Eutanasiaren Legearen zirriborro bat onartu dute Frantziako diputatuek

Lehen urratsa egin dute Asanblea Nazionaleko batzorde batean. Hala ere, ez du ematen Frantziako Gobernuak aise legeztatuko duenik

Eutanasia legeztatzearen aldeko elkarretaratze bat Parisen, 2014an. I. LANGSDON / EFE.
Andoni Imaz.
2021eko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Frantziako Asanblea Nazionaleko Gizarte Gaietarako Batzordeak eutanasia arautzeko lege proiektu bat onartu zuen joan den asteazkenean, «bizitzari amaiera aske eta hautatu bat emateko eta bermatzeko» asmoz. Askatasunak eta Lurraldeak taldeko Olivier Falornik eraman zuen proposamena, eta sei orduko eztabaida baten ondotik atera zen aurrera.

Talde politiko gehienen barruan ere izan dira eztabaidak, eta guztiek tentuz hitz egin zuten gai «serio eta labain» horren inguruan, Fadila Khattabi batzordeko presidentearen hitzetan. Dena dela, ordezkari askok adierazi zuten eztabaida «duina» eta «errespetuzkoa» izan zela.

Proposamenaren lehen artikuluak jasotzen du adinez nagusi den pertsona orok, sendabiderik ez duen gaixotasun baten fase aurreratu edo terminal batean, «edozein dela ere min fisiko edo psikologiko jasanezin bat eragiten dion kausa», eskatu ahal izango duela «medikuen laguntza», hark lagunduta hiltzeko.

«Adostasun soziala»

Beste puntu batzuetan, medikuen kontzientzia askatasunaz idatzi dute; bermeak ezarri dituzte pazientearen onespenaren gainean, eta senideen eginkizuna zer-nolakoa den zehaztu dute. PS Alderdi Sozialistako Marie-Noelle Battistelek nabarmendu du «alderdien arteko adostasun soziala» duela gaiak. Edonola ere, gobernuaren ordezkaririk ez zen egon herenegun batzordeko debateetan, eta eutanasia legez arautzeko asmorik ez du adierazi gobernuak azkenaldian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.