Urtarrilaren 16an hasiko da Cabezudoren aurkako lehenengo epaiketa

Fiskalak leporatzen dio lekuko bat estutu izana Interneten jarriz hura biluzik ageri den argazkiak, eta lau urteko espetxe zigorra eskatu du. Otsail-martxoetan epaituko dute berriz, beste auzi batengatik
JUAN CARLOS RUIZ / @FOKU

Jokin Sagarzazu -

2018ko abenduak 1
Akusatuen aulkian eseriko da Kote Cabezudo urtarrilaren 16an, lehenengoz. Egun horretarako dute jarria haren auzibideko lehen epaiketaren lehen eguna, Donostiako Zigor Arloko lehen epaitegian. Justiziari traba egitea leporatu dio fiskaltzak, eta lau urteko espetxe zigorra eskatuko du, delitu horregatik galdegin dezakeen gehienezkoa. Kartzela-zigor eskaera bera egingo du akusazio partikularrak. Defentsak, berriz, absoluzioa eskatuko du. Argazkilari zen garaian modeloei sexu abusuak egitea leporatuta jarritako hogeitik gora salaketarengatik ari dira ikertzen Cabezudo. Auzibidea hamazazpi piezatan dago banatuta, eta horietako bati dagokio urtarrilean hasiko den epaiketa.

Sexu abusuak salatu zituen emakume bat biluzik ageri den argazki batzuk Interneten jartzeagatik epaituko dute. Emakume hori ere modelo aritu zen Cabezudorentzat urte batzuk lehenago; lekuko gisa joan zen deklaratzera epaitegira, besteek jarritako salaketen harira. Fiskalak uste du Cabezudok mendekuz edo salatzailearen jarrera aldarazteko argitaratu zituela argazkiak. Horrez gain, akusazio partikularrak beste bi delitu leporatzen dizkio argazkilariari: intimitatea urratzea eta andrea hertsatzea: jarrera aldarazten saiatzea, indarkeria fisikoaren edo psikologikoaren bitartez.

BERRIAk jakin duenez, auzibide horrekin batera beste baten ikerketa ere amaitu du instrukzio epaileak, eta epaiketa otsail-martxoetarako espero dute aldeek. Donostiako Auzitegiak laster jakinaraziko du noiz egingo diren ahozko saioak eta zer epaitegik epaituko duen Cabezudo bigarrenez. Instrukzio epaileak dokumentuak faltsutzea leporatu dio. Akusazioak lau urte eta zortzi hilabeteko kartzela zigorra galdegin du, delitu horrez gain sexu abusuekin loturiko beste batzuk egozten baitizkio, urtarrilean hasiko den epaiketan bezala. Fiskalaren iritzian, azken horiek preskribatuta egongo lirateke; hori hala, bost hilabeteko zigorra eskatu du. Defentsak, absoluzioa.

Adingabea zenean Cabezudorentzat lan egin zuen emakume batek jarritako salaketa bat dago bigarren auzi horren oinarrian. Horren arabera, argazkilariak kontratuen hasiera datak aldatzen zituen modeloek 18 urte edo gehiago zituztela erakusteko.

Cabezudoren aurkako auzi nagusian dago bi epaiketa horien jatorria: modelo lanak egindako bederatzi emakumeren salaketetan, sexu abusuengatik. Kausa horren ikerketa azken urratsetan dago; diligentzia nagusiak eginda daude, eta urte hasierarako espero dute amaitzea. Gero, auzitegiak erabaki beharko du epaiketa egin ala ez, eta zer epaitegitan. Auziaren konplexutasuna dela eta, akusazioak uste du datorren urteko irailera arte gutxienez itxaron beharko dutela epaiketarako. Bederatzi horien ostean jarritako salaketak, berriz, aparteko pieza gisa ari dira ikertzen, eta atzeratuago doaz. Beraz, horien epaiketa aurrerago egingo dute.

Gaur, elkarretaratzea

Cabezudo Martuteneko espetxean (Donostia) dago joan den maiatzaz geroztik. Auzibideak hainbat gorabehera izan ditu. Donostiako 4. Instrukzio Epaitegiaren esku egon da kasua, baina akusazioak Ana Isabel Perez Asenjo epailea salatu zuen, prebarikazioagatik eta delituak ez pertsegitzeagatik —egotzi zion Cabezudok Interneten zeuzkala artean modeloen argazkiak, eta ez zuela neurririk hartzen horren kontra—. EAEko Auzitegi Nagusiak Julian Garcia Marcos epailearen esku utzi zuen instrukzioa, baina, aurreko epaileak helegitea jarri, eta auzitegiak arrazoia eman zion. Dena den, ez diote ikerketaren ardura itzuli. Horren ostean, Perez Asenjok salaketa jarri zuen akusazioaren abokaturen kontra, bere ohoreri kalte egiteagatik: 60.000 euro eskatu dizkio kalte-ordainetan.

Cabezudoren biktimei elkartasuna agertzeko, elkarretaratzea antolatu dute gaurko Donostiako Bulebarrean, 17:00etan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna