Osakidetzaren arazoa «soziala» dela aldarrikatu dute langileek greban

Sindikatuen arabera, lehen mailako arretako langileen %70 inguruk egin dute greba; azken hamarkadako «handiena» izan da. Gaurko manifestazioan parte hartzeko deia egin dute

Lehen arretako langileen protesta Gasteizen, Olagibelgo anbulatorioaren aurrean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Javi West Larrañaga.
Bilbo
2022ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
«Pandemia aurretik zetorren arazoa, eta bagenekien hau gertatuko zela. Zenbaki kontua da, eta edozein kudeatzailek daki». Berba horiek 30 urte familia mediku lanetan daramatzan andre batenak dira. Greba egin zuen atzo, eta Bilboko Zazpikaleetako osasun zentrora joan zen protesta egitera, lehen arretako hainbat langilerekin batera. Donostian, Groseko osasun zentroan egin zuten mobilizazioa, eta Gasteizen, Olagibelgoan.

Sindikatuek jakinarazi dutenez, «hamarkada batean jarraipenik handiena» izan duen greba izan da. Eman dituzten datuen arabera, %70ekoa izan da oro har eta kategoria guztietan. CCOO sindikatuko Iñigo Barruñok adierazi du hainbat osasun zentrotako arreta gunea itxita egon dela «denak» greban egon direlako. «Argi erakusten du langileak haserre daudela, eta ez dela berba egiteko garaia. Neurri zehatzez berba egiteko garaia da». Gehitu du Osakidetzak greben aurrean erantzuten duela bakarrik, eta gaur Bilbon, Donostian eta Gasteizen egingo diren manifestazioetan parte hartzeko deia egin die herritarrei.

UGTko Ana Vazquezek grebaren jarraipen handia azpimarratu du, eta esan du Osakidetzaren «nagusikeriak» ez daukala mugarik: «Grebak desmobilizatzen saiatu da, sinatuta dauden akordioak atzeratuko dituela mehatxu eginez, baina hemen gaude oraindik ere». 2012an izoztu zieten garapen profesionala izeneko plus bat Osakidetzako langileei, eta, sindikatuek errekurtsoa egin eta gero, epaile batek arrazoia eman zien. Atzeraeraginkortasunarekin kobratu beharko dute. Sindikatuek salatu dutenaren arabera, ordea, akordioa sinatuta egon arren eta abenduaren 31 baino lehen indarrean egon behar bazen ere, orain «xantaia» egiten ari zaizkie, grebei indarra kentzeko.

«Osasungintza publikoa euskal gizartearen altxorra da, eta ezin dugu onartu gertatzen ari den eraispena», adierazi duSATSE sindikatuko Amaia Mayorrek, eta Osakidetzari hausnartzeko eskatu dio; «negoziatzeko jarrera faltari buruz» eta «langileek dituzten arazoei buruz».

Langileen karteletan Pribatizazioari ez, Murrizketei ez eta Akordio berriaren negoziazioa orain moduko mezuak irakur zitezkeen. «Auto ofizial gutxiago, eta lehen arreta eta ospitale gehiago», oihukatu dute.

2019tik dira kexu Osakidetzako langileak lehen arretaren egoera dela medio. Sindikatuek ez dute onartzen arazoa koiunturala denik, Osakidetzak azaltzen duen moduan. Haientzat, egiturazkoa da, eta egindako «murrizketa guztiak» lehengoratzeko eskatu diote. Bilboko mobilizazioan pankartaren atzean egon den beste familia mediku baten aburuz, urte asko ditu aferak. «Ni 2008an hasi nintzen orain nagoen lanpostuan, eta orduantxe ere esaten zigun kudeatzaileak norbait oporretan dagoenean besteok bete behar genuela haren lana, eta ez zutela ordezkapenik egingo», gogoratu du.

Urtarrilean, Osasun Sailakonartu zuen ia berrehun mediku eta pediatra lanpostu bete barik dauzkala, eta argudiatu zuen ez dagoela behar beste profesional«ez Euskadin, ez estatuan». Datu hori ez du zalantzan jarri protestara joan den familia medikuak. «Ziur nago ez daudela, baina ez daude joan egin direlako, hemengo baldintzak jasanezinak direlako». Azpimarratu du protestara joatearen arrazoia ez dela lanekoa izan, soziala baizik. «Zerbitzuaren kalitateak txarrera egin du, eta horrek gizarteari eragiten dio. Horregatik etorri naiz, ez nire eskubideengatik bakarrik».

Administrazioko langileak

Bezeroen arretarako eremuan lan egiten duten langileak ere joan dira protestara. «Guk, gainera, erabiltzaileen eta osasun langileen haserrea bizi izan dugu pandemian», esan du horietako batek, unean uneko ziurgabetasunak eta sumindurak gogoratuz. Erabiltzaileen «lehen atea» direla azaldu du, eta pandemian egoerara egokitu behar izan dutela. Azkenaldian, gehiago nabaritu ditu baliabide eta mediku falta, baita hark bezala administrazioan lan egiten duten horiena ere. Astelehenean greba egingo du, berriro ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.