin zuen atzo, aurrerantzean adituek eta lantaldeak izango dituzten zereginak azaltzeko. Azaldu zuenez, EAJk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek hitzartu dute adituek abiapuntu gisa erabiltzea EAJk eta EH Bilduk adostutako oinarriak. Adituek ikusiko balute oinarri horiek bateragarriak izan daitezkeela gainerako taldeek aurkeztutako boto partikularrekin, boto horiek oinarriekin uztartzen saiatu behar dute, adostasuna zabaltzeko asmoz. Ebazpen horren kontrako botoa eman zuen PPk, eta abstentziora jo zuen PSE-EEk.

Hitzez hitz, horrela jaso dute dokumentu batean: «Talde teknikoak indarrean dagoen autonomia estatutua erreformatzeko lege proposameneko testu artikulaturako hasiera idatziko du, Euskadiko autogobernua eguneratzeko legebiltzarreko ponentziak onartutako oinarri eta printzipioekin bat. Era berean, adostutako oinarriak errespetatuz, aukera aztertuko eta ahalegina egingo du horien eta aurkeztutako boto partikularren artean bat datozen puntuak aurkitzeko. Helburua da, posible bada, dagoeneko lortutako adostasunak zabaltzea».

Luze jo zuen atzoko bilerak, eta justuki horixe izan zen eztabaidagai nagusietako bat; nola uztartu adostutako oinarriak eta boto partikularrak.

Beste xehetasun bat ere argitu du Berriozabalek, bileran beste eztabaida gai nagusia izan zenez gero: aditu taldeak «batzorde juridiko bat» osatuko du, ez «politikoa», eta, beraz, ez dagokio edukia moldatzea. Zalantzetako bat zen adituek nola hartuko dituzten erabakiak, boto haztatua izango ote duten edo aditu guztiek pisu bera izango duten erabakiak hartzeko orduan; talde politikoek adituen esku utziko dute adituek beren erara antolatzea lan jarduna, baina ez dute bozkatu beharrik izango. Horri lotuta, adituei ez diete eskatu argitu dezatela edukiak Espainiako Konstituziora egokitzen diren, oinarriak adostu dituzten taldeek ez baitute «zalantzarik» egokitasun horren inguruan.

Zortzi bat hilabeteko epea

Berriozabalen esanetan, lantaldeak «parentesi bat» egingo du bere jardunean, eta testu artikulatua prest egotean berrekingo dio lanari. Adituek zortzi bat hilabeteko epea izango dute testu artikulatua prestatzeko, eta epe horretan konfidentzialtasuna gorde beharko dute. Datozen egunetan ekitaldi formal bat egingo dute legebiltzarrean aditu taldearekin, eta orduan abiatuko da epea. Espero da testua datorren urteko ekainerako prest izatea.

Bestalde, adostutako oinarriez gain, adituek aintzat hartu beharko dute Eusko Ikaskuntzak eginiko txosten bat, ekainean antolatutako bilera irekien edukiekin osatua. Eusko Ikaskuntzak irailaren 30era arteko epea du agiria legebiltzarraren esku uzteko.

Taldeek mahai gainean izan zuten aditu taldea zabaltzeko Elkarrekin Podemosek eginiko proposamena ere. Adituen batzordea lau gizonek eta emakume batek osatuko dutela eta, koalizioak proposatu zuen talde politiko bakoitzak bina aditu izendatzea, parekidetasuna bermatzeko, baina aukera hori baztertu zuen lantaldeak, EAJk, PSE-EEk eta PPk kontra eginda.

Ohar batean, EAJ kritiko agertu zen PSErekin: «Ezin da ulertu ebazpenaren hitzak eurekin landu ondoren eta taldeen artean ados jarri ondoren, sozialistak abstenitzea botoa emateko garaian». PSEren jarrerari buruzko azalpenak Jose Antonio Pastor PSE-EEko bozeramaileak eman zituen. Esan zuen EAJk eta EH Bilduk «proiektu subiranistari» eusten diotela, eta aditu taldeari eskatu zion idatz dezatela «adostasun zabaleko estatutu bideragarri» bat. Bileratik pozik irten zen EH Bilduko bozeramaile Maddalen Iriarte: «Gaurkoa urrats garrantzitsua da herri honetan proiektu demokratiko guztiak defendagarriak eta egingarriak izan daitezen».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna