KESek ohartarazi du susperraldiak aldi baterako lana areagotu duela

Lan merkatuaren «marka bereizgarria» dela salatu du, eta emakumeei egiten die kalte, batez ere. Dependentzia energetikoa eta enpresen dimentsio falta ere kezka iturri dira kontseiluarentzat
KESeko ordezkariak, atzo: Jon Barrutia, Francisco Jose Huidobro eta Arantza Unzurrunzaga.
KESeko ordezkariak, atzo: Jon Barrutia, Francisco Jose Huidobro eta Arantza Unzurrunzaga. JUNE PRIETO / FOKU

Ivan Santamaria -

2018ko uztailak 11
KES EAEko Kontseilu Ekonomiko eta Sozialak egoeraren interpretazio gazi-gozoa plazaratu du joan den urteari buruzko balantzean. Enpleguak gora egin du, hirugarren urtez jarraian, adin tarte eta sektore guztietan. Kantitateak ez du kalitatea esan nahi, ordea, eta ohartarazi du berriro ere aldi baterako lanpostuen erabilera handitzen ari dela.

Hala, joan den urtearen amaieran 2,7 puntu handitu zen aldi baterako lanpostua duten langileen tasa, %26,1 izateraino. Sektore publikoan bereziki hedatuta dago: langileen %34k dute aldi baterako kontratu bat sektore publikoan, eta %24k pribatuan. Iazko balantzea koordinatu du Jon Barrutia EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultateko dekanoak. Haren aburuz, lan merkatuaren «marka bereizgarria» bihurtu da aldi baterako enplegua.

Ñabardura batzuk egin ditu KESek, hala ere. Lanaldi partzialak dituzten langileen kopurua ia %1 jaitsi da, aurreko urtearekin alderatuz. Okupatuen %16k dute kontratu partziala. Batez ere, emakumeen artean daude zabalduta. Ez da emakumeek kaltetuta agertzen diren lan merkatuko esparru bakarra. Aldi baterako lanpostuetan edo soldata arrakalan ere gertatzen zaie. Langabezia tasa handiagoak dituzte emakumeek, gainera.

Lan merkatuko datu positiboen artean, KESek azpimarratu du hirugarren urtez segidan kontratazio mugagabearen hazkunde erritmoa handiagoa izan dela, eta errotazioa apur bat jaitsi dela. Kontratuen batez besteko iraupena 50 egunekoa izan zen iaz.

Hazkunde ekonomikoari eutsi zaio, baina badira kontseiluari kezkagarriak iruditzen zaizkion egiturazko faktore batzuk. Lehenbizikoa dependentzia energetiko «erraldoia» da. Petrolioaren prezioa igotzen hasteak arazoa larriagotuko du, KESen aburuz. Joan den urtean energia produkzio propioak soilik behar gordinaren %7,1 bete zuen. «Eredu energetikoa aldatzea» gomendatu du kontseiluak, ondorioetan.

Zerbitzuak aldatu

Gaur egun, ekonomiaren sektore dinamikoena dira zerbitzuak. Hau da, barne produktu gordinari ekarpen handiena egiten dio hirugarren sektoreak. Sektore tradizionalekin —ostalaritza, turismoa eta garraioa— lotura handiegia du oraindik ere, Barrutiaren aburuz, eta beste jarduera batzuk indartzeko gomendioa egin du. Sorkuntza eta kultura, ogasuna, edo hezkuntza alorrekoak indartzea eskatu du, «kalitate handiagoa duen enplegua lortzeko».

Halaber, enpresen dimentsio eskasarekin kezka agertu du kontseiluak. Tamaina falta horren ondorioz, «ez dago behar besteko bermerik» berrikuntza eta nazioartekotze prozesu gehiago garatu ahal izateko

Demografiaren eta ekonomiaren arteko lotura ere seinalatu du txostenak, eta «arreta jartzea» eskatu du, goi tituludunak herrialdea uzten ari baitira.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna