Zaldibarko zabortegia

Zuhurtziagabekeriazko homizidioa inputatu diete Verterren jabeei

Durangoko Instrukzioko 1. salako epaileak behin-behinean aske utzi ditu Zaldibarko zabortegiaren jabea, kudeatzailea eta azpiegituraren ingeniaria, kautelazko neurriekin. Ikertuek ez dute deklaratu auzi saioan

Durangoko Justizia Jauregiko instrukzioko 1. salan egin zuten auzi saioa, atzo. LUIS TEJIDO / EFE.
Igor Susaeta Imanol Magro Eizmendi
2020ko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Zuhurtziagabekeria larriz eragindako giza hilketako delitua inputatu die Zaldibarko Verter Recycling 2002 SM zabortegiko (Bizkaia) hiru bururi Durangoko Instrukzioko 1. salak, BERRIAk jakin ahal izan duenez. Dena den, azkeneko 48 orduak Ertzaintzaren Eibarko komisarian (Gipuzkoa) atxilotuta igaro ondoren, Jose Ignacio Barinaga Egia jabea eta enpresaren sortzailea, Arrate Bilbao Barinaga kudeatzailea, eta Juan Etxebarria azpiegituraren ingeniaria aske atera ziren, atzo, joan den otsailaren 6an zabortegian gertatutako luiziaren harira langileen eta pertsonen kontrako deliturik egin ote duten ikertzeko auzi saiotik. Sofia Maria Sanchez Ortega auziaren instrukzioko epaileak, hori bai, kautelazko neurriak ezarri dizkie: hilean behin sinatzera joan beharko dute epaitegira, eta pasaporteak kendu dizkiete.

Ikertuek ez deklaratzeko eskubidea daukate, eta horri heldu zioten. Berripaper honek jakin duenez, haien abokatuek erabaki hori hartu zuten, auzi saioa hasi baino ordubete lehenago helarazi zietelako Ertzaintzak osatutako 800 orrialdeko atestatua—enpresaren jabea eta kudeatzailea abokatu talde batek ordezkatzen ditu, eta ingeniaria, beste batek—. Hori bera deliberatu zuten Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran lur jausiaren ondorioz desagertuta jarraitzen duten langileen abokatuek, baita fiskaltzak ere. Herenegun ere, artean komisarian zeudenean, ertzainen aurrean ez deklaratzea erabaki zuten Verterreko buru atxilotuek.

Epaileak eta Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak ez dute publiko egin auzi saioaren ebazpena, eta inputaziorako argudioak ere ez dituzte plazaratu. Espainiako Zigor Kodearen arabera, zuhurtziagabekeriaz egindako giza hilketagatik kondenatutakoei sei hilabete eta lau urte arteko kartzela zigorra ezarri ahal zaie.

BERRIAk kontsultatutako iturri juridikoen arabera, epaileak gisa horretako delitu bat egozten badie inputatuei, kautelazko beste neurri batzuk hartu beharko lituzke. «Esaterako, hilean behin epaitegira joan behar izatearena... Delituak arinagoak izanda ere, ohikoa da epe hori bi astekoa izatea».

Barinaga eta Bilbao, haren iloba, elkarrekin atera ziren, atzo, epaitegitik, 18:00 inguruan. Geroago irten zen Etxebarria. Bi abokatu talde ari dira haiek ordezkatzen, eta, hori kontuan hartuta, ondorioztatu daiteke jabearen eta kudeatzailearen defentsako ildoa bat izango dela, eta ingeniariarena, beste bat.

Aintzat hartu behar da, gainera, luizia gertatu zenetik ingurumenaren aurkako deliturik egon ote zen ere ikertzen ari dela beste epaile bat, Durangoko Instrukzioko 2. salakoa, eta Verterreko buruak ikerketapean daudela kausa horretan.

Ikertuek 48 ordu igaro dituzte atxilotuta. Atxilo hartzeko moduak, ordea, nahasmena eragin du. Ertzaintzak haiek atxilotzea «proposatu» zion epaileari joan den asteartean, baina, magistratuaren arabera, berak ez zuen horretarako agindurik eman, eta adierazi zuen «soil-soilik polizia operazio batean» egin zirela. Segurtasun Sailak asteartean BERRIAri esan zionez, «epaile batek» eman zuen agindua. Herenegun, berriz, «gaizki-ulertu bat» egon zela nabarmendu zuen, eta jakinarazi, hori bai, epaileak eman zuela atxilotuak komisariara eramateko «baimena». Berripaper honek iturri juridiko batzuekin hitz egin zuen, eta azpimarratu zioten instrukzio bat edo sumario bat judizializatuta dagoenean prozedura hori «guztiz irregularra» dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.