Albistea entzun
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez

Zaldibarko luiziaren urteurrena

Verter kontrola zitekeen beste modu batera

Bazuen beste zabortegietan nahi ez zituzten hondakinak hartzeko ospea. Kontrol txikiagoak egiten zituen, eta irregulartasunak pilatuz joan zen, amildu zen arte. Jaurlaritzaren zaintzak ere dudak sortzen ditu. Are eta gehiago beste instalazio batzuetan egindako ikuskatze zorrotzagoei erreparatuz gero.
Zaldibarko zabortegia, amildu ondoren hartutako irudi batean.
Zaldibarko zabortegia, amildu ondoren hartutako irudi batean. MIGUEL TOÑA / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Iñaki Petxarroman -

2021eko otsailak 4

Verter Recycling 2002 SM ez zen Euskal Herrian zegoen gai ez-arriskutsuetarako, obra hondakinetarako eta hondakin inerteetarako zabortegi bakarra. Beste 35 bat daude Euskal Herrian. Haien kontrol esparrua Europako zabortegien zuzentarauak ezarri zuen, eta, gero, estatuek tokian tokiko errealitateari egokitu zuten.

Espainiako uztailaren 28ko 2011/22 legearen arabera, administrazioari dagokio zabortegiak zaintzea, ikuskapenak egitea eta kontrolatzea, eta edonoiz izango du aukera zabortegi bakoitzaren jokaera egokia den ziurtatzeko. Eusko Jaurlaritzak 89/2009 dekretuaren bidez zehaztu zuen kontrol hori nola egin, eta zabortegi bakoitzak badu bere ingurumen baimen bateratua (IBB), bere jarduera zehazteko.

Euskal Herriko zabortegi bateko ingurumen teknikariak lagunduta osatu du testu hau BERRIAk.Verterren gainean izandako kontrol akatsak ageriago uzten ditu kontakizun honek: «Gurekin beti zorrotz jokatu du Eusko Jaurlaritzak, hau da, behar den moduan». Ondoko lerrootan zehaztuta daude Verterren kudeaketan atzeman zituzten irregulartasun nagusiak. 2019ko ekainean egindako azken ikuskatzean, esaterako, 23 hutsegite zenbatu zituzten Jaurlaritzako teknikariek, baina bati bakarrik jarri zioten larritasun maila ertaina. Besteak arintzat jo zituzten. Hauek dira haietako batzuk.

OBRA HONDAKINAK

Baimendutakoak baino obra hondakin gehiago hartzeaz gain, haiek birziklatzeko prozesua ere ez zuen egiten Verterrek. Jaurlaritzak ohartarazi zuen horretaz, eta enpresak erantzun zion saiatu zela material birziklatu horiek merkaturatzen, baina ez zuela lortu. Gainera, «egonkortasuna bermatzeko» halako hondakin asko behar zituela arrapostu egin zion, bere jarduera justifikatzeko.

RCD izendatutako material horiek jaso eta birziklatzeko planta bat izan behar dute halako zabortegietan. Prozedura «sinplea eta zorrotza» dela azaldu du BERRIAk kontsultatutako ingurumen teknikariak. «Sartzen diren RCD ezberdinen gaineko kontrol bat eraman behar da. Ezinbestean, sailkatu egin behar dira material horiek guztiak. Banatu, txikitu, eta analitika batzuk egiten dira baldintza guztiak betetzen dituztela bermatzeko, eta, horren ostean, merkaturatu egin daitezke, edo beste erabilera batzuetarako egokitu». Segun zer RCD mota den, erabilera batzuetarako edo besteetarako bideratu beharko da. Jaurlaritzak emandako datuen arabera, Verterrek hondakinen %2 bakarrik birziklatzen zituen, nahiz eta metal eta obra material pila bat hartu.

LIXIBIATUAK

Uretako kutsaduraren gaineko kontrola ez zuen behar bezala egiten Verterrek, hau da, zabortegitik uretara isurtzen ziren metal astun eta lixibiatuena. Jaurlaritzak ohar egin zion enpresari horretaz, kontrolik ez egiteaz gain disolbatutako metal astunak bakarrik neurtzen zituztela, eta ez guztirako metalak. «Ez dakigu zergatik gertatu den hori. Jakinarazi diogu Teknimap enpresari aurrerantzean neurtu ditzala guztirako metalak eta ez disolbatutakoak», erantzun zion Verterrek. Azaleko uretako kontrol falta ere justifikatu zuen, zenbaitetan errekan urik ez zegoela esanez.

Izatez, bere instalazioaren kudeaketan daukan eskarmentuarengatik daki kazeta honekin mintzatu den teknikariak «oso gogor» jokatzen duela Jaurlaritzak lixibiatuen kutsadura kontrolatzeko. «Parametro pila bat kontuan hartuta eta oso maiz egin izan dizkigute guri kontrolak. Badakigu, beste enpresa batzuek esan digutenarengatik, toki guztietan ez zirela kontrolatzen ez hainbeste parametro eta ezta horren maiz ere».

BAIMENDU GABEKO HONDAKINEN ISURKETA

Eusko Jaurlaritzak aitortu zuen bere IBBan baimendu gabeko hondakinak jasotzen zituela Verterrek: plastikoak, kautxoak, papera, kartoia, ontzi arinak... Bitxia izan zen zabortegiaren kudeatzaileak Jaurlaritzari horri buruz emandako erantzuna. «Biltzaile, Garbigune eta berreskuratze enpresekin dugun etengabeko borroka izaten da hori. Iristen zaizkigun hondakinetan egoten den hutsegiteaz ohartarazi izan diegu. Askotan justifikatzen dute esanez itxuraz balorizatzeko modukoak badira ere hainbat osagairekin kutsatuta daudela hondakinok, eta, ondorioz, berreskuratu beharko lituzkeen enpresak errefusatu egiten dituela».

Ohartarazi edo ez, Verterrek barrura sartzen uzten zien halakoei. Eta jokabide horren okerra agerian utzi du ingurumen teknikariak. «Zabortegira sartzen diren hondakin guztiak kontrolatzen ditu Jaurlaritzak IKS sistemaren bidez. Orduan, kontrolatzaileak begiratzen duena da ea sartu diren hondakin guztiak zabortegiari onartutako mota horretakoak diren. Guri beti ikuskatu izan digute gurera sartu diren hondakinak onartu genitzakeenak bakarrik zirela, eta hori beste zabortegietan ere hala egingo dela ulertu nahiko nuke».

Horrek, jakina, kamioiekin estu jokatzea eskatzen die instalazioei, nahiz eta batzuetan liskarrak izan. «Guri askotan suertatu zaigu kamioiak atzera botatzea, eta liskarrak izatea garraiolariekin. Kamioi bat sartu ahala, ikuskatze bat egiten zaio isuri baino lehenago. Kamera bat dago goialdean, eta ikusten da zer dakarren. Behin botatzeko baimena eman ostean, berriz ere begiratzen da zer bota duen, eta hor ikusiz gero isuri ezin litekeen zerbait, jasotzeko eskatzen zaie».

Zaldibarko zabortegia amildu eta gutxira kazeta honi testigantza eman zion garraiolari batek —zortzi urtez aritu zen hara hondakinak eramaten— ziurtatu zuen inoiz ez ziotela halako kontrolik egin Verterren, eta amiantoa ere bereizi gabe isuri izan zuela bertan. Jaurlaritzak behin ere ez dio halakorik egotzi izan Eitzagako zabortegiari, hots, amiantoa behar bezala ez jasotzea. Aitzitik, egotzi zion hondakin arriskutsu gehiago arauz kanpo jasotzea: butano bonbonak, bateriak, olioak, su itzalgailuak...

ISURTZEKO MUGA: HEKTAREA BAT

Instalazioaren IBBak dio hektarea bat erabiltzeko muga zuela Verterrek. Alegia, ezin zuela erabili hori baino espazio handiagoa hondakinak isurtzeko. Aspaldi ez zuen betetzen muga hori Zaldibarko zabortegiak, eta hori agerian geratzen da Geoeuskadiko mapa historikoetan. Eusko Jaurlaritzak aitortu zuen hori, amildu ondorengo agerraldietan, baina aurrez egindako inspekzioetan ez zioten halakorik ohartarazi.

Espazioaren muga horrek zabortegien jarduera nola baldintzatzen duen azaldu du ingurumen teknikariak: «Hori betetzeko, etengabe ibili behar duzu obrak egiten, eremua zigilatzen, atzera ere irekitzen. Horrek asko baldintzatzen zaitu, zabor sarrerak mugatu egiten dizkizulako eta bezeroak gal ditzakezulako».

Gainera, ingurumen eragina ere aldatzen da, eta Verterren kasuan susmoa dago eremu handiagoa erabiliz hein batean leundu egiten zuela lixibiatuen kutsadura, eurite garaietan nahastuta joaten zelako zabortegian behera. Gauza bera gertatzen da zabortegiaren egonkortasunari dagokionez. «Hektarea bat ez baizik hainbat hektarea kudeatuz gero, ingurumen eragina ezberdina da, lixibiatuen sorrera... Egonkortasun eta segurtasun neurriak ere ustiatzen duzun espazioaren araberakoak dira... Guk hektarea batekin eta gehienezko malda batzuekin egokitu behar izan dugu beti gure instalazioaren jarduera, zorrotz, tresna eta azterketa geoteknikoak erabiliz ziurtatzeko ez dela mugimendurik».

