Gutxi iraun dio arnasak lirari

AEBen eta Turkiaren arteko merkataritza gerra gogortzeak eten egin du liraren suspertzea, eta berriro beheranzko bidean jarri du. Turkiako epaitegi batek atzera bota du Brunson askatzeko eskaera

Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentea, asteartean, Ankaran. STR / EFE.
Iker Aranburu.
2018ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Hiru egun iraun duen suspertze baten ondoren, dibisa merkatuen astindu batekin amaitu du astea lira turkiarrak. Euroarekiko eta dolarrarekiko %4 galdu zuen Turkiako diruak, eta erakutsi zuen haren finantza krisia ez dutela konponduko Ankarako gobernuaren hitz hutsek. Aste beltza izan du lirak, eta oso litekeena da azkena ez izatea, Turkia eta AEBak merkataritza gerra batean sartu baitira, Andrew Brunson apaiz ebanjelistaren auziarengatik.

Hain zuzen ere, Turkiako auzitegi batek atzera bota zuen atzo Brunson aske uzteko eskaera. Asteartean eta asteazkenean berdin egin zuen Izmir hiriko auzitegiak. 2016ko urrian atxilotu zuten apaiza, Erdoganen aurkako estatu kolpearen ondorengo errepresioan. Espioi bat izatea egozten diote, eta PKKrentzat eta Fethullau Gulen predikatzaile islamikoarentzat lan egitea.

Salaketa horiek faltsuak direla diote defentsa abokatuek, eta haiekin bat egin du Donald Trumpen gobernuak ere. «Ez dugu ezer ordainduko gizon errugabe bat askatzearen truke», esan zuen ostegunean AEBetako presidenteak, eta, orain arte aliatuak izan dituen beste herrialde askorekin aurretik egin bezala, «hainbat urtez AEBez baliatu» izana egotzi zion Turkiari.

AEBetako presidenteak badu interesa gatazka horretan irmo jokatzeko: azaroan berrituko dituzte Ordezkarien Ganbera osoa eta Senatuaren heren bat, eta hauteskunde horietan boto emaile ebanjelisten babesa behar dute hautagai errepublikanoek, orain ganbera batean eta bestean duten gehiengoari eutsi nahi badiote. Haietako bat da Brunson, azken hogei urteak Turkian egin baditu ere. AEBetako lau biztanletik bat da eliza ebanjelisten kide, eta haietako %80 inguruk Trumpi eman zioten botoa, pertsona erlijiosoa ez izan arren eta haren bizitza pertsonalaeredugarritzat jotzen ez duten arren.

Brunson nagusiki musulmana den herrialde batean preso egoteak elikatu egiten du ebanjelikoen artean oso zabalduta dagoen ideia bat: erlijio kristaua jazarria dela munduko leku askotan. Trumpek sentimendu hori indartu du, Brunson «kristau handia» dela aldarrikatuta.

Elkarri mokoka

Turkiako lira amiltzearen arrazoi nagusia ez da Brunsonen auzia, baizik herrialde haren hazkunde eredu desorekatua eta atzerriko finantzaketarekiko menpekotasuna. Baina aferak desegonkortasuna areagotu du, historikoki aliatuak izan diren bi herrialde elkarri mokoka aritzeak kalte egin zezakeela uste zelako. Uste hori erabat egiaztatu du AEBen eta Turkiaren artean merkataritza gerra bat pizteak. Ostiralean bota zuen lehen bala; Trumpek, nork bestela. Lira egun penagarria izaten ari zela, AEBetako presidenteak zaurian hazka egin zuen, Turkiako altzairuaren eta aluminioaren inportazioen muga zergak bikoiztuta.

Erdoganek berehala erantzun zuen: %120ko tarifa jarri zion AEBetako alkoholari, %120koa ibilgailuei eta %60koa tabakoari, eta beste produktu batzuen inportazioa ere zergapetu zuen. Gainera, Turkiako presidenteak eskatu zien herritarrei boikota egiteko Appleri eta AEBetako beste enpresa elektronikoei.

Gatazka ez da hor geratuko. Ostegunean, Trumpek Steven Mnuchin Altxorreko idazkariari galdegin zion zigor gehiago presta ditzala. Ankararen erantzuna berehalakoa izan da: zigor gehiago badatoz arma horrekin erantzungo duela ohartarazi zuen atzoRuhsar Peckant Merkataritza ministroak.

NDF, oraingoz ez

Merkataritza gerraren hotsen artean, lira turkiarrak beste %4 galdu zuen atzo euroarekiko eta dolarrarekiko. Euro batek zazpi lira balio du orain; duela urtebete, 4,1 baizik ez.

Lira ahultzeak arriskuan jarri ditu Turkiako enpresak eta bankuak, haietako asko dolarretan zorpetu baitira dibisa hori erraz sartu zen urteetan. Zor horiek asko garestitu zaizkie orain, eta ez dago hain garbi ordaintzeko gai izango ote diren. Lasai egoteko deia zabaldu du Berat Albayrak Turkiako Finantza ministro eta Erdoganen suhiak, zorrak ordainduko direla. Halaber, Albayrakek ziurtatu du ez dela kapital kontrolik ezarriko dolarren ihesa geratzeko, eta ez dutela NDF Nazioarteko Diru Funtsera joko laguntza eske. Horren ordez, Qatarren dirua jaso du Turkiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.