Trafikoan aritzen diren guardia zibilak foruzain egitea ahalbidetu dute

Adolfo Araizentzat «ulertezina» da Orain Bai taldeko Ruben Velasco proposamen horretan abstenitu izana. Barkosek uste du Sanchezek konpromisoa duela transferentzia burutzeko
Istiluen aurkako foruzain bat eta guardia zibil bat, iragan igandean, Altsasun.
Istiluen aurkako foruzain bat eta guardia zibil bat, iragan igandean, Altsasun. JESUS DIGES/ EFE

Joxerra Senar -

2018ko azaroak 9
Eskuineko alderdiek zirrikitua ireki dute. Oraindik, Espainiako eta Nafarroako gobernuak ez dira aurrez aurre eseri Foruzaingoak trafiko eta errepide segurtasuneko eskumena hartzeari buruz negoziatzeko, baina, elkarrizketen atarian, horren atzean guardia zibilak Nafarroatik kanporatzeko asmoa ikusi dute UPNk eta PSNk. Herenegun, Nafarroako Polizien Legearen eztabaidan, ahozko zuzenketa bidez, egun trafikoan aritzen diren guardia zibilak foruzain egitea proposatu zuten bi alderdiek, eta aurrera atera zen Ahal Dugu Orain Bai taldeko Ruben Velasco abstenitu egin zelako.

Asteazkeneko emaitza horri buruz galdetuta, EH Bilduko Adolfo Araizi «ulertezina» egin zaio Ahal Dugu-ko sektore kritikoko parlamentariaren jarrera, abstentzioaren bidez erraztu egin baitzuen etorkizuneko foruzainen beharra guardia zibilekin ordezkatu ahal izatea. «Ez zen ez garaia eta ez tokia horri buruz hitz egiteko». Araizen arabera, Transferentzien Batzordeari dagokio hori zehaztea. Organo horretan zehaztuko dute bi gobernuek zenbat foruzain beharko diren, lan eskaintza publikoa egin beharko den, nola finantzatu, zer egin egun trafiko zereginetan aritzen diren 211 guardia zibilekin —Nafarroan 1.811 guardia zibil daude guztira—.

Herenegun, Polizien Legearen eztabaidan, UPNk eta PSNk proposatu zuten guardia zibilak foruzain bihurtzeko pasabide bat zehaztea. Araizen ustez, «lehenik, estatuko gobernuak Nafarroa koarekin hitz egin beharko du, eta, edonola ere, biek hitzartu beharko dute. Guk uste dugu ez litzatekeela egin behar». Araizek gogora ekarri du Foruzaingoaren plan zuzentzailea parlamentuan eztabaidatzeko dagoela eta hor finkatuko direla posizioak.

Hain zuzen ere, Ruben Velascok gogora ekarri zuen plan horretan Nafarroako Gobernuak proposatu duela Foruzaingoak poliziak eta guardia zibilak hartzeko aukera. Iazko urrian, Velascok begi onez hartu zuen: «Guk ez dugu uste Foruzaingoa osoa izateak esan nahi duenik gainerako poliziak lurralde jakin bat inbaditzera etorri diren pertsonak direla eta orain atzera egin behar dutela inbaditu gaituztelako», esan zuen orduan.

Atzo, berriz, bestelako ikuspegia azaldu zuen. «Ahal Dugu-Orain Bai taldeak defenditzen du Foruzaingoak eskumen denak hartuz gero beste poliziak murriztu beharko liratekeela. Guk nahi dugu lan eskaintza hemen egitea, eta, horretarako, ez da pasabiderik egin behar». Velascoren arabera, herenegun abstentzioa eman zuen bi gobernuen arteko negoziazioan aukera guztiak jaso zitezen: «Edonola ere, ez genuen jarrera finkatu».

Barkosek ez du zalantzarik

Ikusteko dago, ordea, Pedro Sanchezek egiazki eskualdatuko ote dion eskumena Nafarroari. Espainiako gobernuburuaren borondateari buruz galdetuta, Nafarroako Gobernuko lehendakariak uste du Sanchezek transferentzia «behin betiko» egiteko asmoa duela. «Ez dut zertan zalantzarik izan». Barkosek gogora ekarri zuen eskumena Foru Hobekuntzan jasota datorrela. Iraganean Aznar eta Zapatero hori betetzearen alde azaldu baziren ere, «keinu hutsak» izan zirela arrazoitu zuen Barkosek. Oraingoan, ordea, Sanchezek Transferentzien Batzordeko kideak izendatu ditu, eta abenduan negoziazioa hastea espero dute bi aldeek.

Prentsa ohar baten bidez, ELA sindikatuak ondorioztatu du eskumena ez dela eskualdatuko aldebikotasunaren ondorioz, Auzitegi Gorenak trafiko eskumenei buruz martxoan kaleratutako epaiaren ondorioz baizik. Halaber, argi du nola bete Foruzaingoaren beharrak: «Foruzaingoko langileria handitu beharko da, eta bertzelako poliziak gutxitu. Beharrezkoa da lan eskaintza baterako deialdia egitea, baina lehentasunik eman gabe Guardia Zibilaren gisako izaera militarreko kideei».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Joxerra Senar

Informazio osagarria