EGONKORTASUNA: VERTERREN AKILESEN ORPOA

Euskal Herriaren, isurialde atlantikoan, maldetan egoten dira zabortegiak, eta, beraz, bete ahala, kontrolatu egin behar izaten da haien egonkortasuna. Topografia jarraipenak egiten dira aldiro haietan. Mugarriak jartzen dira, eta GPS neurgailuekin ikuskatu behar izaten dituzte IBB bakoitzaren arabera. Alegia, mugimendu esanguratsurik ez dagoela ziurtatu behar da. Hiru hilabetez behin, altxamendu topografikoa egin behar izaten da, eta hor kontrolatzen dira biltegiak, hau da, ea betetzen ari diren ezarritako maldaren arabera, egonkorra dela bermatzeko. Horizontalean egiten dira ikuskatze horiek. Eta, horrez gain, mugimendu geoteknikorik dagoen ikusteko erabiltzen dira beste tresna batzuk, inklinometroak. Tresna horiek bertikalean neurtzen dituzte lur mugimenduak.

Halako neurketak etengabe egiten dira, eta alarma sistema bat aktibatzen dute zerbait ezohikoa sumatuz gero. Zabortegietan, pentsatzen da nahiko baliabide geotekniko badaudela mugimendurik ez dagoela ziurtatzeko. Eta, egongo balitz, alerta piztuko litzateke. Datu horiek denak urtero Ingurumen Programaren bidez bidali behar zaizkio Jaurlaritzari. Gutxienez 2018tik Verterrek bazekien zabortegiak ezegonkortasun arazoak zituela, Geyser HPC ingeniaritzak egindako ikerketa batek hala frogatu baitzuen. Arazo horiek areagotuz joan ziren luizia gertatu arte. Jaurlaritzak esan du ez zuela egonkortasun arazoen berri.

GASEN ETA LOHIEN KONTROLAK

Eusko Jaurlaritzak ohartarazi zion Verterri ez zeukala gasak arazteko eta tratatzeko beharrezko tximiniarik eta gailurik. Enpresak erantzun zion ari zela horretan, baina proiektuan «hainbat atzerapen» izan zituela, eta horregatik ez zeuzkala martxan. Ondorioa da, besteak beste, metano isurketen kontrolik ez zuela egiten zabortegiak, nahiz eta gerora jakin den hondakin organiko asko zituela pilatuta bertan, araztegietako lohietatik eratorritakoak gehienbat.

Era honetako zabortegiek estu eramaten dituzte isurketen kontrolak. «Gurean, gas isurketak kanpoko enpresa batek neurtzen ditu hilabetero, eta datuak Jaurlaritzara bidaltzen dira. Metanoa, berez, hondakin organikorik ez badaukazu, gutxi isuri beharko litzateke». Zabortegia amildu ondoko egunetan zabortegian piztu zen suak agerian utzi zuen metano ugariren sortzailea zela Verter. Papresa Errenteriako paper fabrika zuen bezero nagusia zabortegia amildu aurretik. Paper lohiak hartzeko, hezetasun baldintza zorrotzak bete behar dituzte zabotegiek, eta ezin dute %60tik gorako hezetasunik izan. «Ez badituzte aurrez lehortu, oso zaila da baldintza hori betetzea».

Halako hezetasun mailak eragin zezakeen zabortegiaren ezegonkortasunean ere, eta enpresa bazegoen horren jakitun. 2015ean, Verterrek proposamen bat aurkeztu zuen Jaurlaritzan, lohiak hondarrarekin eta lurrarekin nahasteko. Halaber, lohi horiek %20tik gorako materia organikoa zuten, baina Verterrek ezin zuen jaso %5 baino gehiagokorik.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Manifestarietako batzuk bandera moreak astintzen, Bulebarrean. ©JON URBE / FOKU

Ozen berriz: «Aski da!»

A. Iraola - I. Orzaiz - M. Asensio Lozano

Mugimendu feministak kaleak bete ditu bortxa matxistaren aurkako mezuekin. Justizia «feminista» aldarrikatu dute. Instituzioen elkarretaratzeak ere izan dira

Ikastetxe bateko korridorea eta ikasgela, artxiboko irudi batean. ©BIEL ALIÑO / EFE

Hezkuntza Legeari eginiko ekarriak, murgiltzetik «laikotasun positibora»

Irati Urdalleta Lete

35 eragilek eta norbanakok egin dizkiote zuzenketak Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Legearen aurreproiektuaren lehen zirriborroari; euskarak eduki beharreko garrantzia da ardatzetako bat

<b>Txapa.</b> 'Ahobizi' txapa andre baten paparrean (artxiboko irudia). ©J.U. / FOKU

Euskarak, maitale asko eta etsai gutxi

Irati Urdalleta Lete

Nolako jarrera dute euskal herritarrek euskararen inguruan? EHUko NIK ikerketa taldearen esanetan, jarrerak onak dira orokorrean, baina badaude ahulguneak: zenbaitek mundu tradizionalarekin lotzen du oraindik ere euskara; ez, ordea, gai espezifikoekin edo lagunartean erabiltzearekin.
Indarkeria atxistaren aurkako elkarretaratze bat, Tuteran, artxiboko irudian ©Iñigo Uriz / foku

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.