Donostiako mugimendu feministak elkarlanerako deia egin die instituzioei

Jakinarazi du babes sare bat osatzeko lanean ari dela, eraso matxistei «erantzun komunitarioa» emateko. Jaietako sexu erasoak salatu ditu

Donostiako mugimendu feministako kideak, atzo. IRUTXULOKO HITZA.
Erredakzioa
Donostia
2019ko irailaren 5a
00:00
Entzun
Donostiako mugimendu feministako kideak «oso kezkatuta» azaldu dira Donostiako Aste Nagusiko eta beste hiri eta herri batzuetako jaietan izandako sexu erasoek utzitako «errealitate bortitzarekin» eta erakunde publikoek, Poliziak eta hainbat hedabidek izan duten jarrerarekin. Hori aldatzeko eta mugimendu feministarekin elkarlanean aritzeko deia egin diete. «Lotsagarria da erasotuak artatzeko eskaintzen den baliabide eta babes falta; onartezina da zenbait erakundek egoerari ezikusiarena egitea, eta, aldiz, horri aurre egiten dion mugimenduari neurri polizialekin erantzutea. Finean, ulertezina da oraindik orain emakumeak susmagarri egitea eta arduraren fokua gugan jartzea».

Mugimendu feministako kideek Donostiako Emakumeen Etxean egin zuten agerraldia, atzo, eta hori baliatu zuten lantzen ari diren «babes sarearen» berri emateko; horren xedea litzateke gune bat sortzea emakume ugarik bizi duten «babesgabetasunari modu komunitarioan» erantzuteko. Horren harira, azpimarratu dute agintarien erantzukizuna ere badela behar besteko bitartekoak eskaintzea, mugimendu feministaren autonomiari zilegitasuna ematea, eta, halaber, lankidetzari eustea. Gogoratu dute indarkeria matxistarekin amaitzeko gakoa «erroetara jotzea» dela, eta «egiturazko neurri integralak» hartzea. Funtsezkotzat jo dute «erasotzaileen gainean» jartzea fokua, baita prebentzioan, kontzientziazioan, heziketan eta sistema judizialean eragitea ere.

Majarenasi babesa

Hurrengo astean epaituko dute Sara Majarenas euskal preso ohiaren bikotekide izandakoa, Izar alaba hiltzen saiatzeagatik. Valentzian (Herrialde Katalanak) izango da epaiketa, erasoa izan zenean —2017ko urtarrilean— Picassenteko espetxean zegoelako Majarenas —egun, aske da—. Agerraldian parte hartu dutenek elkartasuna agertu diete ama-alabei. Azaldu dute «beldurrez eta babes gabe bizi diren emakumeen errealitatea» islatzen dutela, eta salatu dute egungo justiziak emakumeak «birbiktimizatu» egiten dituela. Igande eguerdirako Sara Izarrekin plataformak Donostian deitu duen manifestazioan parte hartzera deitu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.