Diesel motorreko autoen salmenta hondoratzen ari da Euskal Herrian

Autoen merkatua handitzen ari bada ere, gasolioa erretzen dutenen kopurua %10 inguru jaitsi da urteko lehen sei hilekoan. Gasolioaren gaineko zerga handitzeko asmoa du Espainiako Gobernuak

Gasolindegiko langile bat, artxiboko irudi batean. LUIS FORRA / EFE.
Iker Aranburu.
2018ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Volkswagen auziak diesel motorren ospeari egindako orbanak erosleen poltsikoak ere zikindu ditu. Gasolioa darabilten autoen salmentak kolpea jaso zuen iaz, baina aurtengoa jipoia da, %10etik gora ari baitira txikitzen. Lehen arazoak sortzen ari zaizkie saltegiei eta autogileei. Saltzaileak deskontuak handitzen hasi dira diesel autoen stockak txikitzeko, eta lantegiak egokitu beharrean daude gasolinazko auto gehiago produzitzeko.

Euskal Herriko daturik ez dago oraindik —egun gutxi barru emango dituzte Hegoaldekoak— , baina, Espainiakoak eta Frantziakoak erreferentzia gisa hartuta, ondoriozta daiteke beherakada gutxienez %10 dela.

Frantzian, esaterako, %11,9 jaitsi da dieselen salmenta urtea hasi denetik, eta, lehen aldiz azken hamarkadetan, ez da motor nagusia: 2013an, %67 ziren diesel autoak, %47ra jaitsi ziren iaz, eta %40ra 2018an. Gasolina autoen salmenta, berriz, %19 handitu da, merkatuaren %54 izan arte.Datu horiek auto arruntei eta noranahikoei dagozkie. Furgonetetan, kamioi txiki eta handietan, eta autobusetan ere diesel motorrak dira erabat nagusi.

Iaz, Espainian %8,4 jaitsi ziren diesel autoen salmentak, eta aurten beste %12,8 urritzen ari dira. 2017ko lehen erdian %49,9ko kuota lortu zuten motor horiek, baina %37ra jaitsi da aurten; joera horrek jarraituz gero, %35etik behera izango da urtearen amaieran.

Europa osoan gertatzen ari dadieselaren gainbehera. ACEA patronalaren arabera, urteko lehen hiruhilekoan %17gutxiago saldu dira. Aldi berean, %14,6 handitu dira gasolina autoak. Askoz gehiago handitu da motor alternatiboen merkatua —%26,9—, baina merkatuen %6,6 baizik ez dute.

Guztira, 28.953 auto matrikulatu dira urteko lehen sei hilabeteetan Hego Euskal Herrian, iaz epe horretan baino 3.253 gehiago (+%12,6). Krisiaren hasiera hondoratu egin ziren auto berrien salmentak, baina merkatua gorantz doa 2013az geroztik, eta, oraingo erritmoarekin jarraituz gero, 2008koan zegoenera itzuliko da urtearen amaieran. Opel izan da gehien salduriko marka (2.256 auto), eta haren atzetik Peugeot (2.252), Seat (2.226) eta VW (2.174).

Zerga igoera bidean

Bada diesel autoen salmenta are gehiago jaistea eragin dezakeen faktore bat: zerga sistema. Expansion egunkariak joan den astean kaleratu zuenez, Espainiako Gobernuakparekatu nahi ditu gasolioaren eta gasolinaren gaineko zergak. Gaur egun, litroko 40,25 zentimoko zerga berezia ordaintzen du gasolinak, eta 30,7 zentimokoa, berriz, gasolioak. Alde horrek azaltzen du bi erregaien arteko tartea, gasolina, berez, produktu pixka bat merkeagoa baita gasolioa baino. Litroko bederatzi zentimoko igoeraegiaztatuko balitz, gasolina baino garestiagoa izango litzateke gasolioa.

Espainiako Gobernuak oraindik ez du ofizialki iragarpenik egin, baina jada ate joka ditu zerga igoera batek kalte handia egin diezaiekeen sektore ekonomiko batzuk. Confebus autobus konpainien konfederazioak eta taxilarien elkarte batzuek eskatu dute beren sektoreek gasolio profesional merkeago bat erabili ahal izatea, nekazarien moduan.

Frantziako Gobernua ere bi erregaien gaineko zergak parekatzen ari da. Horrela, urte berriarekin 7,6 zentimo garestitu zen gasolioaren gaineko zerga Ipar Euskal Herrian, eta 3,8 zentimo ezantzarena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.