Espainiako Kongresua. Espetxeratutako hautetsi katalanak

Irekitakoa, ixteko arriskuan

Espetxeratutako hautetsi katalanek diputatu kargua hartu dute Kongresuan. Espainiako presidenteordeak adierazi du kargua etengo dietela preso independentistei: «Argi dago»

Pedro Sanchez Espainiako jarduneko presidentea, eta Oriol Junqueras Kongresuko diputatua (ERC), atzo, elkarri bostekoa ematen. J. J. GUILLEN / EFE.
Igor Susaeta.
2019ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Utzi diete Espainiako Kongresuan sartzen. Hainbat murrizketa ezarrita, baina, Auzitegi Gorenak hala aginduta, hemizikloko ateak ireki zizkieten, atzo, ustezko matxinadagatik epaituak izaten ari diren eta behin-behinean espetxeratuta dauden buruzagi katalan independentistei. Oriol Junquerasek (ERC), Jordi Sanchezek, Josep Rullek eta Jordi Turullek (JxC) diputatu kargua hartu zuten, eta Generalitateko presidenteorde kartzelatuak abagunea aprobetxatu zuen Pedro Sanchezi esateko hitz egin beharra daukatela. Unearen lekuko izan zen Gabriel Rufian ERCkoa, eta hala kontatu zuen. Espainiako jarduneko presidentearen ondoan zegoen Carmen Calvo presidenteordea, Junquerasi irribarretsu begira. Enkontru hori gertatu baino pare bat ordu lehenago Calvok pare bat irratiri adierazi zienez, «argi dago» preso independentistei kargua etengo dietela. «Ezin dute haien kargua bete. Kongresuko arautegiaren artikulu batek argi esaten du». Irekitako atea, beraz, ixteko arriskuan dago.

Kongresuko Mahaiak hartu beharko du erabaki hori. Organo horretako hiru kide PSOEkoak izango dira, bina PPkoak eta Ciudadanosekoak, eta Unidas Podemosek eta En Comu Podemek ordezkari bana edukiko dute. Ganberaren arautegiaren 21.2 artikuluak dio diputatu bati kargua etengo diotela, auzipetze autoa irmoa denean eta diputatua kartzelan dagoenean. Baina beste agindu bat jasotzen du, gainera, artikulu horrek: «[...] ganberak erregu eskaeraren helburua baimendu duenean [...]». Auzipetuen defentsen erregu eskaera baztertu zuen Gorenak, lehengo astean. Kargua eteten badiete, gehiengo absolutua 176tik 174ra jaitsiko da, eta Sanchezek ez luke independentista katalanen eta EH Bilduren botoen beharrik edukiko presidente inbestitua izateko. Nolanahi ere, ez dago argi zenbakiak horiek izango ote diren, Junquerasek aktari uko egitea baitu buruan, igandean europarlamentari aukeratzen badute.

Ganberako zerbitzu juridikoek etetea aztertzen jarraitzen duten bitartean —Sanchezen inbestidura saioa aste batzuk barru egingo dute, eta ordurako hartu beharko du erabaki bat Mahaiak—, Moncloak garbi utzi du uneotan zein jarrera duen auziaz. Eskuinak, gainera, ahal duen bakoitzean gogorarazten dio preso politiko katalanei diputatu kargua eten behar behar zaiela. Pablo Iglesiasentzat, ordea, prozesu subiranistaren ondorioz kartzelatutako diputatuek «askatasunez» lan egin beharko lukete Kongresuan. «Herritarrek erabaki zuten haien ordezkariak izatea nahi dutela. Oraindik ez dituzte ezergatik kondenatu», gehitu zuen Unidas Podemoseko liderrak, atzo.

Iglesias izan zen kartzelatutako guztiak adeitsuenen agurtu zituenetako bat. Hemiziklora sartu zirenean, ERCkoak, JxCkoak, EAJkoak, eta EH Bildukoak zutik jarri ziren eta txalo egin zieten, identifikatu gabeko beste diputatu batek«kanpora!» oihu egiten zuen bitartean.

Kortesiazko agurren eguna izan zen atzokoa. Rullek eta Turullek, adibidez, bina musu eman zizkioten Ines Arrimadasi, baina Albert Rivera Ciudadanoseko liderrak begiratu ere ez zien egin. Ia-ia ondoan esertzea tokatu zitzaien, atzo, Riverari eta Jordi Sanchezi: ilara berean, baina korridore batek bananduta. Oraindik ez dago erabakita hemizikloko zein tokitan jarriko diren talde parlamentarioak.

Diputatu kargua hartzeko, hautetsiek Espainiako Konstituzioari men egin behar diote derrigorrez. Baina hori nola edo hala saihesteko, bi formula erabili zituzten diputatu subiranista katalanek. «Preso politikoen askatasunarengatik, erbesteratuen itzulerarengatik, Kataluniako errepublikarengatik, legez agindutakoarengatik, bai, hitzematen dut». Hori izan zen ERCkoek esan zutena. JxCkoak ere antzera mintzatu ziren: «Legez agindutakoagatik, U-1eko aginduari eta Kataluniako herritarrei leial, presoen eta erbesteratuen askatasunarengatik, bai, hitzematen dut». Kartzelatutakoek konstituzioari men egin ziotenean, PPkoak, Ciudadanosekoak eta Voxekoak burrunbaka hasi ziren, esaten ari zirena entzun ez zedin. Zarata gorabehera, Riverak ondo entzun zituen, eta hitza hartu nahi izan zuen. Meritxell Batet (PSOE) ganberako presidente izendatu berriari adierazi zion Kongresuaren «duintasuna iraindu» zutela diputatu independentista katalanek, preso politikoak izan zituztelako hizpide «demokrazia batean». Batetek erantzun zion formulazio horiekin ez zela men egitearen «esentzia murriztu».

Icetaren helegitea, onartua

Bigarren bozketan aukeratu zuten Batet. Aurrenekoan gehiengo osoa behar zuen, eta 175 boto lortu zituen. Bigarrengoan nahikoa zuen gehiengo sinplearekin. JxCkoek zuri bozkatu zuten, etaERCren eta EH Bilduren botoak baliogabetu zituzten «Llibertat» idatzi baitzuten haien botopaperetan. Kataluniako bi indar subiranistek, ordea, Gloria Elzo (Unidas Podemos) Mahaiko lehen presidenteordea eta Gerard Pisarello (En Comu Podem) lehen idazkaria izatearen alde bozkatu zuten. Kongresukoa bezala, Senatuko presidentea ere kataluniarra izango da: Manuel Cruz. Atzo osatu zuten goi ganbera, eta Raul Romeva (ERC) kartzelatuak senatari kargua hartu zuen.

Bestetik, Auzitegi Konstituzionalak tramiterako onartu du Miquel Iceta PSCkoaren helegitea. Kataluniako Parlamentuak ez zuen onartu senatari izendatzea, eta babes helegitea jarri zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.