CNA likidazioa saihesteko bidean da, bankuekin %90eko kita bat adostuta

Finantza entitateek, ordea, kita horri izkin egingo liokete, Kataluniako taldearen zorra berregituratu dutelako. Fagor S. Coop eta Mondragon hitzarmena baliogabetzen saiatuko dira, helegitea jarrita
Jorge Parlade CNAko presidentea, 2014ko udan, Fagor Etxetresnen aktiboak bereganatu zituen egunean.
Jorge Parlade CNAko presidentea, 2014ko udan, Fagor Etxetresnen aktiboak bereganatu zituen egunean. JUANAN RUIZ / FOKU

Xabier Martin -

2018ko uztailak 14
Edesa Industrial konkurtsotik ateratzeko bidean da. Pedro Malagon epailearen ebazpenak berretsi behar du, baina CNA taldeak bankuekin adostutako plana onartu zuen, atzo, Donostiako Merkataritza arloko epaitegian egindako hartzekodunen batzarrak. Haatik, itunak jasotzen dituen baldintza drakoniarrak —zorraren %90eko kita, eta gainontzekoaren ordainketa hamar urteko epean jasotzea— ez dituzte maila berean nozituko hartzekodun guztiek.

Bankak —hartzekodun handiena— eta Jorge Parlade CNAko presidenteak prestatu dute menua, eta haiei ez zaie kontrako eztarritik joango mokadurik. Beste hartzekodunentzat utzi dituzte plater garratzak, Fagor S. Coop eta Mondragonentzat, adibidez. Horregatik, kasik segurua da helegitea jarriko diotela onartu den itunari. Hamar egun dituzte horretarako. Bankuek kita onartu bai, baina Edesa Industrialen zorra berregituratzeko beste akordio bat dutenez —ia 55 milioi eurokoa—, zor guztia berreskuratzeko aukera izango dutela uste dute Arrasatekoek.

CNAk ez du ekoizpen jarduerarik utziko hartzekodunen batzarrak onartutako planaren arabera, atzo igorritako ohar batean 61.000 egosketa piezaren fabrikazioaz hitz egin bazuen ere; ez dago babestu beharreko enplegua, alegia, Parladeren zuzendaritzak Garagarza eta Basauriko plantak itxi eta behargin guztiak kaleratu ondoren. Eta bankuak ez beste hartzekodunek uste dute likidazioaren bidez diru gehiago eta azkarrago berreskuratzeko aukera garbia dagoela. Baina pasiboaren zatirik handiena bankuek dutenez, eta haiek CNArekin akordioa egin dutenez —hitzarmena onartu aurretik, zorraren berregituraketa lotu dutelako—, aurrera atera da Parladeren plana, konkurtso administratzailearen bedeinkapenaz. Beste enpresa batzuei Edesa markaren royalty-ak kobratuz zorraren %10a pagatzea da planaren oinarria, hamar urteko epean.

Hartzekodunen estutasuna

Fagor Etxetresnak kooperatiba desagertuaren aktiborik onenak zorrik gabe hartu zituen enpresa katalanak 2014ko uztailean, eta, hiru urteren buruan porrot handia eragin ondoren, bere aurrekoak saihestu ezin izan zuenari izkin egiteko bidean da: likidazioa. Espainiako eta Euskal Herriko ogasunekin ia milioi bat euroko zorra dauka, handiena Gipuzkoako Ogasunarekin. Espainiako Altxortegiari eta ministerioren bati ere zor dio dirua. Enpresa kaltetu asko daude, dena den; hornitzaileak gehienak. Mondragon taldeari ia lau milioi euro zor dizkio, adibidez, Ekimen Berriren proiektuarengatik, besteak beste, eta Fagor taldeari milioi batetik gora, haren markaren royalty-ak pagatzeari utzi eta gero. Hartzekodun guztiak daude itunaren aurka, bankuak salbu, atzoko batzarrak islatu zuenez.

Espainiako Estatuko erakunde guztietako ordezkariek ezetz esan zioten CNAk proposatutako hitzarmenari, baita Fagor S. Coop, Mondragon eta beste hainbat partikularrek ere. Kontua da 50,9 milioi euroren hartzekodunek itunaren alde bozkatu zutela (bankuek), zor arruntaren %70 alegia, eta ituna onartu egin zela, %65eko langa pasatu zuelako, epaileak azaldu zuenez. 72 milioi euroko zor arrunta dauka Edesak, eta beste 29 milioi menpeko zorrean. Guztira, 100 milioi eurotik gora.

CNAko abokatuei zuzenean galdetu zieten bankuekin berregituraketa akordio bat egin ote duten, eta horrek ahalbidetuko ote duen %90eko kitaz harago bankuek zor guztia berreskuratzea. Itunari bai edo ez bozkatzeko eguna zela erantzun zuten haiek; Malagon epaileak berak azaldu zuen hartzekodunek hamar egun dituztela ordainketa ituna baliogabetzea eskatuko lukeen helegitea jartzeko.

Oso litekeena da Fagor S. Coopek horrela egitea, haren abokatuak mezu argia helarazi baitzuen epaitegian: bankuek ez lukete jada zilegitasunik ituna bozkatzeko, hartzekodunen konkurtsoaren 121. artikuluari jarraikiz. «Helegitea jartzeko aukera gordetzen dugu», ohartarazi zuen. Erantsi zuen bankuei ezin zaiela eman hartzekodun arruntaren kategoria, haiek ez dituztelako nozituko itunaren baldintza gogorrak (%90 kita); betiere, CNArekin egindako zorraren berregituraketa kontuan hartuz.

Mondragonen abokatuak finkaturik utzi zuen Edesa markaren royalty-ak izango direla CNAk proposatzen duen negozioaren oinarria; eta, segidan, galdetu zuen ez ote zen zor gehiago eta azkarrago ordainduko likidazioaren bidez. Auzi honetan, jadanik, babestekoa litzatekeen enplegua ez baitago.

Horiek horrela, egun batzuk itxaron behar da Edesa Industrialek likidazioa saihestuko duela berresteko, Malagon epaileak baitu azken hitza, eta hark Fagor S. Coopek datorren astean aurkeztuko lukeen helegiteaz ebatzi beharko baitu. Aintzat hartuz gero, likidaziora bidaliko luke epaileak Edesa Industrial, Parladeren amesgaiztoa.

Fagor markaren geroa

Malagonek berak Fagor marka Fagor S. Coopi itzuli zion uda aurretik, egiatzat jota Edesa Industrialek ez dituela bete hura baliatzeko zuen akordioaren baldintzak. Bada, atzo, batzarkide bati eman zizkion azalpenetan, aditzera eman zuen auzi hori «erabakita» dagoela. Edesak helegitea aurkeztu zion epailearen ebazpenari, baina Malagonek «erabakitzat» jotzen du markaren auzia.

Hain zuzen, Fagor marka baliatu nahi duen atzerriko etxetresna konpainia bat Arrasateko taldearekin negoziatzen ari dela berretsi dio Fagor S. Coopek BERRIAri. Fagorren ezagun zahar bat da harremanetan dagoena, Amica poloniarra; «baina ez hura bakarrik», Fagor markaren jabe den taldeko iturriek diotenez. Lehen-lehenik, ordea, markaren auziak erabat itxi beharko du, epaitegietatik atera, alegia; gero, Fagor taldeak erabaki bat hartu beharko du: markak etxetresnen merkatuan oraindik izan dezakeen indarra bere alde jarri, hirugarren baten royalty-ak jasoz, edo aukera hori baztertu. Oraindik ez da heldu deliberazio hori hartzeko garaia.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna