Presoak etxeratzeko eskatu dute Gasteizen

Sarek deitu du protestara. Gradu progresioei bide ematea eta presoak Euskal Herriratzea galdegin dute: «Ez gara mesederik eskatzen ari»

Euskal presoen eskubideen aldeko manifestazioa, atzo, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
2021eko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
«Bidea egin egiten da; urratsez urrats, ibilian-ibilian»: hala uste du euskal presoen eskubideen aldeko Sare mugimenduak, eta horixe irudikatzeko manifestazioa egin zuten atzo Gasteizen, «euskal preso guztiak etxera itzultzeko bidea» galdegiteko.

Manifestazioaren akaberan irakurritako oharrean nabarmendu zutenez, euskal presoek «etapa berri bati» eman diote hasiera: «Urruntze politika atzean utzi eta euskal preso eta iheslarien etxerako bidea egiteko etapari». Euskal presoak Euskal Herriratzeko eta gradu progresioei bide emateko eskatu zuten atzoko protestan, hurrengo urrats gisa. Sarek ohartarazi zuen, izan ere, legez behar lukeela horrela: «Ez gara inolako pribilegiorik ez mesederik eskatzen ari».

Bi, baldintzapean aske

Etxerat-ek atzo jakinarazi zuenez, Idoia Martinez eta Urko Labeaga euskal presoak baldintzapean aske utzi dituzte. Orain arte hirugarren graduan zeuden biak, Zaballan (Araba) eta Martutenen (Donostia), hurrenez hurren. Hemendik aitzinera ez dute jada kartzelara itzuli beharko.

Idoia Martinezek 23 urte eta erdi egin ditu espetxean, eta Urko Labeagak, bertze 23 urte. 2018an eta 2017an bete zituzten zigorraren hiru laurdenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.