Lan erreforma orraztea adostu dute sindikatuek eta patronalak, Madrilen

Ultraaktibitatearen artikulua aldatzeko eskatuko diote Espainiako Gobernuari, itun zaharrei indar emateko berriak negoziatzen badira. %3ko soldata igoera ere lotu dute, baina aholku moduan

CEOE, Cepyme, UGT eta CCOOko ordezkariak, atzo, Madrilen, akordioa egin aurretik. FERNANDO VILLAR / EFE.
xabier martin
2018ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Lan erreforma baliogabetzeko patata beroari ez diote helduko legegintzaldi honetan. Pedro Sanchezen gobernuak ez du sartu nahi liztor habia horretan egungo indar parlamentario ahularekin, eta PPren zigilua daraman lan arau bildumak bere horretan jarraituko du, nahiz eta hainbat artikulu beste orrazkera bat jaso dezaketen luze gabe. UGT eta CCOO sindikatuek eta CEOE-Cepyme patronalak adostu baitute urtebeteko ultraaktibitatean aldaketak bideratzea. Iraungitako akordioak ez dira eroriko urtebete ondoren, baldin eta aldeek itun berri bat egiteko negoziazioetan ari badira. Espainiako Parlamentuak dauka azken hitza, jakina, baina Mariano Rajoy zentsura mozioarekin etxera bidali zuen presidenteak badauka proposamen bat mahai gainean erreformari lehen pitzadurak egiten hasteko.

2018-2020 negoziazio kolektiboko akordio orokorra egin zuten Espainiako eragile sozialek, atzo, eta hark %3ko soldata igoerak jaso ditu. Prezio hori erreferentzia gisa adostu dute aldeek Espainiako 4.000 itun kolektiboen negoziatzaileentzat; hots, ez da legea, aholkua baizik. %3ko igoera bi zatitan banatu dute: zati finko bat egongo da, %2koa, eta beste %1a aldakorra izango da, produktibitateari eta azaldu gabeko absentismoari lotua joango baita. Indikatzaile neurgarriak eta aldeek onartuak izan beharko dute betiere soldata igoeraren %1 hori erabakiko dutenak.

Horrez gain, Unai Sordok (CCOO), Pepe Alvarezek (UGT), Joan Rossellek (CEOE) eta Antonio Garamendik (Cepyme) adostu dute gutxieneko soldata 14.000 eurokoa izatea 2020. urterako. Hilero 1.000 euroko soldata litzateke gutxieneko hori, hamalau soldatetan. Hori ere errege magoei egindako gutun modukoa da, ordea, ez baitauka inolako indar juridikorik. Konparazio baterako, ELA eta LAB 1.200 euroko gutxieneko soldata eskatzen ari dira aspaldian.

Parlamentuari begira

Baina aholku edota erreferentzia gisa adostutako soldata igoeretatik harago, 2012ko lan erreforma aldatzeko lehen saioa izateak eman dio pisua Espainiako sindikatu nagusiek eta patronalak egindako negoziazio kolektiboko akordioari. Patronalak tenk eduki duen soka zertxobait lasaitu dela ematen du, erreforma horren artikulu gakoetako bat, ultraaktibitatearena, beste era batera idazteko atea ireki baita. Pedro Sanchezen gobernuari egokitzen zaio orain ate hori gurutzatzea; zentzura mozioan izarrak lerrokatzea lortu zuen moduan, indar oreka nahikoa lortu beharko du soilik PPk bozkatu eta onartu zuen erreforma orrazteko. Eta ikusteko dago horretarako gai izango den, bat delako PPren erreformari aldeko botoa ez ematea eta bestea ez egotea harekin eroso, edo behintzat hura baliogabetuko lukeen agertoki batean baino erosoago.

Gobernuko iturri batek esan du asteon EAJ erreforma ukitzeko prest dagoela, eta Aitor Esteban EAJko parlamentariak berak berretsi du «hainbat alorretan» aldaketak negoziatu daitezkeela. Haatik, urtebeko ultraaktibitatearekin ez dute arazo handirik euskal patronalek; alderantziz. Horregatik, jeltzaleen aldaketarako nahia itun-eremuen lehentasunarekin izan dezake zerikusi gehiago, euskal negoziazio kolektiboari lehentasun handiagoa emateko.

Baina, zer egingo du, esaterako, PDeCATek lan erreforma orrazteko balizko saio baten aurrean? Eta ezkerrera kokatzen diren beste taldeek? Ez daukate lan erraza Sanchez presidenteak eta hark izendatutako Magdalena Valerio Lan ministroak. Aitzakia badute, ordea, datozen hauteskundeak deitu aurretik merituak pilatzen saiatzeko, sindikatuen eta patronalaren akordioa baimen moduko bat delako ekimena hartzeko.

Izan ere, CEOEren sinadura daraman idatziak dio «akordio bat egiteko konpromisoa» baldin badago, iraungitako itunek lege balioa izango dutela. Nork erabakitzen duen aldeek «akordio bat egiteko konpromisoa» ote duten? Akordioa egin dutenei galdetu behar.

Beste aldaketa batzuk

Halaber, Espainiako Elkarrizketa Sozialerako mahaian garatzeko beste erabaki batzuk hartu dituzte eragileek. Langileen Estatutuaren 42. artikulua aldatzea jaso du akordioak, azpikontratazioari mugak jartzeko asmoz. Enpresen arteko lehia desleialari etena jarri nahi diote. Horrez gain, Espainiako Gobernuari eskatu diote arazoetan dauden enpresetako lantaldeei eusteko neurriak hartzea. Langile horien lanaldiak murriztu ahal izatea nahi dute, beharginen soldatak murriztu gabe. Kasu horietan enpresen «lan kostuetan» gutxiago pagatu ahal izatea eskatzen ari zaie gobernuari.

Azken neurri hori bezala, patronalaren meritu da absentismoaren behatokiaren sorrera. Sei hilabetean txosten bat egin beharko luke behatoki horrek «probak» egin daitezen langileen absentismoa gutxitzeko.

Erretiroarekin lotutako eskaera bat ere badago Espainiako eragile sozialen akordioan: errelebo kontratua berreskuratzea erretiro partzialen kasuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.