Azken hiru urteetan erdira jaitsi da diesel auto berrien salmenta

2018an saldutako auto berrien %32k soilik zerabilten gasolioa Hego Euskal Herrian. Iaz, 54.944 auto berri saldu zituzten, aurreko urtean baino %5,8 gehiago. Peugeot auto marka saldu da gehiena

Azken hiru urteetan erdira jaitsi da diesel auto berrien salmenta.
Jon Fernandez.
2019ko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun

Merkatua irauli egin da oso denbora gutxian. Azken hiru urteetan, erdira jaitsi dira diesel motordun autoen salmentak Hego Euskal Herrian. Erreferentzia moduan Espainiako merkatuko datuei erreparatzea baino ez dago —proportzioak antzekoak dira Hegoaldean—: 2015aren amaieran saldutako auto berrien %62,9 ziren gasolio bidezkoak; 2018aren amaieran, berriz, salmenten %31,7 baino ez dira izan Hegoaldean —Europako Batasunean %34,7 ziren iazko irailean—. Salmenten ia %64 izan dira gasolinazko motordunak, eta ia %7 besteak —elektrikoak, hibridoak eta gasdunak—. Edozelan ere, 2018a aurrekoa baino urte hobea izan da auto saltzaileentzat: Hegoaldean, 54.944 auto berri saldu dituzte, aurreko urtean baino 3.008 gehiago. %5,8ko igoera, beraz: 2017an baino sei hamarren handiagoa. Gehien saldutako marken zerrendan, Peugeotek lehen postua kendu dio Opeli, 4.319 auto salduta; biak dira PSA taldekoak.

Gasolioaren gainbeherari dagokionez, 1995etik ez da hain diesel gutxi saldu proportzioan. 1990ean saldutako auto berrien %87 ziren gasolina bidezkoak, eta %13 dieselak, baina bost urtean sekulako goraldia izan zuen: 1995ean %67ra jaitsi zen gasolina, eta %33ra igo diesela. Mende amaieran, 1999an, diesela gailendu egin zitzaion gasolinari lehen aldiz: %50,4 eta %49,6. Harrezkero, etengabe egin zuen gora dieselak, harik eta 2011n goia jo arte, merkatuaren %70 hartuta.



'Dieselgate'-aren inflexioa

2012az geroztik, indarra galduz joan zen diesela, eta hiru urtean zazpi puntu apaldu zen, 2015aren amaierarako salmenten ia %63 lortuta. Inflexio puntu bat izan zen 2015a autogintzarentzat, urte horretako irailean dieselgate auzia lehertu baitzen Europako autogintzaren bihotzean: Alemaniako Volkswagenen.

Autoen gas isurien iruzurrak dieselaren ospe galera ekarri zuen, eta instituzio publikoek ere norabide horretan eman dituzte pausoak: Europako hainbat hiritan hirigunera sartzeko debekua ezarri diete diesel auto batzuei, eta diesel erregaiaren zergak ere igo dituzte.

Esate baterako, Espainiako Gobernuak asmoa dauka aurten dieselaren zerga igotzeko, gasolinarenarekin parekatzeko —gasolio litroak 37,9 zentimoko zerga ordaintzen du, eta gasolinak, berriz, 47,269 zentimokoa—. 2019rako aurrekontuetan txertatu nahi zuen igoera, baina aurrekontuak onartzeko gehiengorik ezean, saia daiteke igoera egiten Klima Aldaketaren Legearen proiektuaren bidez.

Diesela estutzeko neurriak gorabehera, 2018ko auto salmentak Hego Euskal Herrian baino apalagoak izan dira inguruko herrialdeetan. ACEA Europako auto saltzaileen patronalak otsailaren 7an argitaratuko ditu 2018ko datu guztiak, baina azarora arteko datuek erakusten dute salmentak oso gutxi handitu direla EBn. Urtarriletik azarora bitartean iazko aldi berean baino %0,8 auto gehiago saldu zituzten.

Europa osoan izan du eragina irailean indarrean sartu zen legedi berriak. Aurreko NECD neurketaren ordez (New Europan Driving Cycle), irailaz geroztik WLTP moduarekin (Worldwide Harmonised Light Vehicle Test Procedure) neurtzen dira Europan matrikulatzen diren auto guztien kontsumoak eta gas igorpenak. Modu berriak zorrotzago neurtzen ditu atmosferara egindako igorpenak.

Kontua da fabrikatzaileak 2017aren amaieran hasi zirela modelo berriei WLTP ezarpena jartzen, baina oraindik fabrikatzaileek bazeuzkaten NECD metodoarekin neurtutako autoak saldu gabe. Bruselak abuztu amaiera jarri zuen mugatzat: ordurako, metodo zaharreko auto gehienek matrikulatuta egon behar zuten, stocketik kanpo.

2019ko ziurgabetasunak

Epemugaren akuilua dela eta, saltzaileek sekulako deskontuak eskaini zituzten udan neurgailu zahardun autoak saltzeko, eta hilabete horretan auto salmenta %36 handitu zen Hego Euskal Herrian, 4.451 auto berri matrikulatuta. Abuztuko salmenten gorakada antzekoa izan zen EB osoan, %31,2 igo baitzen.

Irailaz geroztik, salmentak lau hilabetez txikitu dira, eta kexu dira auto saltzaileak. Anfac, Faconauto eta Ganvam Espainiako auto saltzaileen patronalek adierazi dute merkatuaren ahultasunaren seinale dela, jada ez duela balio esateak abuztuko igoera handia orekatzeko joera denik apalaldia.

2019a «ziurgabetasunez beteta» datorrela ohartarazi du Raul Moralesek, Faconautoko komunikazio zuzendariak. Haren esanetan, «ekonomiaren hazkundea moteltzeko arriskuak eragina dauka kontsumitzaileen konfiantzan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.