Ur gaineko Europako lehenengo laborategia itsasoratu dute Bermeon

HarsLab plataformak itsasoko energia eolikoko egituren korrosioa aztertuko du, eta egiturontzako irtenbideak eskainiko ditu. Arantxa Tapiak egitasmo publiko-pribatuen beharra nabarmendu du

Itsasoan frogatuko den Europako lehen laborategia izango da HarsLab. Brasilen dago antzeko beste bat. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bermeo
2018ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Urrunetik ikusita buia bat dirudi, itsasontzientzako erreferentzia diren horietako bat. Baina buia bat izan beharrean, ur gaineko Europako lehen laborategia da HarsLab plataforma. Atzo itsasoratu zuten, Bermeoko portuan, eta datorren astean Armintzako (Bizkaia) Biscay Marine Platform-era eramango dute. Itsas zabalean dauden haize energia sortzeko materialen korrosioa aztertuko du, eta arazoentzako konponbideak ikertuko ditu egitura flotatzaile horrek. Laborategia urrutitik gidatuko dute, eta itsasoko energia eolikoan (offshore) lan egiten duten 11 euskal enpresak ekarpenak egingo dizkiote proiektuari, ikerketa horiek baliagarriak izango zaizkielako etorkizuneko negozio horretan sakontzeko.

Aitzindaria da HarsLab laborategia Europan; munduan antzeko ezaugarriak dituen beste laborategi bat dago, Brasilen. Europan ere badaude antzeko beste egitura batzuk, baina froga eta ikerketa horiek ez dituzte egiten itsas zabalean. HarsLab izango da horretan lehenengoa, eta klusterreko kideak ziur daude enpresentzat baliagarriak izango direla laborategiak eskainitako datuak. Azken finean, euskal kostaldearen ezaugarrien berri izateko baliagarria izango da plataforma berria.

Ekimen publikoari eta pribatuari esker hezurmamitu da proiektua. Euskadiko Energiaren Klusterrak sustatu du egitasmoa—bertako kide dira aipatutako 11 enpresak—; Tecnaliak diseinatu eta garatu du, eta Eusko Jaurlaritzak babestu. Hori dela eta, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburuak proiektu publiko-pribatuen beharra nabarmendu zuen atzoko ekitaldian: «Ez da nahikoa Eusko Jaurlaritzak bere aurrekontuak urtero %5 handitzea. Arlo pribatuak ere lagundu beharra dauka, baldin eta abangoardian egon nahi badugu ikerketan, teknologian eta ekoizpen prozesuan». Horregatik, proiektu honetan energiaren klusterrak egindako ahalegina eskertu zuen sailburuak.

HarsLab atzo Bermeoko portuan itsasoratu ahal izateko, 700.000 euroko inbertsioa egin dute alde denek, eta beste horrenbestekoa egingo dute datorren urtean itsasoratzeko asmoa duten bigarren laborategiarekin. Handiagoa izango da, eta egitura handiagoei zerbitzu emateko balioko duela aurreratu zuten aurkezpenean. Diseinua eginda dago, baina orain finantzaketa bila ari dira proiektu horrek ere aurrera egin eta errealitate bihurtu dadin.

Tapiak, ekimen publiko eta pribatuen arteko lotura goraipatu, eta era horretako elkarlan gehiago egin behar direla ere nabarmendu zuen. Eusko Jaurlaritzak asmoa agertu zuen gisa horretako ehun proiektu sustatzeko legegintzaldia amaitu baino lehen, eta sailburuak azaldu zuen dagoeneko 68 egin direla. Bide horretan jarraitzeko asmoa azaldu zuen, gainera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.