Entzierrorik luzeena

Wall Streetek inoizko goraldi boladarik handiena kateatu du. Trumpen agintaldiko zalaparta eta iskanbila politikoek ez dute ondoriorik izan merkatuan
<em>Charging Bull</em> (<em>Zezena oldartzen</em>) estatua goraldian doazen merkatuen sinbolo da; New Yorkeko Manhattan auzoan dago, Wall Streetetik hurbil.
Charging Bull (Zezena oldartzen) estatua goraldian doazen merkatuen sinbolo da; New Yorkeko Manhattan auzoan dago, Wall Streetetik hurbil. MARY ALTAFFER / EFE

Ivan Santamaria -

2018ko abuztuak 23
Zezenak eta hartzak. Egoera edo talde batzuk animalien bidez definitzeko duten ohiturari jarraituz, estatubatuarrek bi horiekin laburbiltzen dituzte finantza merkatuen animoak. Esaten dute goraldietan merkatua zezena dela, eta, aldiz, inbertitzaileek akzioak saldu eta erretiratzen direnean, hartzen lurraldean sartu dela esan ohi zaio. Oraintxe bertan, ez dago zalantzarik: zezen garaia da Wall Streeten. Inoizko entzierrorik luzeena korritzen ari dira, gainera.

S&P 500 indizeak 3.543 egun kateatu ditu goraldian. Inoizko egun kopururik handiena da. 2009. urteko martxoaren 9an hasi zen hazkunderako bide hori, eta oraindik ez da eten. Horrek ez du esan nahi bitarte horretan burtsek behera egin ez dutenik, baina, definiziorik erabilienari jarraituz, esan nahi du urte horietan guztietan beheraldiak ez duela sekula balioaren %20 ezabatu. Hala izan balitz, merkatuan hartzak sartu diren seinaletzat hartu izango zen. Beheraldi aroa, alegia.

Analistek esan izan dute burtsan izan den goraldirik gorrotatuena dela. Inork ez zuen sinetsi nahi. Finantza krisiak eta atzeraldi handiak utzitako zauriak ikusita, arrisku gehiegi zeuden, baina akzioak, apurka, galdutakoa berreskuratzen hasi ziren, eta marka guztiak hautsi dituzte Erreserba Federalak (Fed) hartutako diru politika hedakorraren eskutik.

AEBetako burtsetan indize ezberdin asko daude, baina S&P 500 hartu ohi da merkatuar en egoera erreala egokien islatzen duen neurgailu gisa. AEBetako 500 konpainia handiren merkatu balioak aintzat hartuta kalkulatzen da. Errekorrak hautsi eta hautsi dabil indizea aurten, eta baikorrenek diote oraindik ez dagoela goia jotzetik hurbil.

Hainbat argudio daude azaltzeko zergatik luzatu den hainbeste igoera aldia. Hasteko, oso behetik ekin zitzaion hazkundeari. 2009ko martxoan, S&P 500 indizeak mila puntu baino gutxiago zituen, krisiaren ondorioz pare bat urte lehenago zeukan balioaren erdia galduta. Oraintxe bertan, 2.860 puntutik gora dago, eta galdera da ea gaindituko duen 3.000 punturen muga.

Teknologia konpainien bultzada handia da beste ezaugarrietako bat. Apple, Amazon, Facebook, Alphabet (Googleren jabea) eta Netflix enpresen kotizazioek sekula izan gabeko loraldia eduki dute azken urteotan. Goraldia hasi zenean, Appleren merkatu balioa 75.000 milioi dolarren bueltan zegoen —Guatemalaren urteko BPGaren pare—, eta gaur egun bilioi bat dolar baino gehiago balio ditu. Indonesiako BPGa adinakoa da, eta munduko hamaseigarren ekonomiarik handiena da hura. Kontsumoari eta informazioen teknologiari lotutako konpainien balioa %500 baino gehiago igo da 2009tik, beste edozein sektore gaindituta.

Ikusi beharko da noiz agortuko zaien gora egiteko erregaia enpresa horiei guztiei. Teknologiaren bultzada horrek badu antzekotasunik aurreko goraldi sasoiarekin. 1990 eta 2000 artean ere burtsek gora egin zuten ia etenik gabe, baina, puntucom konpainiekin sortutako burbuilak eztanda egin zuenean, kolpea sekulakoa izan zen. Edonola ere, badira beste datu batzuk diotenak goraldiak ez duela teknologia erraldoien menpekotasun erabatekoa. Dow Jones garraio indizeak eta konpainia txikiagoak biltzen dituen Russell 2000 indizeak ere goia jo dute azken egunotan. Maiatzaren ondotik burtsek izan ohi dituzten jaitsiera arinen arrastorik ere ez dago aurten.

Diru merkearen gainean

Noiz amaituko da zezen merkatua? Oraingoz, inork ez du festa zapuztu nahi, baina badira arrazoiak zalantzan jartzeko merkatuak enpresen benetako finantza balioa islatzen ari ote diren. Arrazoietako bat da goraldia Fed-ek emandako diru merkearen gainean eraiki dela neurri handi batean. Orain, Erreserba Federala diru politika uzkurtzen eta interes tasak igotzen hasi da. Eskumenen banaketaz axolagabe, Donald Trump presidenteak argi utzi du ez dituela gogoko igoera horiek.

Trumpen politikak ere azal lezake burtsek azken hilabeteotan izan duten martxa. Presidenteak eta alderdi errepublikanoak aurrera atera dituzten zerga murrizketa handiak erabili dituzte konpainia askok akzioen parte bat berrerosteko. Mugimendu horrek merkatuan geratzen diren akzioen prezioa igo du, akziodunen mesederako. Alderdi demokratak zerga jaitsierari egindako kritiketako bat zen hori: murrizketa diru gehien dutenen mesederako tresna bilakatuko zela.

Burtsen egoerak ere beste paradoxa bat islatzen du. AEBetan presidentearen jardunari buruz dagoen banaketa aspaldiko handiena da ziur aski, baina polemika eta iskanbila guztiek ez dute inolako ondoriorik izan merkatuetan. Ez barrura begirakoek —Trumpi buruzko ikerketak, batez ere—, ez nazioartean gerra komertziala haizatzeak sortu duen ezinegonak. Ezerk ez du igoera geldiarazi.

Ekonomia %4 inguru hazten ari da orain, langabezia %3,9 da, eta ez dago atzeraldi arrastorik. Orain, beste animalia bat da inbertitzaileen beldurrik handiena: zisne beltza. Hau da, espero ez den ustekabeko batek —atentatu batek, gerrak edo hondamendi batek, esaterako— hankaz gora jartzea merkatuak eta ekonomia erreala.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Ivan Santamaria

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna