Normaltasun odoltsua

Kanpainan gertatu bezala, Pakistango boz orokorren egunean ere hilketa ugari izan da: gutxienez 31 lagun hil dituzte. Sharif lehen ministro ohiaren eta Khan kriket jokalari ohiaren alderdiak dira faborito

Quetta hirian izandako erasoan zaurituriko bat, atzo, ospitalera bidean. FAYYAZ AHMED / EFE.
ander perez zala
2018ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Ohiko bilakatu da. Hauteskunde kanpainako joera ez zen gelditu bozketa egunean, eta Pakistango herritarrak erasoen eta hildakoen berri izaten zuten bitartean joan ziren bozkatzera, atzo, parlamentu nazionaleko eta probintzietako ganberetako diputatuak hautatzeko. 180 pertsona hil ziren kanpainan izandako hainbat erasotan, eta atzo Estatu Islamikoak bere gain hartu zuen eguneko erasorik larriena: Balutxistango Quetta hirian gutxienez 31 pertsona hil eta 32 zauritu zituen suizida batek, bozketa gune batetik hurbil. Probintzia bereko Khuzdar barrutian izan zen beste erasoetako bat, AFP berri agentziaren arabera: polizia bat eta hiru herritar hil zituzten, granada bat bozkaleku batera bota ostean; ipar-mendebaldeko Khyber Pakhtunkhwa probintzian, berriz, tiroketak izan ziren, hildakorik gabe. Segurtasunaren auzia giltzarritzat zuten agintariek atzoko hitzordurako, eta, 450.000 polizia eta 371.000 soldadu kalera atera baziren ere, ez zuten lortu erasoak eragoztea. Hala, atzoko egunak frogatu zuen gertakari odoltsuak Pakistango normaltasunaren parte direla.

Nawaz Sharif lehen ministro ohi inhabilitatuak eta Imran Khan kriket jokalari ohiak, lehen ministro bilakatzeko bi faboritoek gaitzetsi zituzten erasoak gogorren. Aurreikuspenen arabera, hiru alderdik lortuko dute babes handien, eta, beraz, indar txikiekin negoziatu beharko dute gobernua osatzeko: Sharifen PML Pakistango Liga Musulmana —178 diputatu ditu egun—, Khanen PTI Pakistango Justiziarako Mugimendua —34 eserleku ditu—eta Bilawal Bhuttoren PPP Pakistango Alderdi Popularra —46 ditu— dira faboritoak, baina lehen bi hautagaiak dira lehen ministro kargura iristeko aukera handien dutenak. Gaur jakinaraziko dituzte emaitza ofizialak, baina atzo Pakistango hedabideek beren esku zeuden datuekin jakinarazi zuten parlamentuaren balizko osaketa berria: PTIk emaitzak hobetuko lituzke, 98 eserleku lortzeraino —%37—, eta PMLk beherakada handia jasango luke, 72 diputaturekin geratuko bailitzateke —%27,2—. PPPk ere antzekojoera luke, eta, datu horien arabera, 39 ordezkari izango lituzke—%14,7— datorren legealdian. Joera hori gaur baieztatuz gero, Khani legokioke gobernua osatzea, eta lehen ministro bilakatzeko aukera handienak izango lituzke.

Erasoen artean ez ezik, iruzur salaketen artean ere igaro zen bozketa eguna. Pakistango Hauteskunde Batzordeak jakinarazi zuenez, 645 salaketa jaso zituen, eta PMLk adierazi zuen ez dituela gaurko emaitzak onartuko arrazoi horrengatik; egun berean, Khanek urratu egin zuen boto sekretuaren araudia —botoa hedabideen aurrean emateagatik—, eta PTIren lehen ministrogaiak azalpenak eman beharko ditu.

Egonkortasun eza nagusi

Herrialdeak ez du ibilbide samurra izan XX. mendean independente bilakatu zenetik. Egun, gehien populaturiko herrialdeetan seigarrena da —193 milioi inguru—, eta arma nuklearrak dituen bederatzi estatuetako bat da. Barrura begira, arazoak izan ditu indarkeria eta pobrezia amaitzeko, eta herritarren herenak alfabetatu gabeak dira. Hori jakinik, hautagaiek arazo horiei aurre egiteko konpromisoa hartu dute.

Politikoki, ezegonkortasuna izan da nagusi zazpi hamarkadotan, diktadura militarrak eta sistema demokratikoak uztartu baitira; 1949an independentzia lortu zuenetik, bi estatu kolpe militar izan dira Pakistanen, eta denera lau militar izan dira boterean —azkena Pervez Musharraf jenerala, 1999tik 2007ra—. Ezegonkortasunaren erakusgarri ere bada boterearen lehen transferentzia demokratikoa 2013ko bozen ostean egin izana, Sharif bera lehen ministro hautatu zutenean. Iaz bota zuten kargutik, eta hamar urteko kartzela zigorra ezarri zioten, ustelkeria leporatuta.

Pakistanek bizilagunekin duen harremana ere ez da egokiena. India aspaldiko etsaia da, eta liskarasko izan dituzte mugan; besteak beste ,Kaxmirren auzian. Afganistanen, berriz, Pakistanekeragin eta rol garrantzitsua du, eta talibanen militante anitz herrialdean sartu izan dira babes bila —AEBen drone batek hil zuen talibanen buruzagi ohi bat Islamabad hiriburuan, 2016an—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.