Bi bide helmuga bakarrerako

Siriako presidenteari Idlib probintziaren kontrola berreskuratzea falta zaio behin betiko garaipena aldarrikatzeko. Gaur-gaurkoz, bi aukera ditu: erasoaldi militarra ala akordio bat matxino islamistekin

Matxino islamistak Damasko inguruan, iragan martxoan, gobernuaren autobusen alboan. Idlibera joan ziren. YOUSSEF BADAWI / EFE.
ander perez zala
2018ko irailaren 1a
00:00
Entzun
Gerrako une erabakigarrienaren atarian dira Sirian. Baxar al-Assad herrialdeko presidenteari ipar-mendebaldeko Idlib probintziaren kontrola berreskuratzea falta zaio zazpi urte iraun duen gatazkari amaiera emateko —kurduek kontrolatzen duten eremu erraldoiarekin zer gertatuko zain—, eta, helburu horri begira, egunotan areagotu egin dira maniobra militarrak eta elkarrizketa politikoak, iristear dagoen etorkizunerako bidea zehazteko. Izan ere, datozen asteetako gakoa izango da Damaskok Idliben kontrola nola berreskuratuko duen zehaztea: erasoaldi militar baten bidez ala akordio baten bidez. Bi kasuetan, garaipena eskuratua du Damaskok, baina gaur-gaurkoz bi aukerak daude mahai gainean, eta oraindik zaila da aurreratzea Siriako presidenteak eta haren aliatuek zeinen alde egingo duten.

Aurten, batez ere, Al-Assadek akordioak lehenetsi ditu azken eremuen kontrola berreskuratzeko. Hori izan da irtenbidea, eraso militarrik gabekoa; azken kasua Siria hego-mendebaldekoa izan zen, Daraa probintziarena, esaterako. Eremu horietan ere, aurrekoekin egin bezala, korridore humanitarioak ireki zituzten, matxino islamistak eta haien senideak «salbu» atera zitezen; denek, ordea, helmuga bera zuten: Idlib probintzia. Siriako presidenteak eta haren aliatuek akordioaren aldeko apustua egin zutenetik, probintzia horretako biztanleria etengabe handitu da; adostasun horiek, ordea, hasieratik argi utzi zuten iristear dagoen egoera laster iritsiko zela, denbora kontua zela, Damaskoren garaipenei erreparatuz gero.

Panos Moumtzis NBE Nazio Batuen Erakundearen Siriarako laguntza humanitarioaren koordinatzaileen hitzek definitzen dute egungo Idlib: «Ebakuatuen zabortegia da». Izan ere, probintziak bere biztanleria bikoiztu du matxinoak iritsi ahala; egun, 2,5 milioi pertsona daude han, herrialdearen biztanleriaren %14. Barne migrazio horren adibide da Ghuta ekialdea: apirilean, Errusiako armadaren eta matxinoen akordioaren ostean, eremu horretako herritarren %70 joan ziren Idlibera.

Horiek horrela, eremua erasoaldi militarrerako prestatzen ari da. NLF Askapen Nazionalerako Fronteak, Turkiaren babesa duen matxino islamisten milizien koalizioak, probintziako zubi garrantzitsuenak suntsitu zituen atzo, defentsa estrategia gisa; horietako batek hegoaldean duen Hama probintziarekin lotzen zuen Idlib, eta, matxino horien arabera, erasoaldia eremu horretatik hasteko asmoa du Damaskok. NLF, ordea, ez da Idlibeko talde armatu garrantzitsuena, HTS Hayat Tahrir al-Sham aliantza baizik; Al-Qaedaren Siriako adar ohia du talde garrantzitsuena, Jabhat al Nusra, eta Siriak eta Errusiak talde armatu hori dute erasoaldiaren helburu nagusitzat.

Bien bitartean, balizko erasoaldi militarrarekiko erreferentziak areagotu dituzte Damaskok eta Moskuk. Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak, esaterako, datorrenaren zantzu batzuk eman zituen atzo: «Terroristak Idlib probintziatik botatzeko eskubidea du Siriako Gobernuak. Egun, korridore humanitarioak finkatzeko hitz egiten ari gara». Errusiaren, Iranen eta Turkiaren arteko negoziazioei egin zien erreferentzia Lavrovek, hizketa horietan zehaztuko baita Idliben eta oro har Siriako gatazkaren etorkizuna. Ordea, Errusiako Atzerri ministroak ez zuen baztertu erasoaldi militarra, eta Mendebaldeari eskatu zion«ez oztopatzeko» halako erasorik.

Vladimir Putin Errusiako presidentea, Hassan Rohani Irangoa eta Recep Tayyip Erdogan Turkiakoa datorren ostiralean elkartuko dira Teheranen, eta litekeena da bilera horretatik ateratzea behin betiko irtenbidea.

HTSren jarreraren zain

Abu Mohammed al-Golani HTS aliantzaren buruak joan den asteazkenean jakinarazi zuen ez dutela akordiorik nahi Damaskorekin, eta borrokarako prest daudela, hori ez egitea «traizioa» litzatekeela. Ordea, taldeak bere azken oharrean adierazi du «lanean» ari direla «irtenbide baliagarri bat zehazteko» eta «erregimen kriminalaren erasoaldi bat saihesteko».

Damaskok eta Moskuk eraso horretarako aukeraren alde egin duten arren, Ankarak ez du begi onez ikusten, Idliben aliatuak eta interesak dituelako, eta probintzia Turkiarekiko mugan dagoelako. Mevlut Çavusoglu Turkiako Atzerri ministroarentzat, estrategia argia da: «Muturreko talde batzuk daude; onena da horiek identifikatzea, besteengandik banantzea eta deuseztatzea, eta ez bereizi gabe eraso egitea».

Erasoaldi militarrik ez egiteko deiak areagotu diren arren, Siriako armadak maniobra militarrei ekin die, eta hainbat tanke eta azpiegitura militar hurbildu ditu Idliben mugara. Errusia ere bide beretik ari da, eta Mediterraneora bidali ditu hamahiru gerraontzi, Al-Assaden indarrei babesa emateko. Turkiari dagokionez, Idlibeko Jisr al-Shughur hirira bidali du konboi militar bat, han baitu probintzian dituen behaketa postuetako bat.

Damaskoren behin betiko estrategiaren zain, NBEk adierazi du erasoaldi batek 700.000 pertsona behartuko lituzkeela lekualdatzera, eta «ondorio dramatikoak» eragingo lituzkeela probintzia horretan.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.