DARWIN ETA GU

'El Chava' eta errepublika

Jose Mari Pastor -

2018ko apirilak 14
Uruguain jaiotako idazle kubatarra. Halaxe definitzen zuen Daniel Chavarriak bere burua. «Hiru abizen espainiar ditut, bi euskaldun eta hiru italiar», esaten zuen. Euskal abizenak lehena eta zortzigarrena zituen: Chavarria eta Ibañete. El Chava apirilaren 6an hil zen, Habanan.

Unamunok Salamancan Millan-Astray jeneralagaz izandako liskarra gogorarazi zuen Chavarriak El aguacate y la virtud liburuan. Millan-Astrayk «euskaldunen eta katalanen traizioa» aipatu, eta Unamunok aurre egin zion. Orduan Espainiako legioaren sortzaileak hedatutako leloa entzun zen unibertsitatean: «¡Viva la muerte!».

Aste Santuan militar faxistaren espirituarekin bat egin dute PPren gobernuko zenbait ministrok. Soy el novio de la muerte kanta nekrofilo iluna abestu dute Malagako prozesioan, burua tente. Heriotzaren ezkongaiak oraindik? Ezkon eta ur zaitezte harekin musu betierekoan! Millan-Astray 1905ean ezkondu zen, andreak ziri ederra sartuta: kastitate-botoak eginak zituela esan zion eztei-gauean. Ez zuten inoiz larrutan egingo. Gure legionario sutsuari baioneta kamustu zitzaion. Etxetik kanpo hasi zen haragi bila, han eta hemen. 1941ean Ortega y Gasset filosofoaren lehengusina haurdundu zuen. Emaztea utzi, eta Lisboara alde egin zuen. Peregrina Millan-Astray Gasset 1942an jaio zen mundura. Jeneralak habia beroa aurkitua zuen, Portugalen. Brasilen, Caetano Velosok Coraçao vagabundo sortu zuen 25 urte geroago. Ez dut uste militarraren ibilera sentimentalak gogoan izan zituenik.

Millan-Astrayk eta PPren arbaso ideologikoek suntsitutako errepublika aldarrikatu zenetik 87 urte beteko dira gaur. «Errepublikaren eguna», esango dute batzuek, nostalgiaz. Euskaldunok ez dugu errepublikarik, baina. Errepublika espainiarra dugu. Eta errepublika frantsesa. Bitxia da: espainiarrek eta frantsesek baino errepublika gehiago izan ditugu, gure-gurea denik izan gabe. Frantzian bost izan dituzte; Espainian, bi. Euskal lurraldeetan, guztira, zazpi. Gaur egun, zazpigarren errepublika arrotzean bizi gara. Eta ez dakit zenbatgarren monarkia ustelean.

Monarkia baino, errepublika nahiago dut, dudarik ez egin. Bederen, presidenteak ez dira jainkotiarrak. Errege-erreginak, bai. Espainiako Konstituzioko 53.6 artikuluak argi utzi zuen: «Erregearen pertsona ukiezinekoa da, eta ez du inolako erantzukizunik». Espainiako erregea elefante ehizan aspertu, kalaxnikov bat hartu eta Fuencarral kaleko McDonald's-ean sartzen bada, ez zaio ezer gertatuko. Erantzukizun penalik ez. Gehienez, hegazkin txartel bat oparituko diote, baina ez da Estremerara joango.

Errepublika gura dut, baina hemengoa. Euskal errepublika. Selekzioa hitzarekin ikasi egin dugu: ez dugu euskal esaten. Errepublikarekin, aldiz, oraindik ez gara hain urrun iritsi. Noiz jabetuko gara horretaz? Apirilaren 14an Bilbon Espainiako Errepublikaren eguna dela esaten dugunean; uztailaren 14ari Baionan Frantziako Errepublikaren eguna deitzen diogun egunean.

Pio Barojaren munduko pertsonaia zen el Chava, Zalakain abenturazalearen eta Aviraneta konspiratzailearen arteko sinbiosia. 1969an Kubara heldu zen, hegazkin bat bahitu ostean. Kolonbiatik ihesi zihoan, gerrillarekin zituen harremanengatik. Habanako unibertsitatean greziera, latina eta literatura klasikoa irakatsi zituen. Lehenago, Europa, Afrika eta Amerikan ibilia zen. Brasilek betirako aldatu zuen: Amazoniako indigena eta urre bilatzaileekin bizi izan zen, hiriko herritar xumeekin, artistekin. Eta Bahiako afrikartasunean «emakume beltz eta mulatoen hezetasuna» aurkitu zuen. Eta Jorge Amadoren unibertsoa.

Chavarriaren euskal arbasoak, Ibañete andreak, seme-alaba asko izan zituen. Horietako bat alkoholizatuta zegoen, hamazortzi urterekin. Amak errieta egiten zion, edateari uzteko-eta. Ezin. Azkenean, bere santu-egunetik aurrera ez zuela gehiago edango esan zuen semeak, ama pozik egon zedin. Mutilak hitza bete zuen: egun hartako goizaldean tiro egin zion bere buruari.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna