Tubos Reunidosek altzairutegi bat eta hodi planta bat itxiko ditu

Iruñeko plantako eta Trapagarango fundizioko langileak Amurriora eramango ditu. Ez du egingo lan erregulaziorik, baina bai erretiro aurreratuak. Erreskateko dirua erabiliko du

Tubos Reunidosek Amurrion (Araba) duen plantako langile bat hodien kalitatea aztertzen. BERRIA.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2021eko irailaren 3a
00:00
Entzun
Tubos Reunidos taldeak ekoizpen sistema osoa aldatuko du. Euskal Herrian 1.400 langile dituen hodigintza enpresa multzoak birkokatze eta eraldaketa prozesu bat egingo du bideragarri izateko. SEPI industriarako Espainiako funts publikoak 112 milioi euro eman dizkio, eta erreskatearen truke abian jarri beharreko plan estrategikoa aurkeztu du. Taldeak ez du enplegu erregulaziorik egiteko asmorik, baina erretiro aurreratuak eskainiko dizkie langile zaharrenei. Oraindik ez du zehaztu zenbat izango diren guztira, negoziazio prozesua hasi berri baitu sindikatuekin eta jarrerak oso urrun daude. Hori bai, jakina da bi lantegi itxi asmo duela: Trapagarango altzairutegia (Bizkaia) eta Iruñeko ekoizpen planta. Langile gehienak Amurriora (Araba) mugituko dituzte.

Tubos Reunidosek merkatu berrietara zabaldu nahi du. Orain arte petrolioaren sektorean oinarritu du bere jarduna, eta etorkizunean hidrogenora eta energia garbietara begira jarri nahi du. Francisco Irazusta taldeko presidenteak azaldu duenez, «testuinguru horretan» kokatzen dira diru laguntza publikoaren baldintzak. SEPIk gertutik zainduko du plan estrategikoa, hitzemandako aldaketak esan bezala garatzen direla bermatzeko.

Tubos Reunidos, izan ere, ez baita nolanahiko taldea. 1.400 lanpostu zuzen ditu, eta zeharkako beste 7.000 sortzen ditu, eta egun bost planta ditu Euskal Herrian: bi altzairutegi, bana Amurrion eta Trapagaranen; eta hiru ekoizpen ekoizpen zentro: bana Amurrio, Trapagaran (Bizkaia) eta Iruñean. Eraldaketa horretan ez da egongo kaleratze «traumatikorik», irteera negoziatuak nahi dituzte, eta enpresak dio murrizketa ez dela oso handia. LABek jakinarazi duenez, Trapagarango plantan 28 erretiro aurreratu egitea eskaini diete. Horiei ordainduriko kaleratzeak gehitu behar zaizkie.

Nabarmenagoa da lantokien murrizketa. Tubos Reunidosek bi altzairutegi ditu egun, Trapagaranen eta Amurrion, eta bien jarduna bateratuko du Amurrion. Hara mugituko dituzte Trapagarango 70 langileak. Antzekoa gertatuko da Iruñeko plantan, bertako 38 langileak ere Amurriora lekualdatuko baitituzte. Are gehiago, multzoaren barruko hiru enpresak, Tubos Reunidos Industriales (Amurrio), Productos Tubulares (Trapagaran eta Sestao,) eta Acecsa (Iruñea), epe motzean batu nahi dituzte.

SEPIren diruaren erdia baino gehiago, 60 milioi euro inguru, plantak berritzeko erabiliko dute. Amurrioko altzairutegi berria eraginkorragoa izango da, eta gutxiago kutsatuko du. Ekoizpenaren erpina izango da, eta hark hornituko ditu beste plantak. Trapagaranen —350 langile— soldadura gabeko hodi handiak egingo dituzte; Amurrion, berriz, zazpi hazbete artekoak.

Enpresaren nahia argia da, baina ikusi behar da sindikatuek ameto egingo duten. ELAk jakinarazi du ez duela onartuko lehen proposamena. Sindikatuarentzat ez da onargarria Sestaoko altzairutegia ixteak eragingo lukeen lanpostu galera. Altzairutegi hori Productos Tubularesena da, eta ELAk ditu ordezkari gehien bertako langile batzordean —ELAk bost ditu; CCOOk eta UGTk hiruna; eta ESKk bi—.

LAB ere oso kritiko izan da asmoarekin. «Enplegu suntsiketa handia» dela salatu du. Diru publikoarekin ordainduko direla kaleratzeak eta ez dela enplegu berririk sortuko haiek ordezkatzeko. Ziurtzat jotzen du ez dituztela berrituko behin-behineko langile gehienen kontratuak.

Erritmo onean lanean

Tubos Reunidosek urte hasieran egin asmo zuen aldi baterako erregulazioa alboratu du. Erritmo onean ari da lanean azken asteetan. Iaz 2019an baino %40 gutxiago fakturatu zuen; aurten, berriz, ekoizpena %25 igo da. 2018-2019 sasoiarekin alderatuta, egun %70-80ko erritmoan ari dira. Iazko urte txarrean, baina, 101,3 milioi euro galdu zituen, eta hori izan zen erreskatea eskatzera behartu zuen azken bizkarrekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.