Preskribatua dago Mondragonen aurkako salaketa kolektiboa

Epaileak ebatzi du Arrasateko industria taldea ez dela erantzule Ordaindu eta Eskuratu taldeen auzi eskean. Ez du aztertu epaiketaren mamia, salaketa bera epez kanpo egin zelako
Mondragonen aurkako epaiketaren lehen saioa, Bergaran, maiatzaren 7an.
Mondragonen aurkako epaiketaren lehen saioa, Bergaran, maiatzaren 7an. JUANAN RUIZ / FOKU

Xabier Martin -

2018ko uztailak 28
Mondragon ez da Ordainduk eta Eskuratuk auzitegian eskatutako arduren erantzule. Bergarako epaitegiko titular Angela Rodriguez-Monsalvek ez du aintzat hartu Fagor Etxetresnak kooperatibako langile ohien talde horien auzi eske kolektiboa. Lau eguneko epaiketa egin zen maiatzean, eta han entzun eta ikusitakoak zalantzarako tarte gutxi utzi zuen auzi eskearen ahultasunaren inguruan. Bada, epailea ez da hasi epaiketaren mamia aztertzen ere, auzia preskribatua dagoela ebatzi duelako. Salatzaileek hogei eguneko tartea izango dute helegitea jartzeko. Donostiako auzitegian jarri beharko dute, horrela erabakitzen badute. Hura onartuko balute, epaiketaren mamia epaituko litzateke agian, baina gaur-gaurkoz mahai gainean dagoena da porrot bat izan dela Ordainduk eta Eskuratuk Mondragoni egindako salaketa.

Ebazpena ez da ezustea izan epaiketari erreparatu diotenentzat. Bergarako areto txikian, lupaz aztertu zen lau egunez Fagor Etxetresnak kooperatibaren gainbeheraren kudeaketa, baina ez ziren inondik ere azaldu kudeaketa horretan Mondragonek izandako ustezko arduraren loturak. Kontua da Angela Rodriguez-Monsalve epaileak lehen-lehenik salaketa bera preskribatua ote zegoen erabaki behar zuela, Arrasateko korporazioaren abokatu Arantza Estefaniak horrela eskatu ziolako. Defentsak esplikatu zuen, epaiketaren azken egunean, hartzekodunek urtebete dutela salaketa jartzeko kaltea egin dietela finkaturik geratzen denetik. Abokatuak azaldu zuen konkurtsoko kudeatzailearen txostenak abiarazi zuela epe hori, 2014ko apirilean, hark argitzen duelako likidazioarekin ere ez zela dirurik izango hartzekodun gehien-gehienei pagatzeko. Fagor Etxetresnen aktibo gehienak CATAren aldeko adjudikazioa egitean has daiteke kontatzen urtea, bestela 38,5 milioi euro baizik ez zirela lortuko argi geratzean. Mila milioiko zorra zegoen, eta 9.000 hartzekodun.

Mondragon, gustura

Epaileak horrela uste du. 2015eko azaroaren 27an jarri zuten auzi eske kolektiboa Fagor Etxetresnak kooperatibaren langile-jabe eta aurreztaile ohien taldeek, «eta ekintza preskribatua dago», ebazpenak dioenez, «eragileak galeraz jabetu zirenetik urtebete baino gehiago pasatu delako». Epaileak aintzat hartu du Mondragonen preskripzio eskaera, eta atzera bota du Ordaindu eta Eskuraturen salaketa, «osorik». Epaiketaren kostua ez die egotzi ez salatzaileei ez salatuei. Epaileak argitu du hogei egun daudela helegitea jartzeko bere erabakiaren aurka.

Ordainduk eta Eskuratuk ez dute argitu helegitea jarriko ote duten, baina epailearen erabakia «harrigarria» dela diote, uste baitute haiek Mondragoni egindako ardura eskearekin eten zela urtebeteko epea. Epaiketaren mamia ez aztertzea penaz hartu dute, «erabat frogatuta daudelako ekintzak, eta MCCk ez dituelako gezurtatu».

Mondragon korporazioak jakinarazi du, berriz, justiziak absolbitu egin duela «auzi jartzaileen asmo guztietatik». Korporazioak aldeko ebazpena espero zuen, Bergarako epaiketa argigarria izan baitzen. Edonola ere, epaiaren «oso balorazio positiboa» egin du, eta gogorarazi epaiketan «argi eta garbi» geratu dela Arrasateko taldeak «ez ziela inolaz ere iruzurrik egin auzi jartzaileei». Horrenbestez, «hasieratik» defendatu dituen argudioak «berretsi» egin direla dio Mondragonek: «Kooperatibak autonomoak eta burujabeak direla, eta kooperatibena eta soilik kooperatibena dela horien etorkizunari buruzko erabakien erantzukizuna, beste ezein instantziatara eskuordetzeko aukerarik izan gabe».

Dirua baino gehiago da

Fagor Etxetresnak zenaren 885 bazkide ohi aktibo eta inaktiboak (3.600 zeuden) eta bazkideen 70 bat oinordeko dira Mondragon korporazioa salatu dutenak, enpresaren porrotak ekarri zien galeraren erantzule zelakoan. Enpresari egindako borondatezko ekarpenak, maileguak eta derrigorrezko ekarpenak itzultzeko eskatu zuten: guztira, 47 milioi eurotik gora. Ia 22 milioi borondatezko ekarpenei dagozkie; hamasei milioi inguru, mailegu finantzarioei; eta zazpi milioi, derrigorrezko ekarpenei.

Maiatzaren 7tik 10era egin zen epaiketa, eta lekukoek deklaratu ahala, argi geratzen hasi zen salaketaren oinarririk eza. Defentsak aditzera eman zuen epaiketa bera epaitegietatik kanpoko akordio bat lortzeko presio tresna izan zitekeela, eta akusazioak berak, Raul Tenes abokatuak, lerro artean aitortu zuen hori azken egunean. «Epaiketa bera egin da: helburua betea», esan zion BERRIAri, epaiketa bukatu ondoren.

Alegia, Arrasaten sinetsita daude Mondragonen izen onaren aurkako tresna gisa baliatzen saiatu direla epaiketa. Asko zuen jokoan korporazioak diruaz harago. Esan daiteke bere DNA bera zegoela jokoan, hein batean, funtzionatzeko era, funtsa. Ordainduk eta Eskuratuk Mondragoni eskatu diote dirua, baina, hura ez denez holding bat, Mondragon osatzen duten beste kooperatiba autonomoetako bazkideei eskatu diete. Akusazioko abokatu Tenesek onartu zuen epaiketaren azken egunean: «Bai, bazkideek ordaindu beharko lukete».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna