Hamar urteren ostean, 46.200 langabe gehiago daude krisi hasieran baino

Hego Euskal Herria ez da gai izan 2008ko iraileko langabezia mailara bueltatzeko. Azken lau urteetako langabezia jaitsierarik txikiena izan da 2018koa, 11.000 langabe gutxiago zenbatuta.

Jon Fernandez.
2019ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun

Hamarkada galduaren kontzeptua motz geratu da langabeziari dagokionez. Hego Euskal Herria ez da gai izan krisiaren aurreko langabezia mailara bueltatzeko hamar urte igaro eta gero: 2008ko irailean baino 46.216 langabe gehiago zeuden 2018ko abenduaren 31n, 152.516 hain zuzen ere. Hamarkada galdua zenbat luzatuko den esatea ezinezkoa bada ere, egin daiteke ariketa kalkulatzeko zenbat denbora gehiago beharko litzatekeen krisi aurreko langabe kopurura ailegatzeko: lau urte eta bi hilabete beharko lirateke, 2022ko otsail amaierara arte, datozen urteetan 2018ko enplegu sorrera erritmoari eutsiz gero —ia 11.000 langabe gutxiago zenbatuta urtero—. Baina ekonomia ez da zientzia zehatza, faktoreak aldakorrak dira, eta aurreikuspenek erakusten dute hazkunde ekonomikoa moteldu egingo dela datorren urtean, eta harekin batera langabeziaren jaitsiera ere bai.

Ikusi besterik ez dago nola joan den moteltzen urtetik urtera langabe kopuruaren jaitsiera: 2015ak 20.400 langabe gutxiago utzi zituen; 2016ak, ia 17.000 gutxiago; 2017ak, ia 13.000 gutxiago; eta 2018ak, ia 11.000 gutxiago. Urtetik urtera langabe gutxiagok lortu dute enplegu bulegoetako zerrendetatik ateratzea, nahiz eta azken lau urteetan %3 inguruko erritmoari eutsi dion hazkunde ekonomikoak Hego Euskal Herrian.

Aldiz, bilakaera hobea izan du enpleguaren sorrerak langabeziarenak baino. Gizarte Segurantzaren azken datuak horren lekuko: Hegoaldean 1,2 milioi langile daude afiliatuta Gizarte Segurantzan, iazko abenduan baino 26.422 gehiago. Oraindik ez da berreskuratu 2008 afiliazio maila, baina ez da asko falta, 5.154 kotizatzaile hain zuzen ere. Gasteizko eta Iruñeko gobernuek adierazi dute urte emankorra izan dela enpleguarentzat, baina sindikatuek ohartarazi dute sortutako enpleguaren zati handi bat prekaritatean oinarritzen dela.

LANGABEAK

Beherakadarik handiena, Nafarroan


Azken urtean, langabeziak, lurraldeka, Nafarroan egin du beherakadarik handiena (%8,09), 2.890 langabe gutxiagorekin; Gipuzkoan %6,75 jaitsi da langabe kopurua (-2.294); Bizkaian %6,49, 4.732 langabe gutxiagorekin; eta Araban %4,10, 847 langabe gutxiagorekin. Hego Euskal Herrian, beraz, langabezia tasa %11,45era jaitsi da 2018. urte amaieran.

Beatriz Artolazabalek, Eusko Jaurlaritzako Enplegu sailburuak aipatu du «urte ona» izan dela enpleguarentzat, eta nabarmendu du Iñigo Urkulluren gobernuak lortu duela legealdi hasieran jarritako helburua, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, batez beste, langabezia tasa %10etik jaistea (%9,5). Gainera, Artolazabalek azaldu du 2016ko azaroan legealdia hasi zenetik 18.026 langabe gutxiago daudela.

Antzeko tonu baikorrarekin mintzatu da langabezia eta afiliazio datuez Miguel Laparra, Nafarroako Eskubide Sozialetako lehendakariordea: «32.842 pertsona daude langabezian Nafarroan, 2008ko abenduan baino 100 pertsona gutxiago».

SEKTOREAK

Zerbitzuen bultzada

Batez ere zerbitzuen sektorean Gabonetako denboraldirako egindako kontratazioek eragin zuten langabeziaren jaitsiera (-1.998) joan den abenduan. Izan ere, sektore horretan 2.081 langabe gutxiago erregistratu zituzten abenduan. Aldiz, industrian gora egin zuen langabeziak abenduan (+751), eta baita eraikuntzan ere (+342).

Zerbitzuetan, Eguberrietarako sortutako enpleguetan batez ere gazteak eta emakumeak kontratatu dituztela azaldu du LABek, baina gaineratu du ekarritako hobekuntza «oso prekarioa eta iheskorra» izan dela, «sortutako enpleguaren antzerakoa».

KONTRATUAK

Hamarretik bakarra mugagabea

Kontratazioari dagokionez, aldi baterakotasunaren «abusua» salatu du UGT-Euskadi sindikatuak. 2018an sinatutako 100.129 kontratu berrietatik %7 baino ez ziren izan mugagabeak. Eta LABek esplikatu du aldi baterako kontratuen erdiek ez dutela hilabetea gainditzen. Bi sindikatuen iritziz, agerian dago lan merkatuaren segurtasun gabezia. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan lanean ari diren 128.000 pertsona lanpostu hobe baten bila egotea «oso deigarria» egiten zaio Maribel Ballesteros UGT-Euskadiko politika sindikaleko arduradunari, agerian uzten dituelako haien «enplegu prekarioak».

LAN MERKATUA

PPren 2012ko lan erreforma «desegin» beharra

Sindikatuek kronifikatuta ikusten dute prekaritatea lan merkatuan, eta uste dute Espainiako Gobernuaren langabezia sarien politikak ere ez dituela bermatzen langabeen beharrizanak: hamar langabetik seik ez dute inolako langabezia saririk jasotzen Hegoaldean.

UGTko Ballesterosek 2019rako etxeko lanak eman dizkio PSOEren gobernuari: «Alderdi Popularraren lan erreformak indargabetu behar ditu, kontratazio prekarioa, kalitate txarrekoa eta aldi baterakoa ekarri dutelako». Hain zuzen, 2012ko lan erreformaren neurri gakoak aldatzeko akordioa lortzear daude Madrilen UGT, CCOO eta gobernua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.