Cabezudok preso segitzeko eskatu dute akusazioek, «arriskua» argudiatuta

Maiatzaren 4an lau urte beteko ditu kartzelan, behin-behinean, baina esan dute ez dagoela libre utzi beharrik. Epaiketa amaitu da; defentsak argudiatu du modeloen «baimena» zuela beti akusatuak

Auzi aretoa, atzo, saioa hasi aurretik. JON URBE / FOKU.
arantxa iraola
Donostia
2022ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Amaitu da Kote Cabezudoren kontrako epaiketa. Defentsak hartu zuen atzo hitza. «Errespetua» erakutsi nahi izan zien biktimei akusatuaren abokatuak; haien «ondoeza» aitortu zuen, baina gero guztiz bideratu zituen argudioak argazkilariaren jarduna zuritzera. Akusatuak biktima guztiekin zuen portaeraren atzean «patroi» bera zegoela adierazi dute egunotan fiskalak eta akusazio partikularrak, baina justu kontrakoa adierazi nahi du defentsak. Kasu bakoitza «espezifikoa» da: «Kasu jakinetara jo behar da, banaka-banaka». Behin epaiketa amaituta, Cabezudo aske uzteko eskatu zuen defentsak, baina eskaera atzera bota zuen epaimahaiak. Maiatzaren 4an lau urte egingo ditu akusatuak behin-behinean preso, baina bi akusazioek eskatu zuten ez libre uzteko; epaimahaiak adierazi zuen horri erantzuteko auto bat aterako duela aurrerago. Aztertu egin behar dute eskaria.

Beste kondena bat ezarria du akusatuak, bi urte eta hiru hilabetekoa, eta, behin-behineko espetxealdiko lau urteko epeari zigor hori kentzen bazaio, oraindik ere behin-behineko espetxealdia luza dakiokeela adierazi zuten akusazioek. Esan zuten «atzeman ez diren» argazki batzuk badituela akusatuak, eta kartzelatik ateratzen bada «arriskua» dagoela berriz modeloen argazkiak argitara ateratzen hasteko. Akusazio partikularrak azaldu zuen libre uzten badute litekeena dela «ihes» egitea ere. Defentsaren eskakizuna izan zen, berriz, luzatze hori ez onartzea, eta libre uztea.

Aurrez, akusatuaren defentsa egin zuen Cabezudoren abokatuak. Auzibideari neurria hartzeko «denboraren» aldagaiari erreparatu behar zaiola esan zuen. «Abanikoa oso zabala da: ia 30 urte dira». Batetik, hamarraldiotan bilakaera handia izan dutelako teknologia berriek, eta argazkilariaren lanek sarean izan duten hedatzea eta erabilera izan delako auzibide honen ardatzetako bat. Beste «aldagai bat» ere nabarmendu zuen: «Garai hartako errealitate soziala». Eta horren araberako ikuskerak. «Ez da gauza bera 1980ko edo 1990eko hamarraldietako morala, eta oraingoa». Pertsona «biluzien» argazkien harira ere begirada aldatu egin dela esan zuen. Gogorarazi zuen hamarraldiotan zigor kodea ere aldatu dutela.

Alde «ilunena»

Nabarmendu zuen akusatuaren kontrako salaketa jarri duten emakume askoren begirada ere orain aldatu egin dela, eta argazkilariaren irudirik «ilunenak» erakutsi direla epaiketan. «Baina argitaratuta dauden beste hainbat argazki ez dira erakutsi». Areago, haien «balio artistikoa» ez da nabarmendu. Eta adierazi zuen argazkilariaren lanetan badirela «gustu oso oneko» argazkiak. «Eta ez dira lapurtutako argazkiak. Estudio batean egindako argazkiak dira». Uste du modeloen «kolaboraziorik» gabe ezingo liratekeela egin. Horiek horrela, irudi «guztiz baimenduak» direla esan zuen, eta idatziz jasota dagoela hori dena, gainera. «Kontratu horiek hor daude».

Fiskalari eta akusazio partikularrari egotzi zien «orokorkerietan» galtzea: «Errazkerietan». Cabezudoren estudioa «toki ilun, giltzapeko baten gisan» aurkeztu dutela esan zuen. Modeloek argazkilaria «bilatzen» zutela adierazi zuen, ordea, eta horretarako motiboak zituztela; hain justu,argazkilariaren hainbat erretratatu erakutsi zituen, goraipamen hitzekin. «Eder-ederrak dira! Eta artistikoak». Onartu zuen pixkanaka «erotismora» ere egin zuela akusatuak, eta «lan pornografikoak» ere egin zituela. Baina esan zuen horretara ez zuela inor behartu. «Denok dakigu neska normal batek badakiela zer egin bere gorputzarekin». Nabarmendu zuen, ordea, Cabezudoren kontrako salaketak jarri dituzten andreek aurrez buruko arazoak-eta zituztela, eta horiekin lotu nahi izan zuen orain adierazi duten «ondoeza». Gainera, esan zuen modelo askok argazkilariarekin harreman luzeak izan zituztela, behin eta berriz harekin argazkiak egitea erabaki zutela askok, eta «arrazoiaren» kontrakoa dela pentsatzea hori abusu giro batean gerta zitekeela.

Haurren pornografiaz

Onartu zuen epaiketan irudi gogorrak ikusi direla, eta denak ez zaizkiola «gustatzen», baina uste du horien atzean ez dagoela Cabezudoren portaera okerrik. «Saio horietan denetik gertatuko zen, baina dena baimendua izan zen». Adingabeekin pornografia egitea egotzi diote akusatuari, besteak beste, baina delitu hori ere zuritzen saiatu zen. Neskek jada emakume gorputza zutela argudiatu zuen: «Nerabeak ziren, fisikoki garatuak». Eta argazkiak egiteko nahi bizia zutela: «Gogo handia zuten beren edertasuna erabiliz arrakasta izateko».

Onartu zuen sarean «kontrolik gabe» daudela argazkilariak modeloei egindako irudi asko, baina horretan ere akusatuak errurik ez duela uste du. «Erretiratzen» saiatu da, baina ez du lortu. «Cabezudo horren guztiaren biktima izan da». Deliturik ez du ikusten, beraz, defentsak, eta absoluzioa eskatu zuen. «Erasoak? Iruzurrak? Intimitatearen kontrako delituak?... Horrelakorik ez da egon». Areago, nabarmendu zuen akusatuak harreman «bikaina» izan zuela beti modeloekin, oso gertukoa kasu askotan. Epaiketan hainbat modelok argazkilariaren «profesionaltasuna» ere goratu dutela esan zuen, eta «lohitu» egin nahi dela orain hori guztia auzibide honekin.

Akusatuak berak ere hartu zuen hitza. Salatu zuen auzibidearen atzean bere kontrako «konplot» bat dagoela, eta «baimendu gabeko» deus ez duela egin inoiz. Modeloekin izandako erlazioa eztitzen saiatu zen. «Irri asko egin dugu elkarrekin; istorio asko kontatu dizkiogu elkarri».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.