Iruñean, T-Cross egiteko prest

Udazkenean bigarren modeloa ekoizten hasiko dira Landabenen. Espainiako Gobernuak iragarri du lantokia gaztetzeko UPNk iragarritako akordioa «ahozkoa» zela, eta ez zuela «legea betetzen»
Uztailean iragarri zuen Volkswagenek T-Cross izango dela Landabengo bigarren modeloa.
Uztailean iragarri zuen Volkswagenek T-Cross izango dela Landabengo bigarren modeloa. VW NAVARRA

Joxerra Senar -

2018ko abuztuak 8
Udazkenean urrats handi bat egiteko prest da Volkswagen Navarra. Aspalditik zabaldutako zurrumurrua baieztatu berri duVWek: T-Cross izango da Landabenen ekoitziko den bigarren modeloa. 1980ko hamarkada hasieran Alemaniako taldeak Iruñeko fabrika erosi zuen, eta, ordutik, Poloak baino ez dira produkzio katetik atera, eta, modelo arrakastatsu hori merkatuan oso ongi saldu bada ere, Landabenen, aspaldidanik aldarrikatukoa gauzatuko da aurki. Hori dena udazkenean etorriko bada ere, fabrikan erronka horri aurre egiteko gertu dira dagoeneko. Egunotan, lehen probak egiten hasiak dira, eta, egunero, lau T-Cross atera ohi dira produkzio katetik.

Iaz, hainbat modelo aldi berean ekoizteko aukera ematen duen MQB plataforma ezarri zen fabrikan, baina, ordura arteko produkzio sistemaren erabat desberdina zenez, hutsetik hasi behar izan zuen fabrika guztiak: sanferminak amaituta, ia lau hilabete iraun zuen egokitzapen prozesuak. Orain, aldaketa ez da hain handia. «Baieztatu digute fabrikazioaren erdia T-Crossak izango direla. Fabrikak bi txapa lantegi ditu, eta horietako bat bakarrik dago prestatua bi modeloak egiteko. Fabrika erdia baliatuko da», dio ELAko Igor Peñalverrek.

T-Crossak badu bere arriskua. Abian jarri zenetik, Iruñean betidanik ekoitzi den Poloak harrera ona izan du merkatuan. Horri esker, krisia saihestu du, eta 2011n produkzio historikoa erdietsi zuen (353.000 auto). Alta, ikusteko dago erosleek nola hartzen duten modelo berri hori.

T- Cross noranahiko arin bat da. VWen arabera, ibilgailuen artean hazteko tarte handiena duen esparrua da 4x4 ibilgailuena: datozen hamar urteetan atal horretako salmentak bikoiztu egingo direla kalkulatu du, eta, horregatik, adar horretako hainbat modelo indartu ditu taldeak (tartean, T Cross).

Taldeak berretsi du apustua iraunkorra dela. «Ongietorria ematen diogu bigarren modeloaren ekoizpenari. Oso harro gaude teknologia propioa garatuz eta konponbide aurreratuak emanez, T-Cross-aren ekoizpenarekin ekarpena egin diogulako», iragarri zuen uztailaren 10ean Andreas Tostmann Produkzio eta Logistika arloko VWeko mundu mailako arduradunak.

Bigarren modeloak produkzio bolumena handituko du, eta jauzi kuantitatiboa ematea ekar diezaioke Landabeni: urtean 350.000 ibilgailu ere egin ahal izango ditu. Zuzendaritzak nabarmendu du horri esker enplegua %10 inguru handituko dela eta 450 lanpostu inguru sortuko direla.

Lan hitzarmena, geldirik

Hala ere, aldaketok lan baldintzetan islatzerakoan, oro ez da urre. Urte hasieran, lan hitzarmena negoziatzeko bilerak hasi zituzten zuzendaritzak eta langileen batzordeko ordezkariek —UGTk (11 ordezkari) CCOOk (zazpi), LAB (lau), CGT (lau), ELAk (bi) eta CGC (bat)—. Hamabost bilera egin dituzte, baina ez dute ezer aurreratu. «Oraindik ez gara jarri ezer serio negoziatzen. Ez gara sartu xehetasunetan. Dena dira asmo oneko hitzak», laburbildu du LABeko Raul Portillok.

