Harleyk produkzioa atzerriratzeak tentsioa igo dio gerra komertzialari

Bruselak espero du bere estrategiari esker enpresek AEBetako administrazioa estutuko dutela tarifen aurka. Motor ekoizleak Trump sutan jarri du, eta Trumpek zerga handiekin mehatxu egin dio

Harley Davidson motorren ilara, Milwaukeeko arte museoan, artxiboko irudi batean. SHAWN THEW / EFE.
Ivan Santamaria.
2018ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Gerra komertzialak irabazteko «errazak» dira, Donald Trump AEBetako presidentearen ustez. «Azkar» bideratzen direla iruditzen zaio, gainera. Horretan oinarritu zuen altzairu eta aluminio inportazioei muga zergak nabarmen handitzeko erabakia. Haatik, estrategia triunfalista horri zaplaztekoa eman dio Harley Davidson motor ekoizlearen erabakiak: produkzioaren parte bat atzerrira eraman beharko du, Europako Batasunak errepresalian onartutako tarifek eragingo dioten kaltea arintzeko.

EBtik esportatutako altzairuari %25eko muga zerga ezartzea erabaki zuen Trumpen administrazioak. Kontrara, AEBetako dozenaka produkturi tarifak igo dizkie batasunak, joan den ostiraletik. Harley Davidson markaren motorrak dira horietako bat: orain arte, %6 ordaintzen zuten aduanan, eta %31 pagatzera igaro dira. Motor bakoitza ia 2.000 eurotan garestitzeak salmentetan izan dezakeen arriskua ikusita, enpresak iragarri du ekoizpenaren parte bat atzerrian dituen beste lantegietatik egiteko asmoa duela.

Horrelako efektu bat behartzea espero zuen Europako Batzordeak. Cecilia Malmstrom Merkataritza komisarioaren ustez, Trump presidentearen erabakien erruz AEBetako konpainiek pairatuko dituzten «ondorioetan» kokatu behar da erabakia. «Konpainiek eta kontsumitzaileek erreakzionatu egingo dute, eta presio egingo diote AEBetako gobernuari», ohartarazi zuen atzo Malmstromek.

Bitartean, Harley Davidsonen erabakia bonba baten modura erori da Atlantikoaren beste aldean. Bruselak martxan jarri dituen tarifa berriek ehunka enpresarieragingo dietela espero da, baina oso sinbolikoa da jendaurrrean norabide aldaketa bat iragarri duen lehenbizikoa izatea motor ekoizlea. Trump sutan jarri du albisteak, eta Twitter bidez zartailua atera du konpainiako zuzendaritzaren aurka.

«Harley Davidson bat ez litzateke sekula beste herrialde batean eraiki behar, sekula. Langileak eta bezeroak oso haserre daude haiekin», ziurtatu du Trumpek, aurretik ere markak Australian, Brasilen, Indian eta Thailandian motorrak eraikitzen zituela kontuan hartu gabe.

Erabakiarekin aurrera egitea «amore ematea» iruditzen zaio presidenteari, eta amore ematenbadu «sekula ez bezala» zergapetuko dituela mehatxu egin dio. Bezperan, hedabide bera erabilita argudiatu zuen «harrituta» zegoela Harley Davidson «bandera zuria haizatzen lehena» izatea ez zuelako inolaz ere espero.

Trumpek aurreratu du «laster» espero dutela autoen inportazioari buruzko ikerketaren emaitza. EBko ibilgailuei tarifak asko igotzeko erabaki batek beste dimentsio batera eraman dezake orain arteko gatazka komertziala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.