Gaur hasiko dira Navali arnasa eman diezaioketen negoziazioak

Van Oordeko bi ordezkari ontziolan izango dira, 'Vox Alexia'-ren kroskoa erosi eta Sestaon bukatzeko akordio bat lortzeko. Ontzia bukatzeak 20 hilabeteko lana eman diezaioke Navali

Sestaoko Naval ontziolaren artxiboko irudi bat. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Iker Aranburu.
2018ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Datozen egun edo asteotan jakingo da Naval ontziolak ba ote duen irauteko aukerarik oraindik. Gaur bertan izango da haren etorkizunarentzat funtsezkoa izan litekeen bilera sorta bateko lehena. Van Oord armadoreko bi ordezkari Sestaoko instalazioetan biltzekoak dira Bizkaiko ontziola arduradunekin. Mahai gainean dago Vox Alexia itsasontzia Navalen bertan bukatzeko aukera. Hala egiteak hogei hilabeteko lana emango lioke Euskal Herriko ontziolarik handienari; hogei hilabete Navalen geroa ziurtatuko lukeen inbertitzaile bat aurkitzeko. Zaila da, baina ez ezinezkoa.

Ontzia Navalen bukatzeko saioak irtenbide nahasia du, nahasia baita Navalen egoera ere. Van Oordek 2015ean eman zion Vox Alexia egiteko enkargua, eta ontziolak kroskoa bukatua zuen iazko urrian hartzekodunen konkurtsoan sartu zenean; likidezia faltan zegoen, eta zorrak itota. Haren nasetan zeuden beste bi ontziak —Van Oorden Vox Amalia eta DEME-Tidewayren Living Stone— beste ontziola batzuetara eraman zituzten bukatzeko. Baina beste bi ontzi horiek aurreratuagoak zeuden Vox Alexia-rekin alderatuz gero.

Navalen arazoekin eta atzerapenekin haserre, Van Oordek eten egin zuen ontziolarekin draga eraikitzeko zeukan kontratua, eta ordura arte jarritako dirua itzultzeko eskatu zuen: 42 milioi euro. Naval finantzatzen zuten bankuek jarri dute dirua, operazioaren bermatzaileak baitziren; ondorioz, gaur egun haiena da kroskoa.

Lehenengo, Santanderren

Van Oordek adierazi du prest dagoela kroskoa berriro erosteko, hamabost milioi euroren truke. Halaber, jakinarazi du ontzia Navalen bukatzeko borondatea duela. Batzuekin eta besteekin egindako negoziazioek ez dute fruiturik eman orain arte, baina bermeen dirua bere kutxetan dagoela, Herbehereetako ontzi jabea interes handiagoa erakusten ari da auzia Sestaon bukatzeko.

Atzo zen egitekoa Navaleko eta Van Oordeko administrazio kontseiluko bi kideen arteko bilera, baina gaur arte atzeratu zuten. Sestaora joan aurretik, herbeheretarrek Santanderretik igaro nahi zuten, hango Astander ontziolan ari baitira bukatzen Vox Amalia ontzia. Otsailean atera zen Sestaoko nasetatik, eta urrian dute bukatzekoa.

Bi dira ontziolak eta armadoreak lotu beharreko kontuak: zenbat diru ordaindu beharko liokeen Van Oordek Navali ontzia bukatzeko, eta zer epetan egingo luketen.

Era berean, Van Oordek bankuekin negoziatu behar du kroskoa berriro erosteko. Navaleko iturriek esan dute zati hori «errazagoa» dela, finantza erakundeek ez baitute inolako interesik itsasontzi zati horretan.

Iturri horiek beraiekberri agentziei esandakoaren arabera, ez dute uste gaurko bileran akordioa izango denik. Baina espero dute balio izatea jarrerak hurbiltzeko, eta aukera emateko dute hurrengo bilera batean akordio bat ixteko. Hurrengo asteartean, Navaleko ordezkariek eta konkurtsoaren administratzaileak hitzordua dute Rotterdamen Van Oordeko buruarekin.

Akordioa lortuz gero, Navalek espero du irailean has ditzaketela Vox Alexia Sestaon bukatzeko lanak. Horrek erregulazio espedientetik aterako lituzke Navaleko langileak —180 geratzen dira—, eta lana emango lieke enpresa osagarriei eta hornitzaileei. Guztira, 1.500 langile beharko lituzkete ontzia egiteko.

Kroskoa bukatzeak arnasa emango lioke Navali, baina epe motzerako irtenbidea baizik ez litzateke izango. Ontziola erosiko lukeen inbertitzaile bat behar du, eta azken urteko gertakariek zaildu egingo dute zaldun zuri horren agerpena. Langileek plazaratu duten beste aukera bat da Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak ontziola erreskatatzea. Gasteizko gobernuak argi utzi die, ordea, halakorik ez duela egingo. Jaurlaritzak argudiatu duenez, nahi izango balu ere, Europako Batzordeak muga handiak jartzen ditu kili-kolo dabiltzan enpresak diru publikoz salbatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.