Uneotan foku nagusia lantegia gaztetzeko planak hartu du. Maiatzaren 22an, ezustean, UPNk jendaurrean iragarri zuen Mariano Rajoyren gobernuarekin ados jarri zela, eta aurtengo aurrekontu orokorren proiektuan Volkswagenen langileria gaztetzeko plan bat onartu zutela: 60 urtetik gorako langileak aurrez erretiratu eta langile gazteekin ordezkatzeko egitasmoak 80 milioi euroko finantzaketa publikoa jaso dezake. UGTk eta CCOOk txalotu zuten egitasmoa, eta LABek salatu zuen «UPNri aurpegia garbitzeko saioa» zela.

Garaikur gisa saldu zuen akordioa UPNk, baina bere aurka itzuli da. Espainiako Gobernuan aldaketa egon da, eta, iragan astean, Reyes Maroto Industria Ministroa labur baina irmo mintzo zen: nabarmendu zuenez, 80 milioi euro horiek «ez ziren aurrekontuetan jaso», PP eta UPNren arteko akordioa «ahozkoa» baino ez zen, eta «ez zuen legea betetzen. Irrigarri gera daitekeenez, Javier Esparza UPNko presidenteak haizagailua Madrilerantz zuzendu du, eta ministroaren hitzak «penagarriak» direla deritzo. Marotori aurre eginez, iragarri du «errealitate» itundua izango ela.

Zirimola politikoaren erdian, Volkswageneko langileen batzordeko ordezkariek ez dute plana jaso: «Bost aldiz eskatu dugu plan horri buruzko edukia, eta VWek esaten du alderdiei galdetzeko. Aldi berean alderdiek aldizkari espezializatu bati erantzun diote VWengana jotzeko. Guk esan diegu bazterrak nahasteari uzteko». Haserre dago Raul Portillo, ikusten baitu UPNk operazio politikoaren saiakera euren bizkar egin duela: «Enpresatik kanpoko jendea ari da lan hitzarmena negoziatzen. Gutxiesten ari zaizkigu, eta gure eskubideak urratzen», gaineratu du.

Hiru hilabeteotan sindikatu batzuek ez dute ustezko plan horren edukia izan, baina UPNk bere jokaldia justifikatu nahi izan duenean, herenegun, Diario de Navarra-k akordioaren bost orrialdeak kaleratu zituen. ELAk UGTren eta CCOOren jarrera ere irmo gaitzetsi du. «Biek parte hartu zuten aurrekontu antisozialei sostengua emateko UPNren kanpaina mediatikoan». Sindikatuak nabarmendu du gaztetzeko plan horrekin soldata eskala bikoitzak ezarri nahi dituztela.

Presarik ez

Orain ikusi behar da zer gertatzen den lan hitzarmenarekin. «Zuzendaritzak ez du presarik», azaldu du Igor Peñalverrek. Gainera, 2016an, bigarren modelorako akordioa jada hitzartu zuen CCOO, UGT eta CGC sindikatuekin, eta orain hori dago indarrean. ELAren arabera, gakoa da nolako egiturazko neurriak hartu behar diren urtean 350.000 ibilgailuren ekoizpenari modu egokian erantzuteko: «Zuzendaritzak nahi du hilero zehaztea nola banatuko diren lanegunak, eta nola lan egingo den asteburuetan. Guk nahi dugu urtarriletik jakitea urte osoko produkzioa. Susmoa dugu ez dutela horri buruz hitz egin nahi».

Ados dago horrekin Portillo. «Auto salmentez arduratzen den atalaz baliatzen dira. Hark badio 3.000 auto berri egin behar direla, modu horretan zehazten dira asteburuko borondatezko txandak, eta behin-behineko jendea kontratatzen da. Karta horrekin jokatu nahi dute behin-behinekoak kontratatu eta lantokia gaztetzeko». Ezkor da negoziazioarekin Raul Portillo. «VW beti gure bizkar ibiltzen da, UGT eta CCOOrekin atzetik akordioak lortuta». Esperientziak hala baieztatu dio.