Sri Lankako Gobernuak herrialdeko talde bati egotzi dio igandeko erasoa

Presidenteak erran du nazioarteko sare batek lagundu diela «bertako terroristei». Atentatuetan hildakoak 310 dira. Larrialdi legea ezarri dute, Poliziari eta armadari botere bereziak emateko

Herritarrak Kolonboko San Antonio elizaren ondoan, atzo, Poliziak lehergailu bat zartarazi zuenean. M. A. PUSHPA KUMARA / EFE.
mikel rodriguez
2019ko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Sri Lankako Gobernuak emandako datuen arabera, 310 dira herenegun Kolonbo hiriburuan eta bertze hiru hiritan egin zituzten atentatuetan hildakoak, eta 500 inguru, berriz, zaurituak. Bi egun igaro ondoren, inork ez du erasoa bere gain hartu, baina agintariek atzo herrialdeko talde bati egotzi zioten egiletza. Hedabide batzuek agiri ofizialetako iturriak aipatuta argitaratu dute gobernuari duela egun batzuk ohartarazi ziotela muturreko talde islamista batek atentatuak egiteko asmoa zuela. Agintariek uste dute egileek atzerritik laguntza jaso zutela. «Zerbitzu sekretuetako sekzioek jakinarazi dute nazioarteko terrore taldeak daudela bertako terroristen gibelean», adierazi zuen Maithripala Sirisena presidenteak atzo. «Nazioarteko laguntza eskatuko dugu haien aurka borrokatzeko».

Gobernua bart gauerditik aitzinera larrialdi legea ezartzekoa zen. Lege horrekin, Poliziak eta armadak botere bereziak izanen dituzte: bertzeak bertze, susmagarritzat jotakoak auzitegien agindurik gabe atxilotzeko eta galdekatzeko. Poliziak atzo jakinarazi zuen 24 herritar atxilotu dituela atentatuarekin lotura dutelakoan, eta guztiek Sri Lankako herritartasuna dutela. Sirisena presidenteak ohar batean aipatu zituen atentatuaren egileak eta ustez horiei lagundu dien nazioarteko sarea. Rajitha Senaratne gobernuko bozeramaileak, agerraldi batean, hipotesi hori azaldu zuen. «Ez dugu uste eraso hau soilik herrialde honetara mugatzen den pertsona talde batek egin duenik. Nazioarteko sare bat zegoen, eta, hori gabe, eraso hauek ez zuten arrakastarik izanen».

Senaratnek NTJ Jainko bakarraren Erakunde Nazionalari leporatu dio erasoa egin izana, eta erran du «atzerriko zerbitzu sekretuen hainbat ohartarazpen» jaso zituztela. Reuters agentziak argitaratu duenez, Sri Lankako Poliziaren buruak apirilaren 11n ohartarazi zion gobernuari atentatu suizidak jasateko arriskuaz. NTJ taldeari dagokionez, ez da batere ezaguna. STLJ Sri Lankako Jainko bakarraren Erakundearekin lotu dute, baina ez dago argi zatiketa bat den edo harremana ote duen. Gobernuak STLJri egotzi dio azken urteotan musulmanen eta budisten artean sortu diren liskar larrietan budisten aurkako erasoak sustatzea.

Gobernuak NTJ aipatu badu ere, ez du arreta hor zentratu nahi. «Ez dugu uste herrialde honetako erakunde txiki batek egin dezakeenik hau dena», erran zuen atzo Senaratnek. «Nola trebatu ziren erasotzaile suizidak? Nola ekoitzi zituzten halako bonbak?». Hogei minutuan sei atentatu egin zituzten Kolonbon eta bertze bi hiritan, eta handik bortz ordura bertze bat egin zuten Kolonbo ondoko hiri batean. Guztiak lehergailu bidezko erasoak, «hainbat» ekintzaile suizidak egindakoak, eta helburutzat izan zituzten lau hotel eta hiru eliza kristau. Atentatuen ondoren, hiru polizia hil ziren Kolonboko etxebizitza batean gertatutako leherketa batean. Poliziak, atzo, bertze lehergailu bat zartarazi zuen Kolonbon, bezperan eraso zioten eliza baten ondoan.

Etnia eta erlijio askokoa

Sri Lankan gerraz geroztik (1983-2009) egin duten atentaturik handiena izan da. Gerra LTTE Tamil Eelameko Askatasun Tigreen eta gobernuaren artekoa izan zen. LTTE talde tamil nazionalista sekular bat zen.

Sri Lanka etnia eta erlijio askoko herrialde bat da. 22 milioi biztanle ditu; %70 inguru budistak dira —estatuaren erlijioa da—, eta gehienak etnia nagusikoak dira, zingalesak. Hinduak %12 dira —gehienak tamilak—; musulmanak, %10 baino gutxiago —mairuak eta malaiarrak nagusiki—; eta kristauak, %7 —budista eta hindu ez diren zingalesak eta tamilak gehienbat—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.