Albistea entzun

Osakidetzan beste bi greba egunetara deitu dute sindikatuek

Apirilaren 8an lehen arretan izango da lanuztea, eta maiatzaren 16an, ospitaleetan eta buru osasunean. «Immobilismoa» salatu dute ELAk, LABek, SATSEk, CCOOk, UGTk eta ESK-k

Otsailaren 25ean, greba egin zuten sindikatuek lehen arretan, eta 28an, Osakidetza osoan.
Otsailaren 25ean, greba egin zuten sindikatuek lehen arretan, eta 28an, Osakidetza osoan. JON URBE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Maite Asensio Lozano -

2022ko martxoak 29 - Bilbo

Osakidetzako langileek beste bi greba egun egingo dituzte datozen asteetan: apirilaren 8an lehen mailako arretan izango da lanuztea, eta maiatzaren 16an, ospitaleetan eta buru osasuneko sarean. Azken grebetatik hilabete joan den arren, «urrats bakar bat ere ez egitea» egotzi zieten atzo ELA, LAB, SATSE, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari eta Osakidetzako zuzendaritzari, Bilbon egindako agerraldi bateratuan: «Bistan da mobilizazioa dela Osakidetza mugitzea lortzen duen tresna bakarra: protesten intentsitateak behera egiten duenean, Osakidetzaren erantzun bakarra immobilismoa da».

Osakidetza «egoera larrian» dela berretsi dute sindikatuek, eta gaineratu dute otsaileko bi greben erantzunak eta herritarren babesak agerian utzi zutela «berehalako eta sakoneko konponbideak» behar direla: «Lan baldintza duinik gabe, ez dago kalitatezko osasun zerbitzurik». Egoera bideratzeko «inolako borondaterik» ez dute ikusten Osakidetzan, ordea. Zuzendaritzaren jarreraz gogor mintzatu dira SATSEko kide Amaia Mayor eta ELAko ordezkari Esther Saavedra: propaganda egitea leporatu diote. «Azken asteetan gauza bakarra egin du: lan eskaintza publiko baten azterketa datak iragartzea. 1.611 lanpostu baino ez daude deituta, behin-behineko 24.600 langile dauden arren».

Bide horretan, sindikatuek gogora ekarri dute mahai sektorialean dagoela korapiloa. Otsaileko greben aurretik, mahaian planto egin zuten, «edukirik eta negoziaziorik ez» zegoela salatzeko. Kritika horiei erantzunez, Osakidetzako arduradunek adierazi izan dute sindikatuek aukera dutela gai zerrenda ezartzeko, baina gezurretan aritzea egotzi die Mayorrek: «Gaiak proposatu izan ditugunean, ez dituzte onartu. Gainera, pantailaren atzean ezkutatzen dira: eskatzen ari gara bilera presentzialak berreskuratzeko, baina telematikoki dabilen funtzio publikoko mahai bakarra da gurea». Mikaztutako harreman hori berregiteko, martxoaren 9an Lan Harremanen Kontseiluan biltzera deitu zuten sindikatuek, «gutxienez negoziazio metodologia bat adosteko», baina Osakidetza ez zen agertu.

Garapen profesionala

Horrekin lotuta dago, era berean, garapen profesionalaren inguruko ika-mika. Soldata osagarri hori 2011tik dago etenda, eta iazko uztailean Osakidetzak eta sindikatuek akordio bat lortu zuten berreskuratzeko: Osasun Sailak garapen profesionalerako deialdia argitaratu behar zuen abendu amaieran, baina oraindik ez du publikatu, eta otsaileko greben atarian adierazi zuen prest zegoela 300 milioi euro jartzeko osagarria berreskuratzeko. Mayorrek aldarrikatu du garapen profesionala «eskubide bat» dela: «Soldata murrizketa bat betikotzen ari dira. Garapen profesionalerako deialdia ez egiteak plantilla osoan du eragina».

Eta, bitartean, osasun zerbitzuetako gabeziak ez dira zuzendu: «Lehen arreta azken hamarkadetako desegitearen ondorioak jasaten ari da: sistematikoki gainezka dago, eta askotan, kolapsatuta. Lehen arretaren etorkizuna dago jokoan». Horregatik, otsailean bezala, lanuzte egun bat egingo dute berariaz arlo horretan, apirilaren 8an; bigarren greba, maiatzaren 16koa, erietxe guztietan eta buru osasuneko sarean egingo dute, sistema osoak jasaten duelakoan «Jaurlaritzaren austeritatea eta lan baldintzen debaluazioa». Hala, jarrera aldatzeko eskatu diote Osakidetzako zuzendaritzari. «Guk beti izan dugu negoziatzeko borondatea, baina mahaian edukiak behar ditugu», esan du Saavedrak.

Osakidetzaren arazo orokorrez gain, badira hamaika gatazka txiki zenbait zentrotan eta sektoretan: «Batzuek hilabeteak edota urteak daramatzate». Horietako bat da Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroko beharginena: beste lankideekin parekatzeko eta soldata osagarri bat jasotzeko eskatzen ari dira. Bada, aldarrikapen hori sendotzeko, lau greba egun egingo dituzte zentroan: apirilaren 19tik 22ra.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Hainbat aplikazio eta streaming plataforma erakusten dituzten pantailak. ©Berria

Gaztelaniazko ikus-entzunezkoak dira nagusi Uemako herrietako ikasleen artean

Julen Aperribai

Uemako herrietako ikasleen %73k gaztelaniaz ikusi dute, azkenekoz, telesail bat. Netflix 'streaming' plataformaren kontsumoa gehien ikusten den hurrengo plataformarena halako bi da. Lehen Hezkuntzako ikasleen artean, marrazki bizidunen Clan katearen audientzia ETB3rena halako bi da.

Iraitz Lazkano UEMAko lehendakaria, eta Garikoitz Goikoetxea teknikaria Eusko Legebiltzarrean ©UEMA

Uemak adierazi du «sendotasun handiagoz» heldu behar zaiola ikus-entzunezkoen gaiari

Isabel Jaurena

Iraitz Lazkano Uemako lehendakariaren erranetan, EITBk eta RTVEk «ardura handia» dute. Online plataformen eta sare sozialen eginkizuna ere azpimarratu du.

Ikasgela bat Gasteizko Angel Ganivet eskolan, artxiboko irudian ©juanan Ruiz / foku

Irakasleek berriz ere aukera edukiko dute eszedentziak noiz amaitu aukeratzeko

Irati Urdalleta Lete

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak duela urtebete arautu zituen jardunaldi murrizketak, eszedentziak eta aldi baterako eteteak, eta erabaki zuten baimenak horiek emateko arrazoia amaitzen zenean edo urtarrilaren 31n edo abuztuaren 31n soilik bukatu ahal izango zituztela. Arartekoak eskatu zuen agindu hori bertan behera lagatzea, eta hala egin du Hezkuntza Sailak.

Tokiko erakundeetako ordezkariak, gaur, bilerara sartzean. ©Berria

Espainiako Gobernuak Araban duen ordezkaritzara eraman dute aldiriko tren zerbitzuaren eskaera

Berria

Arabako eta Nafarroako 50 toki erakundek udaberrian abiatutako prozesuari jarraikiz bildu dira Arabako ordezkariarekin, AHTaren aurkako alternatibaren berri emateko.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...