Greba orokorrera deitzeko premia hauspotu dute pentsiodunek Bilbon

«Mobilizazio indartsuagoak» eskatu dizkiete sindikatuei lan eta pentsioen erreformak bideratzeko. Aste Nagusiko asteleheneko manifestazioa ohitura bihurtu da, eta jendetza bildu da beste behin

Pentsiodunek atzoko manifestazioan eraman zituzten karteletako batzuk. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2021eko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Udazkena bero dator gizartean, eta Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak ez dio hozten utziko. Uste du hurrengo hilabeteetan «larrialdi sozial» egoera bat izango dela, eta «mobilizazio indartsuagoak» eskatu dizkie sindikatuei lan eta pentsioen erreformak indargabetzeko. Ziurtzat jo dute neguan greba orokor batera deituko dela Hego Euskal Herrian, eta, deitzaileek hala nahi badute, pentsiodunak alboan izango dituzte: «Garai latz honetan ezin da pauso txiki bat ere eman atzera».

Azken urteetan ohitura denez, eta Aste Nagusiko astelehena izango zenarekin batera, pentsiodunek manifestaziora deitu dute Bilbon. Mobilizazio jendetsua izan da, eta bertan plazaratu dituzte beren aldarrikapenak. Deialdia Bilboko konpartsekin batera egina zuten, baina konpartsen elastiko gutxi zeuden. Hala ere, koloretsua izan da, batez ere Santander eta Asturiastik (Espainia) etorritako pentsiodun ugariengatik. Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak asmoa du Espainiako beste elkarte batzuekin deialdi batzuk koordinatzeko, eta lotura horren isla izan da manifestazioko argazkia.

Pentsiodunak, izan ere, ez daude lasaitzeko, guztiz kontrakoa: Bilboko kaleetan estu hartu dituzte gizarte eragileak, eta grebaren premia gogoratu diete: «Ez dakit deialdia aurten edo 2022an izango den. Nik dakidala ez dago datarik, baina nire susmoa da negu honetan Hego Euskal Herrian greba orokor bat izango dugula», aurreratu du Jon Fanok, Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduko kideak. LAB sindikatuak Maiatzaren Lehenean nabarmendu zuen greba deialdiaren premia, eta azken asteetan ELAk ere hizpide izan du.

Greba posible horren helburua Espainiako Gobernuak egin beharreko lan eta pentsio sistemaren erreforman eragitea da. Izan ere, Elkarrizketa Sozialaren mahaian lorturiko akordioak «atzerapauso» bat direla iritzi dio Fanok: «2011ko pentsioen erreforma ez da indargabetu, eta egin duten gauza bakarra pentsiodunek azken urteetan bideraturiko lorpenei oinarri legala ematea da: BEZaren igoera...».

Bide horretan Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak bat egin du Espainiako hainbat elkartek Pedro Sanchez Espainiako presidenteari eginiko elkarrizketa eskaera ofizialarekin. «Orain arte ez digu kasurik egin, eta gure proposamen eta aldarriak helarazi nahi dizkiogu, guztiak egingarriak direlako».

Bilera hori behartzeko, mobilizazioak antolatuko dituzte azaroaren 13rako: «Espainiako hiri askotan egingo dira, eta guk lurralde mailan parte hartuko dugu. Sanchezi dei egitea ondo dago, baina Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari ere kontuak eskatu behar zaizkie, auzi hau haien ardura ere bada eta».

Lehen zatia, gaur

Espainiako Gobernuak gaurko Ministroen Kontseiluan onartuko du pentsioen erreformaren lehen zatia. Ekainean adostu zuen sindikatu eta enpresariekin. El País kazetak aurreratu duenez, Espainiako Gobernuaren asmoa irailean kongresuan bozkatzea da. Dena den, lehen zati horretatik kanpo utzi zituzten erreformaren zati gatazkatsu gehienak; esaterako, Jasangarritasun Faktoreaordezkatuko duen sistema.

Espainia erlojupean ari da lanean, Europako Batzordeak urte amaierarako eskatu baitio pentsio sistemaren erreforma. Hala izan ezean, ez luke jasoko Next Generation funtsen bigarren ordainketa, eta Hego Euskal Herriko egitasmoek Espainiaren iragazkitik jasotzen dute dirua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.