Atzera egin, eta 2 urtekoen eskola garraioa onartu du Jaurlaritzak

Behin-behineko neurria indarrean egongo da 2015eko dekretua aldatu arte. Familiekin kontaktuan jarri dira Bizkaiko zenbait ikastetxe, autobus zerbitzua berriz eskaintzeko

Ion Orzaiz -

2018ko urriak 2
Atzera, hasierako puntura. Azken asteetako polemikaren ostean, eskola garraioaren auzia iazko egoerara lehengoratzea erabaki du Eusko Jaurlaritzak, BERRIAk jakin duenez: baimen berezia eman die ikastetxeei, 2 urteko haurrek eskolako autobusa erabiltzeko aukera izan dezaten. Iragan ostiral arratsaldean igorri zien irizpide aldaketari buruzko oharra Bizkaiko sare publikoko eskolei, eta, horren arabera, Jaurlaritzak «ez die oztoporik jarriko» eskolako garraio zerbitzua haur txikiei zabaltzea erabakitzen dutenei.

Hala, behin-behineko konponbidea emanen diote duela bi aste piztutako arazoari: ikasturtea hasi berritan, Hezkuntza Sailak jakinarazi zuen 2015eko eskola garraioari buruzko dekretua aplikatzen hasteko asmoa zuela, eta, hortaz, 3 urtetik beherako haurrek debekatua izanen zutela eskolako autobus zerbitzua erabiltzea. Horrek ezinegona sortu zuen 2 urteko haurren familien artean, landa eremuetan batez ere. Zenbait udalerritako alkateek nahiz guraso elkarteek «kontziliazioari oztopoak jartzea» egotzi zioten Jaurlaritzari, eta zerbitzua bermatzeko eskatu zuen EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean. Egoera lehengoratuta, eskaera horiei men egin die orain Cristina Uriarteren sailak, eta denbora irabazi du, behin betiko konponbidea bilatzen duen bitartean.

Izan ere, erabaki honek ez du funtsezko arazoa konponduko: segurtasunarena. Egungo araudiaren arabera, eskola autobusek eskaintzen dituzten segurtasun neurriak ez dira egokiak 3 urtetik beherako haurrentzat. Hezkuntza Saileko iturriek BERRIAri azaldu diotenez, Jaurlaritzak «lanean segituko du segurtasun neurriak handitzeko baliabide eta aukera guztiak aztertzen, baina 2015eko dekretua aldatzeko helburuarekin, betiere».

Ez dago argi noiz helduko den behin betiko konponbide hori, baina, Jaurlaritzaren arabera, «2018-2019ko ikasturte honetan gauzatuko da». Ikastetxeek, berriz, ez dute auzia are gehiago luzatzerik nahi, eragina izan baitezake heldu den ikasturteko matrikulazioan.

Erantzukizun partekatua

Hasierako debekuaren ostean, eskola garraio zerbitzua 2 urtekoei berriz eskaintzeak zalantzak sortu ditu Bizkaiko ikastetxe publikoen artean. «Ostiralean, Hezkuntza Sailaren mezua jaso genuenean, ez genuen argi norena izango zen garraioa eskaintzearen ardura: eskolarena eta familiena, ala Jaurlaritzarena», azaldu du Elorrioko Herri Ikastetxeko zuzendari Belen Perezek. «Hezkuntza Sailetik ziurtatu digute erantzukizun partekatua izango dela, eta, hala izanik, guk baiezkoa eman dugu».

Hartara, ikastetxeko arduradunak hasiak dira garraioaren auziak kalte eginiko familiekin harremanetan jartzen, autobusa erabiltzeko aukera dutela jakinarazteko: «Familiekin hitz egin dugu banan-banan, eta esan diegu badagoela aukera 2 urteko haurrak autobusean eramateko. Argi utzi diegu segurtasun araudia ez dela betetzen ari, baina egoera aurreko urteetako bera dela».

Eusko Jaurlaritzaren debekuak behin ikasturtea hasita harrapatu zituen ikastetxeak eta gurasoak, «egokitzapen garai betean». Elorrioko Herri Ikastetxeko zuzendariaren arabera, kudeaketa arazo larriagoak saihestu dituzte horri esker. «Egokitzapen aldian, 2 urteko haurrak gurasoekin batera etortzen dira, bi edo hiru ordu ematen dituzte eskolan, eta gero etxera itzultzen dira. Hortaz, guraso askok euren ordutegia moldatu behar izan dute, oporrak hartuta edo lanaldia murriztuta... Horri esker gainditu dugu egoera hau», azaldu du Perezek.

Orain, 2 urtekoen eskola garraioa berrezarrita, normaltasunera itzuliko dira ikastetxe publiko gehienak. Egoera «behin betiko» konpondu behar dela ohartarazi dute alde guztiek. Iragan astean, «neurri iraunkorrak» galdegin zituen EHIGE guraso elkarteko ordezkari Lurdes Imazek ere: «Autobusetan eserleku egokituak behar direla? Hezkuntza Sailak berak jarri beharko du irtenbidea, baina ezin ditugu 2 urteko haurrak horrela eduki. Lehen ere araua urratzen zuen Jaurlaritzak; bada, garaia da arazoari behin betiko irtenbidea emateko, adabakirik edo erdibideko formularik gabe».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna