Bigarren urtez superabita izan zuen Nafarroak iaz, 116 milioi eurokoa

Aranbururen arabera, kontu publikoak «osasuntsu» daude, zor publikoa 185 milioi murriztu baita eta gastu araua bete baita. Espero du Madrilek inbertsiorako 77 milioi euro baimentzea
Mikel Aranburu Nafarroako Ogasun kontseilaria, parlamentuan, urrian.
Mikel Aranburu Nafarroako Ogasun kontseilaria, parlamentuan, urrian. IÑIGO UREZ / FOKU

Joxerra Senar -

2019ko otsailak 9
Datozen hauteskundeetan gertatzen dena gertatzen dela, Mikel Aranburu Nafarroako Gobernuko Ogasun kontseilariak aurreratua du kargua utziko duela. Aurretik esan izan du iritsi zenean «diru gutxi eta zor handia» aurkitu zuela altxortegian. Lau urte geroago finantza publikoak «osasuntsu» utziko dituela ziurtatu zuen. Zenbakiek hori diote. 2017an bezala 2018an ere, Nafarroak superabitarekin amaitu zuen urtea: gastatu baino 116 milioi gehiago jaso zituen. Aranburuk azaldu duenez, urte hasieran aurreikusi baino 60 milioi inguru gehiago bildu zituen zerga bidez, eta gutxiago gastatu zuen.

Azken bi urteotako kudeaketak arnasa eman die kontu publikoei. Duela urtebete, Espainiako zein Iruñeko gobernuek 2015-2019 eperako ekarpenaren kalkulua hitzartu zuten, eta, Nafarroak aurreko bi urteetan gehiegi ordaindu zuenez, diru hori itzuli behar izan zuen Madrilek. Horregatik, 241 milioi euroko superabitarekin amaitu zuen urtea, baina kopuru horretatik gehiena zorra amortizatzeko erabili zuen gobernuak.

«Pisu handiko lasta»

Gertaeroi alde ona ikusi nahi izan die Aranburuk. Izan ere, atzoko agerraldian, zorraren jaitsierari garrantzia eman nahi izan zion. Zor publikoa 187 milioi euro gutxitzea lortu zuen gobernuak, 3.628 milioitik 3.441 milioira. Modu horretan, egun, Madrilek ezarritako helburua betetzen du: barne produktu gordinaren %17,5. Zifrez harago, Aranburuk adierazi zuen «pisu handia» kendu diela. «Etorkizuneko belaunaldiei lasta bat pasatzen diegu zorpetuta, eta, kasuren batean, arrazoituta egon daiteke zorra, baina ez kasu guztietan. Gehiegizko gastuok kendu behar dira aurrekontuetatik».

Superabita lortuta eta zorraren helburua beteta, finantza egonkortasunaren hirugarren xedea ere bete zuen iaz Nafarroak: gastu araua. Superabita izanik ere, aurreko urtearekin alderatuta gehienez %2,4ko gastua izatea baimentzen die Espainiako Gobernuak administrazio publikoei, eta gainerakoa zorra ordaintzera behartzen ditu. Aranbururen arabera, aise bete zuten iaz. Hala ere, Madrilekin batera finkatu behar da gastu araua, eta urrira arte ez da zehaztuko bete ote duen.

Hain zuzen ere, aurreko urtean hori gertatu zitzaion Aranbururi. Otsailean aurreratu zuen 2017an «ziurrenik» bete zuela gastu araua, eta Madrilek gerora ondorioztatu zuen ez zuela bete, oso gutxigatik. Baldintza hori bete ez izana bere alde erabili zuen PSOEren gobernuak. Urrian Nafarroako Parlamentuak inbertsiorako 113 milioi erabiltzeko foru legea onartu arren, Pedro Sanchezen gobernuak soilik 33 milioi baimendu zituen, gastu araua bete ez zuela argudiatuta.

Auzi hori ez da oraindik konpondu. Horri buruz galdetuta, Aranburuk erantzun zuen pilota Madrilen teilatu gainean dagoela. «Ezerk ez du galarazten Ogasun Ministerioak gainerako 77 milioiak ere baimentzea. Ez diot inongo arazorik ikusten. Nafarroako dirua da, nafar zergadunek ordaindutakoa. Ez dio Espainiako erreinuaren aurrekontu egonkortasunari eragiten inondik ere; 77 milioi baino ez dira». Oraindik ere baimenaren zain dago.

Halaber, Mikel Aranburuk azaldu zuen zorra murriztearekin batera lau urteotan inbertsio zein gastu publikoa %15,5 handitu dela. «Zorroztasunez kudeatzea bateragarri da kontu publikoen iraunkortasunarekin. Hezkuntza, Osasun eta Gizarte Eskubideen aurrekontua 385 milioi handitu da lau urteotan».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Joxerra Senar

Informazio osagarria