LABen ustez, elkarrizketa sozialari buruzko proposamena «antzua» da

Aranburuk salatu du beto eskubidea ematen diola patronalari, eta iragarri du alegazioa jarriko diotela zirriborroari. Adierazi du ELAk eta LABek badutela «nahikoa autonomia» akordio bat lortzeko

Garbiñe Aranburu, atzo, LABen Bilboko egoitzan egin zuen agerraldian. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2018ko irailaren 6a
00:00
Entzun
«Antzua» eta patronalari «beto eskubidea» ematen diona. Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak gaitzetsi egin zuen atzo Eusko Jaurlaritzak elkarrizketa soziala instituzionalizatzeko egin duen zirriborroa, gehiengoak ez dituelako errespetatzen. Proposamenari alegazioa jarriko diotela aurreratu zuen sindikatuak, eta, herenegun ELAk egin zuen bezala, mahai horretan esertzeari uko egin zion LABek ere. Proposamena oraingoz hankamotz abiatu da, beraz.

Mahaiari muzin egingo diotela adierazi zuten agerraldi berean, ordea, abiatu berri den urte sindikalerako erronkak zehaztu zituen LABek. Gizartean suspertze sozial bat sumatzen dutela azaldu zuten, horren adibide pentsiodunen eta feministen borrokak aipatuz. Bada, enpresetan ere indar hori sumatzen dutela azaldu zuten. Igor Arroyo idazkari nagusi ondokoaren arabera, iaz 120 gatazketan hartu zuen parte LABek, eta horietatik 64tan grebara jo zuten beharginek. «Gaur egungo egoeran, badirudi gehiagora joko duela».

Testuinguru hori «prekarizazioari aurre egiteko» baliatuko du sindikatuak, une honetan ez baitute «agintarien artean borondaterik ikusten» egoerari aurre egiteko. «Lanera joatea ezin da arriskutsua izan», azaldu zuen Aranburuk, uda honetan izan diren laneko istripuei erreferentzia eginez. Udaldian hamabost langile hil direla zehaztu zuen sindikatuak. «Patronalak indarkeria mota hori erabiltzen du; saihestu daitekeen zerbait da, lan baldintza prekarioak kenduz, eta prebentzio neurriak hartuz gero». Hala ere, Aranburuk azaldu zuen laneko heriotza horiei ematen dieten erantzunetan sakondu nahi duela sindikatuak, eta gaineratu du gogoeta horiek partekatuko dituztela.

Aliantza ezaren urteurrena

Hausnarketa horiek aliatuekin partekatuko dituela esan zuen, baina gaur egun LABen eta ELAren arteko harremanek hotz jarraitzen dute: «Uda aurretik harremanak apurtuta zeuden, eta orain berdin daude». Atzo urte bat bete zen bi sindikatuek aldaketa soziala bideratzeko prozesu subiranista abiatzeko adierazpena aurkeztu zutenetik, eta urteurrena harremana etenda ospatu zuten. «Akordio horretan sakontzea bi sindikatuen esku dago, eta horretarako nahikoa autonomia daukagu bakoitzak». Hala ere, bertan adostutako konpromisoetan aurrerapausoak emateari uko egin dio ELAk, Aranbururen ustez.

Horretarako pilota LABen teilatu gainean jarri izan du ELAk maiz, greba askotan ez daudela adieraziz, eta autonomia politiko nahikoa ez duela esanez. «Argi erakutsi dugu gatazketan bagaudela», azaldu zuen joan den urte sindikaleko datuak gogora ekarriz.

Nahiz eta aitortu zailtasunak handiak direla, LABeko arduradunak berriro aldarrikatu zuen akordioaren beharra, «baina orain baldintzarik ez dagoela» argi azalduta. Abiatzera doan urte sindikalean hauteskunde sindikalak egingo dira Hego Euskal Herriko enpresa askotan, eta horiek igaro ostean «ikusi beharko da aukerarik ote dagoen».

Hauteskunde horietara helburu zehatzekin iritsiko da LAB. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bigarren sindikatu gisa finkatu nahi du, CCOOrekiko aldea handituz. Nafarroan, berriz, ordezkarien %16 lortu nahi du sindikatu abertzaleak. Hego Euskal Herriari begiratuz gero, bestalde, bigarren postuan egonkortu nahi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.