'Brexit'-aren ekaitzak Mayri ez dio modurik utzi oporrak aurreratzeko

Irteera gogorraren aldekoek bultzatuta, Irlandako itsasoan mugarik ez ezartzea onartu du Komunen Ganberak. Bihar dira biltzekoak Londresen eta Bruselaren 'brexit'-erako negoziazio buruak
<em>Brexit-</em>aren kontra protesta egiteko hainbat ekitaldi antolatu izan dituzte Westminsterren ateetan. Goiko irudian, uztailaren 3an egindako bat.
Brexit-aren kontra protesta egiteko hainbat ekitaldi antolatu izan dituzte Westminsterren ateetan. Goiko irudian, uztailaren 3an egindako bat. ANDY RAIN / EFE

Igor Susaeta -

2018ko uztailak 18
Etxean aurpegiratzen diote «txapuza» bat dela brexit-a gauzatzeko proposatu duen aduana batasunerako plana. Eta EB Europako Batasunak belarrietatik tira egiten dio, Erresuma Batuak hurrengo urteko martxoaren 29an atera beharra daukalako batasunetik, eta oraindik ez dituelako etxeko lanak entregatu, ez duelako irteerarako plan zehatzik planteatu. Brexit-ak eragindako ekaitzak bete-betean harrapatu du Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroa azken astean, eta, batzuen zein besteen kritika zaparradatik aterpetzeko, udako oporrak aurreratzea proposatu zuen, atzo, haren gobernuak. Gaur zen bozkatzekoa proposamena, baina Komunen Ganberan ordezkatuta dauden alderdi guztiek jakinarazi zioten kontra bozkatuko zutela, eta, beraz, proposamena ez aurkeztea erabaki zuen Mayk azken unean. Horrenbestez, datorren asteartean hartuko dituzte oporrak. Oporrak aurreratzea bidegabea iruditzen zitzaien bai Alderdi Laboristari, baita lehen ministroaren Alderdi Kontserbadoreko gehienei ere, brexit-aren auzia pil-pilean dagoenean.

Brexit gogorraren aldeko tory-ak ere ez zeuden Mayrekin ados, nahiz eta lehen ministroak kontzesio bat egin zien, bezperan, komunen ganberan. Mayren kabineteak hilaren 6an publiko egindako aduana batasunerako lege proiektua bozkatu zuten, herenegun, behe ganberan, baita onartu ere. 318 boto alde, eta 285 kontra izan zen bozketaren emaitza —Lorden Ganberara eramango dute lege proiektua, oporren ondoren—. Halere, horri zuzenketa batzuk egitea proposatu zuten brexit gogorraren aldeko tory-ek. Horien lau zuzenketa onartu zituen parlamentuak. Beraz, bai laboristek, baita bere alderdiko brexit leunaren jarraitzaileek ere, «koldar bat» izatea egotzi diote Mayri.

Zuzenketetako batek eragin du polemikarik handiena. Izan ere, onartu dute Irlandako itsasoan mugarik ez ezartzea. Hori ez zegoen jasota Mayk brexit-erako liburu zurian planteaturikoan, baina Ipar Irlandako DUP Alderdi Unionista Demokratikoaren laguntzari esker dago politikari tory-a gobernuan, eta, Erresuma Batuan jarraitze aldera, unionistek ez dute, inondik ere, mugarik nahi itsasoan. Ez da hori, ordea, EBk nahi duena, eta behin baino gehiagotan jakinarazi dio Mayri. Lehen ministroak, halere, zuzenketak defendatu ditu, esanez «koherenteak» direla liburu zurian jasotakoarekin. Eta Liam Fox Merkataritza ministroak azpimarratu zuenez, denei «gustua ematea» ezinekoa da. «Konpromiso posizio bat mantendu behar dugu, herrialdeak akordio bat lor dezan Europako Batasunarekin».

Bitartean, bihar dira biltzekoak Dominic Raab brexit-erako ministro berria, eta Michel Barnier Bruselaren negoziatzaile burua. Raabek duela bederatzi egun hartu zuen kargua, David Davisek dimisioa eman zuelako Mayren brexit leunerako proposamenaren berri eduki eta gero.

Baina atzo dibortzio gogorraren aldekoak ziren pozik zeudenak. Sammy Wilson DUPeko diputatuarentzat, zuzenketa onartuta mezu bat helarazi diete Barnierri eta Leo Varadkar Irlandako Errepublikako lehen ministroari. Wilsonen esanetan, zuzenketa jarri ezean Irlandako Errepublikaren eta EBren aurrean «amore ematen» ariko ziren. Varadkar bera ere mintzatu zen, eta adierazi zuen Komunen Ganberan onartutakoak ez diela brexit-arekiko haien jarrera aldatuko, eta lasai daudela. Gaineratu zuen Irlandako Errepublikak prest egon behar duela «akordiorik gabeko agertoki baterako». Sinn Feineko presidente Mary Lou McDonaldek nabarmendu zuen, berriz, haiek inoiz ez direla ez Irlandako itsasoko mugaren alde egon, ez eta brexit-aren alde ere. «Brexit-aren zaleena da brexit-a. Gure uharteko muga ez dutela indartuko ziurtatzea da behar duguna».

Merkataritza legea

Brexit-aren ondorenerako merkataritza legearen proiektua onartu zuen, atzo, Komunen Ganberak: 387 alde, eta 286 kontra. Kasu honetan ez zuten onartu brexit gogorraren aldekoek egin nahi zioten zuzenketa bat.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna